Edukira joan

simon bartlett ð- 30 urtean berton bizi izan den ingelesa

«Pozez eta penaz betetako maleta bigaz noa Ingalaterrara»

Gizartea

Bertoko jendearen izaeraz berba egitean, hunkitu egiten da. Ingelesa eta euskalduna da, eta berton 30 urte egin ostean, Ingalaterrara itzuliko da Gabonetan.

patricia fernandez

«Ingeleseko irakasle bat behar da herri txiki batean, integratzeko eta euskara ikasteko prest». Balentziako Institutu Britaniarrak jasotzen zuen Times egunkarian iragarki hori irakurri zuen Simon Bartlett-ek (Nuneaton, Ingalaterra, 1948). Mediterraneoa gustuko zuen, baina bero larregi berarentzat.

Maleta egin eta Markina-Xemeinera etorri zinen...

Bai, Bekobentara, hain zuzen ere. Herri txikietan bizi izan naiz beti, eta atsegin ditut. Euskaragaz ere harreman txiki bat eduki nuen Iruñean. Jakin barik zer zen ere, ni protestantea naiz eta, Opus Deiren unibertsitatean ingeleseko klaseak ematen bi ikasturte egin nituen. Sanferminetako entzierro batzuk korritzeaz gain, kale giroa ezagutu nuen. Oso jende jatorra eta zabala aurkitu nuen bertan, eta horrek animatu ninduen hona etortzera. 1978. urtean izan zen hori.

Urte horietan guztietan, MCCn egin duzu lan gehien bat, ezta?

Bai, bertora ailegatu nintzenean, mugimendu kooperatibista indartzen hasia zen, eta horren barruan, ingelesa bultzatu nahi zen, zuzendaritik azken langilera arte. Cikautxon, Eikan, Lealde, Ansolan... Lea-Artibaiko kooperatiba guztietan egon naiz klaseak ematen. Ondarroako Zubi Zahar ikastolan ere bi urte egon nintzen. Hori bai gogorra! Gogoratzen dut gurasoekin izandako batzar batean, nere txanda heldu zenean, lau esaldi osatzeko gai izan eta gero, txalo zaparrada bat jaso nuela han batutako jendearengandik, egindako ahalegi- nagatik.

Zer aurkitu zenuen berton horrenbeste urte emateko?

Ingalaterrako herri txikiak hilda daude. Hemen, ordea, ez da hori gertatzen. Ailegatu nintzenean, Markina-Xemeingo punta batetik bestera joateko, hamar minutu behar ziren. Eta bidean: «Epa!, Simon! Ingelesa!». Oso atsegina da hori. Lanaren aldetik, behar atsegina, aldakorra, aberatsa da. Aurpegi ezberdinak, lanpostu ezberdinetako jendea ezagutu ahal izan dut, eta ikasteko aukera ere eman dit. Asko gustatzen zait ikastea. Ikaslea naiz, eta izango naiz, hil arte.

Zure zaletasunak ere jorratu ahal izan dituzu.

Bai, horrelaxe da. Bertora ailegatu eta bigarren astean, nire ikasleek Xemein elizara abesbatzan kantatzera zihoazela aipatu zuten. Betidanik abeslaria eta musikazalea izan naizenez, ea joan nintekeen galdetu nien, eta baietz erantzun zidaten. Orduko Xemein Abesbatzan 80 lagun zeuden, 5.000 biztanleko herri baterako, izugarria! Gaur egun, 40 bat lagunek osatzen dugu, eta oso maila ona lortu izan dugu. Abesbatzaren zuzendari guztiak ezagutu ditut, eta sei edo zazpi urtean Euskal Musikastearen antolakuntzan parte hartu dut.

Mendizale amorratua ere bazara.

Galesen ikasten egon nintzela, mendiak igotzera zaletu nintzen. Hona ailegatu eta hiru astera, mendian nengoen. Artibai Mendigoizale taldean sartu nintzen, eta talde horren proiektu askotan ere parte hartu dut: inguruko bidezidorrak berrizten eta markatzen, esate baterako. Lehendakari ere izan nintzen lau urtez.

