Edukira joan

25 urte betetzen ditu aurten Artibai Futbol Taldeak, eta urte horietan gorabehera asko izan diren arren, taldearenganako zaletasuna mantendu egin da; hirukoa antolatu dute urteurrena ospatzeko.

Zuri-beltzak berriro zelaian

eider mugartegi

Hainbat markinar batu ziren Gernikako La Vega futbol zelaian 1983ko irailaren 18an. Zelai erdian, Marmol, Ugarte, Josu Malax, Ibarzabal, Fundazuri, Gonzalez, Olabarri, Mandiola, Aranceta, Zelaia eta Barrenetxea, eta aulkian, Totorikaguena, Pagate, Andoni Malax, Mugartegi eta Fermin Barruetabeña entrenatzailea. Zelairik barik baina ilusio handiekin jokatu zuen bere lehenengo partida Artibai Futbol Taldeak.

Aurretik ere egon zen futbol zaletuei hainbat arratsalde eder eskaintzen zizkien Artibai Futbol Taldea, baina, arrazoi bat edo beste tarteko, desagertu egin zen. Horrela, herritarrak talde barik geratu ziren, baina ez zaletasun barik.

Bazegoen talde bat Pistinaikus inguruan batzen zena. Pistinaikus, gaur egun kiroldegia dagoen inguruetan zegoen zelai txiki bat zen, eta han ibiltzen ziren zale asko eta asko lagunarteko partidak jolasten. Nahiko ondo moldatzen zirela eta, taldea sortzeko ideia hasi zen bueltaka. Horrela, Fermin Barruetabeñari laguntza eskatu eta Lekeitioko hondartzako txapelketak jokatzera animatu ziren batzuk. Hiru denboraldi egin zituzten bertan, eta ikusita taldea eratzea posible zela, aurrera egitea erabaki zuten. Hala ere, bazegoen arazo handi bat: Markina-Xemeinen ez zegoen futbol zelairik.

Arazoa bai, baina ez konpondu ezinekoa. Animoek bultzatuta, Berrizko Futbol Taldeagaz berba egin zuten, eta zelaiagaz gainera, laguntza handia ere jaso zuten berriztarrengandik.

Diru mailan ere laguntza handia lortu zuten. Markina-Xemeingo notario zen Enrique Beltranek 170.000 pezeta eman zituen, eta taldea eratzeko eskriturak ere ez zituen kobratu. Bestalde, Fermin Maguregi eta Antonio Totorikaguena Markinako Leoia-k Gabonetan egindako probetan milioi bat pezeta atera zituzten futbol taldeari aurrera egiten laguntzeko.

Lau urte egin zituen Artibai Futbol Taldeak Berrizen, eta urte horietan, zaletuek ez zuten baten ere taldea animo barik utzi. Entrenatu, ostera, Pistinaikusen egiten zuten. Hala ere, zorte txarra ere izan zuten hasieran. 1983ko abuztuaren 18an hasi ziren entrenatzen, eta abuztuaren 26ko uholdeek entrenatzeko zelai barik utzi zuten taldea. Zer egin? Gaur egun udaletxe atzean dagoen aparkalekua aukeratu zuten entrenatzeko, eta ezer barik, ez aldagela ez ezer, bertan ibili ziren Pistinaikus sikatu zen arte. Hala ere, zelaia ez zen ondo geratu, eta ondorioz, basa artean entrenatu behar izan zuten jokalariek. Gazte haien eta entrenatzailearen meritua uka ezina da. Ez zuten kobratzen zentimorik ere, eta nahiz eta Bilbon egon, entrenatzera agertzen ziren, autobusean, trenean edo ahal zuten moduan.

Karia

Karian jokatutako lehenengo partida aspalditik itxarondako ilusio bat betetzea izan zen zale askorentzat. Horrela, 1987ko irail hartan, bete-bete egin zen Karia zelaia, eta aparkatutako autoek ilarak sortu zituzten errepideko bide bazterretan. Multak ere piloa izan ziren, baina egun berezia izanik, eta Artibai Futbol Taldeak eskatuta, parkatu egin zituzten isunak.

Artibai 0 eta Umore Ona 1 izan zen partidaren azken emaitza; dena dela, zaleek pozik eta hunkituta alde egin zuten Kariatik.

