
agurtza zubikarai lertxundi ð- AEK-ko irakaslea 26 urtez
«Hutsune handia euskararen kalitatean ikusten dut»
Euskara
AEK-ko beteranoetako bat da ondarrutarra: 26 urte euskara irakasten; urteotan eskualdean lankide izan dituenen omenaldia jaso berri du horregatik.
maribi ugarteburu
Azterketak zuzentzen pasa du asteburua. Lehen eta bigarren mailako euskara ikasleen lanak tentuz errepasatzen. «Hori lan orduetatik kanpo egiten dugu. Hemen ez dago ordu estrarik!». Irribarre zabalaz dio, hala ere. 26. ikasturtea du hau AEK-n Agurtza Zubikaraik (Ondarroa, 1962), eta aurrera jarraitzeko «pilak kargatuta» dihardu, oraintsu lankide izandakoek egindako omenalditxoaren ostean: «Indarra eta poza eman didate, bai».
Ezusteko omenaldia jaso duzu.
Bai; ez zidaten ezer ere esan, zer edo zer susmatzen nuen arren. Lehen ere egin izan dugu inoiz horrelako bazkari bat, Lea-Artibain AEK-n ibilitakoena; baina arraroena zen ezeren antolakuntzaz edo deitzeaz ez arduratzeko esan zidatela... Emozioz eta zirraraz hartu nuen lehengo eta oraingo lankideen detailea. Urteetan ikusi bako jendea ere ikusi nuen eta... gustura! Behar handi-handia egin dute, eta benetan eskertzen diet.
Zu bai AEK-ko beteranoa?
Bai, baina ez naiz bakarra. Badaude urte gehiago daroenak ere, beste eskualde batzuetan.
Oraintxe bertan zeintzuk ardura daroazuz klase mailan eta?
Eskualde mailako ardura bi pertsonaren artean daroagu. Zuzendari lana Iker Zengotitabengoarena da, eta nik dokumentazioaren ardura daroat. Gero, goizetan talde bi dauzkat Eika lantegian: bata hasi berri-berriena, eta bestea zer edo zer badakitenena. Eta horrez gain, 4. maila (EGAtik gorako ikastaroa) daukat Ondarroan.
Kontraste handia, orduan, bateko eta besteko ikasleen artean.
Bai, hasiera-hasierakoak eta gorengo mailakoak dauzkat.
Zelan hasi zinen euskarazko klaseak ematen?
1980an ikasle egon nintzen, alfabetatzeko ikastaro batean. Ikastolan ibilitakoa nintzen 6., 7. eta 8. mailan, eta banuen oinarria lehendik. Alfabetatzeko ikastaroko irakasleagaz joaten nintzen orduko Eskola Laboralera, garai hartako euskarazko D titulua ateratzeko ikastarora. Oraindik ez zegoen EGArik. Baina, hor gelditu zen, ze azterketan sartzen ziren geografia, literatura eta abar ez nituen ikasi, eta ez nuen gainditu. Bien bitartean, Elgoibarren nenbilen ikasten, eta hangoa amaitu nuenean, alfabetatzeko irakasle izandako Begoña Burgoa etorri zitzaidan esatera ia klaseak eman nahiko nituen bere ordez. Segituan esan nuen baietz. Gogoratzen dut hasi eta batera Alfabetatze Eguna egin genuela Ondarroan lehenengo bider.
Gogoratzen duzu zure lehenengo ikasle taldea?
Eguerdiko taldea zen, eta hura gogoratzen dut gehien, bai. Oso talde polita zen.
Nortzuk ote ziren?
Sorkunde Egia, Edurne Urkiza, Antigua Garalde, Pili Larrinaga... gehiago ere baziren. Kofradia Zaharrean ematen genituen klaseak.
Eta zugaz batera orduan sasoian zeuden irakasleak?
Orduan Marian Leon zegoen. Hark ere AEK-n jarraitzen du, baina Bilboko Santutxun dago.