Aspertzeko astirik ez, orduan...

Bat ere ez. Horrez gain, Argazki Taldea sortzen ere parte hartu nuen, Javier Arrategaz. Sei edo zazpi lagunen artean sortu genuen 80. urtean. Proiektu politak egin ditugu, inguruko baserriei argazkiak atera, esate baterako. Lau edo bost urte egon ginen behar hori egiten, eta baserritar asko ezagutzeko aukera eman zidan horrek. Proiektu bat amaitu eta beste bat hasi, eta, konturatu barik, denbora pasatu da. Hemen, etxean modura sentitzen naiz, pila bat lagunegaz, lan atseginean, mendi eta inguru zoragarrien artean...

Ingalaterrako zerbaiten falta sentitzen duzu?

Familiaren falta. Dena dela, azken urteotan, hegaldi merkeei esker, gutxiago igarri dut. Kulturaren arloan, egia esan, ez. Aita maisua zen, eta, bere beharra zela eta, leku batetik bestera ibiltzen ginen. Hori dela eta, Ingalaterran sustrai sendorik ez neukan.

Zelan ikasi zenuen euskaraz?

Kalean, batez ere. 1980an, hilabeteko ikastaro bat egin nuen Eibarren, eta, geroztik, hamar urteren ondoren, bertoko AEKn beste bat egin nuen, EGA ateratzeko; baina hori ez zitzaidan askorik interesatzen, mintzamena baino.

«Zergatik arraio etorri naiz hona» inoiz pentsa duzu?

Ez. Hasieran bakarrik sentitzea normala izaten da, baina nik inoiz ez dut horrelako sentimendurik eduki. Malkoak begietara etortzen zaizkit, baina benetan hemengoak hain onak dira, beti lagun artean sentitu naizela. Lanean, gustura; lanetik kanpo, askotan arnasa hartzeko astirik ez.

30 urteetan egindako maleta horretan zer daroazu?

Euskal Herrian ikasi dudana: zintzoa izaten eta konplexu gutxi edukitzen. Berton, besteei zabaltzen ikasi dut; gero eta gehiago zabaltzen bazara, orduan eta lagun gehiago egiten duzulako. Beste aldetik, nire oroitzapenen maletan, Urregaraitik ikusten den paisaia eta bertoko natura emankorra. Edozein sasoitan, mendian beti topatzen da jateko zerbait. Berriatuko iturriko ura edota gaueko mozoloen kanta ere gogoan izango ditut. Eta, zelan ez, jendearen maitasuna eta eskuzabaltasuna.

Laster, Gabonetan, familia arazoak direla eta, Ingalaterrara itzuliko zara. Asko kostatu zaizu maleta egitea?

Bai eta ez. Alde batetik, pozez noa, aitagaz eta familia guztiagaz egoteko gogoa daukadalako, eurekin harremanak estutzeko aukera izango dudalako. Beste aldetik, penaz, hemen utziko ditudan lagunengatik. Maleta bigaz joango naiz: bata, penaz beteta, eta bestea, pozez.

Familiarik uzten duzu berton?

Ez. Horrexegatik, ezkongabea naizenez, nire asmoa zen erretiratu eta gero Ingalaterrara itzultzea. Baina aitaren egoera dela eta, 93 urte ditu eta bakarrik bizi da, aurreratu egin dut itzulera.

Etorriko zara bisitan?

Horren asmoa daukat, behinik behin. Oporretan eta jairen batean, ahal badut. Ematen didaten aukera aprobetxatuz, markinar guztiei eskerrak eman nahi dizkiet nigatik egin duten guztiagatik. Orain arte modura, nire herrian bertoko enbaxadore izaten jarraituko dut; hemen ze jende jatorra eta zintzoa ezagutu dudan azaltzen.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.