Taldeak

Animoak emateagaz gainera, zaleak hasiera-hasieratik hasi ziren taldea babesten. Rosi Garmendiaren bodegan hainbat bazkidetza egin ziren, baita lagun, senide eta ezagunen artean ere, eta horrela, momentu batean, mila bazkide baino gehiago izan zituen Artibaik.

Taldearen emaitzei dagokienez, urteek aurrera egin ahala, taldea sendotzen eta indartzen joan zen. Lehenengo urteetan hamargarren postutik beherantz geratu baziren ere, bosgarren urtean ederto ibili zen taldea, eta zortzigarrenean bigarren erregionaletik gora igotzeko ere egon zen. Baina, lehenengo urteetako jokalariak erretiratzen joan zirenean, ordezkapena egitea ez zen erraza izan. Atzeko talderik ez, eta kartelak jarri zituzten herrian zein egunkarietan jokalari bila. Horrela, kanpoko futbolariak jokatzen hasi ziren taldean, Berriz eta Ondarroakoak, esate baterako.

Beste alde batetik, lehenengo taldea finkatu zenean, hurrengo mailetan ere taldeak sortzen joan ziren: 1989-90 denboraldian, gazte eta txikien mailak sortu ziren; 1990-91n, txikiak desagertu eta gazte eta kadeteen mailak jarraitu zuten; 1992-93an, nagusien taldeak lurraldeko bigarren mailatik lehenengora igo zuen; 1995-96an, nesken taldea sortu zen; 1998-99an, txikien maila bi osatu ziren, nahiz eta hurrengo denboraldian bat desagertu. 2000-01 denboraldian, lurraldeko maila lehenengo erregionalera jaitsi zen, eta gazte eta txikien mailak desagertu ziren; 2002-03an, gazteen maila sortu zen berriro, eta 2003-04an, txikiena. 2004-05 denboraldian, nagusiek lurraldeko lehenengo mailara igo zuten, eta 2007-08an, lurraldeko bigarren mailako taldea osatu zuten. Azkenik, iazko denboraldian, lurraldeko lehenengo mailak lehentasunezko mailara igo zuen, eta kadeteek ere mailaz igo zuten, nahiz eta aukera hori ez hartu.

Hirukoa

Aurten betetzen diren 25 urte horietan, ibilbide luzea egin du Artibai Futbol Taldeak. Gora-beherak izan ditu, baina hasierako talde hark eragindako zaletasunak hor jarraitzen du. Zale horiek eta beste asko batuko dira zapatuan, 16:30ean, 25.urteurrenaren aitzakian, Barroeta futbol zelaian jokatuko den hirukoa ikusteko: Artibai FT-Athletic-Real Sociedad taldeen arteko hiruko partida.



 


artibai ft 1.983

Taldearen lehenengo Zuzendaritza Batzordea



Lehendakaria. Rikardo Barrutia Bedialauneta.

Lehendakariordea. Jesus Mari Arriola Maguregi.

Diruzaina. Jose Carlos Basterretxea Salazar.

Idazkaria. Angel Ugarte Idoeta.

Bokalak. Jose Angel Ansola Kareaga. Jose Luis Maiztegi Iriondo. Jose Luis Ibarluzea Etxabe. Jose Maria Jaio Muñozguren. Fermin Barruetabeña Bereciartua. Koadro teknikoa



Entrenatzailea. Fermin Barruetabeña.

Prestatzaile fisikoa. Juan Jose Ugarte.

Jokalariak. Jose Miguel Marmol. Inazio Totorikaguena. Markos Guenaga. Josu Malaxetxebarria. Andoni Malaxetxebarria. Jesus Mari Fundazuri. Juan Jose Ugarte. Miguel Mari Ibarzabal. Alberto Mandiola. Josu Olabarria. Ricardo Gonzalez. Carlos Rueda. Iñaki Barrenetxea. Rikardo Iruguenpagate. Jesus Mari Zelaia. Jose A. Gonzalez Toñito. Fernando Mugartegi. Jesus Javier Soler. Juan Luis Aranceta. Juan Andres Arakistain. Ricardo Rueda.





 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.