Lekuz aldatzen ere joan zen AEK Ondarroan.
Kofradia Zaharrean eta eskola txiki grisean ematen genituen klaseak hasieran. Gero Kofradian bakarrik, eta gero hona goi-goi-goira etorri ginen [Guzur Etxeko bosgarren solairuan dago euskaltegia, igogailu barik]. Hor gabiltza, ia zer egin daitekeen, ze hona edozein ezin da igo klasera eta...
Segi dezagun atzera-begirakoa egiten. Orduan sasoian ze material zeneukaten klaseak prestatzeko?
Gogoratzen dut zegoela Jalgi-Hadi... eta punto. Eta norbere irudimena, norbere materiala, norbere hiztegiak, norbere kasete-grabagailua. Fotokopiarik ere ez zegoen: azterketa eredu bat lortuz gero, eskuz kopiatzen genuen eta bera bueltatu.
Eta komunikazioa zein koordinazioa zelan eroaten zenuten Internet bako garai ez hain urrunetan?
Lea-Artibain bertan, Lekeition eta Ondarroan zegoen AEK, baina ez geneukan komunikaziorik elkarregaz. Bakoitzak berea egiten zuen eta urtean behin edo birritan batzen ginen Bilbon denok. Bilbogaz geneukan komunikazioa telefonoz zen, etxetik. Ama nuen telefonista; berak ematen zizkidan mandato guztiak. Hori urte askoan, eh!
Eskualde mailan funtzionatzen hasi zineten gero?
Koordinazioa bultzatu zen 80ko erdialdetik gerora. Orduan sortu zen Markina-Xemeingo euskaltegia ere. Hiru zentro desberdin ginen, baina koordinatuta. Orain, berriz, zentro bakarra gara, nahiz eta hiru lekutan egon: Lea-Artibaiko AEK gara.
Zelan gogoratzen duzu Ondarroako barnetegiaren garaia?
Oso garai ona izan zen! Orain dela hamazazpi urte hasi zen, (arinago Lekeition egon zen barnetegia), eta hamaika urtez egon zen martxan. Pentsa zenbat jende pasa zen! Hilabeteka funtzionatzen zuen gehienean, batzuk lau hilabete edo gehiagoko egonaldia ere egin arren.
Barnetegiaren garaian, berak hartuko zizkizun ordu gehienak.
Bai; barnetegia bera Ondarroan egon arren eskualdekoa zen, eta orduan, irakasleak geu ginen. Hor geundenok bertara dedikatzen ginen gehien bat, nahiz eta talderen bat eman kanpoan.
Makina bat istorio sortuko zen hango elkarbizitzan.
Bertan sortutako bikoteak ere izan ziren, baita herriko bategaz ezkondu eta umeak izan dituenik ere... Mugimendu handia zekarten herrira barnetegikoek; normalean talde bi egoten ziren, guztira 30 bat ikasle. Inoiz hiru talde ere eduki izan genituen. Barnetegiak ordu asko kendu eta burukomin asko eman arren, betetzen gintuen lana zen hangoa. Ikusi egiten genuen zelan zihoazen ikasleak denbora gutxian aurreratzen; eta gainera, han elkarregaz hainbeste ordu pasata, lagun arteko harremana sortzen zen, ikasle eta irakasleen artekoa baino harantzago. Beste familia handi bat zen.
Eta Ondarroako hizkeragaz zelan moldatzen ziren barnetegikoak?
Bufff! Txarto, batik bat hasieran. Suahili zela esaten zuten. Batek esaten zuen lehen egunean sukaldariak esan zionean zer zegoen jateko, lehenengoko platera ez zuela ulertu, eta bigarrena leatza pla-pla eindde zela... «Zer ote da leatza, eta zer ote da pla-pla eindde?» pentsatu ei zuen.
Holako barnetegi bat berriro ere eskualdean egotea posible izango ote da?
Ez, nahiko gaitza da bestela ere barnetegia negu sasoian beteta edukitzea. Foruan dago AEK-ren etxea, barnetegiagaz, eta bera da nahikoa. Egia esan Ondarroakoa zarratu zenean hutsune handi-handia laga zigun bertan genbiltzanoi, baina joan zen.
Hainbeste urte eta gero AEK benetan homologatuta dago, ala beharginok euskalgintzako bigarren mailako behargin modura diharduzue oraindik?
AEK homologatuta dago Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa mailan; Nafarroan eta Iparraldean ez, baina AEK denok gara. Beraz, daukaguna denon artean banatzen dugu. Horrek eragiten du egoera okerragoan egotea alde ekonomikotik. Azken aldian aurrerapausoak eman dira izaera juridikoaren aldetik, eta orain AEK kooperatiba bat da: Euskaraz Kooperatiba. Eguneroko beharraren aldetik ez du horrek eragin aldaketarik, dena dela.
Klaseak prestatu, klaseak eman, dokumentazioa, azterketak, Korrika prestatu...
...Eta txosnetan txandak egin, eta taloak egin... Ez gara funtzionarizatu, ez.
Lea-Artibairi begira: urteotan zeintzuk aurrerapauso eman dira euskararen normalizazioan? Lea-Artibai Euskarari elkartetik egin den bidea aurrerapauso handia izan da: erakunde eta enpresa askok hartu dituzte konpromisoak euskaraz jarduteko, eta konpromisoak betetzen doaz, gainera. Hori pixkanaka egin beharreko lana da, eta hor dabiltza. Lan munduan, gainera, bost enpresa daude eskualdean euskararen erabilera planak aurrera eroaten.
Eta hutsuneak non daude?
Hutsunea gehien-gehien jendearen kontzientzia ezean ikusten dut nik; euskarari buruz dena eginda balego legez... Eta beste hutsune handia euskararen kalitatean ikusten dut. Herri guztiotako euskara, euskalki guztiak, onak dira, eta hori ez dugu mespretxatu behar telebistan beste bat entzuten dugulako. Geurea erabili, baina zainduta!
Etorkinak euskarara erakartzen asmatzen ote dugu eskualdean?
Gaitza da, oso gaitza. Badaude hainbat saiakera hemen; Aisa ikastaroak daude etorkin berrientzako, baina taldeak kostata eratu eta gero, ez dira klasera etortzen... Oinarrizko premiak bete behar dituzte lehenengo, lan aldetik eta. DBHra datozen gaztetxoak euskalduntzeko, berriz, ikastetxeetako hizkuntza indartzeko klaseez gain, Lekeition eta Markina-Xemeinen udalekin hitzartzea lortu da programa osagarri bat.
Euskal Herrian, orohar, euskararen normalizaziorantz lema norabide egokian ipinita ikusten duzu?
Bai eta ez. Zalantzak dauzkat. Ikusten dut administrazio eta erakunde handien aldetik gauza asko egitearren egiten direla; «nik egin dut, baina ez da erantzunik egon» esateko. Ez da benetan borrokatzen nire ustez.
«Piru pea dau» (joan egin da), «sin mas eon zan», «hauxe da flipadia», «a sako lagun joan ziran», «a ke zuri gustatzen jatzu»... Gazte hizkeraren markak ote dira, ala beste zer edo zeren seinale?
Nik uste dut beste zer edo zeren seinale direla. Justu aipatu dituzunak gazte hizkeragaz daude lotuta, baina nagusien artean ere erderakada asko botatzen dira.
Gero eta jende gehiagok euskaraz daki, baina ez da erabiltzen gero eta gehiago. Zergatik?
Ezagutzaren igoera ikastetxeetatik dator, baina euskara hizkuntza huts modura geratzen zaie, ingelesa legez. Eskualde hau euskalduna da eta zortekoak gara, baina hemendik kanpo... Ezkor nago.
DI-da batean
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.