
Euri jasak kalteak eragin ditu herrian
Gertaera
Arazo handienak Zubiaga plazan egon dira; parkearen azpian jauzita zeuden harriak eta lurra hoditeritik atera eta bertan pilatu dira.
garbiñe garagarza
Ilun esnatu zen eguna herrian. Euri jasaren ondorioz, hainbat lekutan kalte materialak egon ziren. Arazo handienak Zubiaga plazaren inguruko lokaletan izan ziren.
Zubiaga plazan euriteek kalteak eragiten dituzten lehen aldia ez da izan. Atzokoan, ordea, inguruko lokal guztiak urez betetzeaz gain, hoditeritik ateratako lurra eta harriak pilatu ziren. Material guztia ateratzeko hondeagailu baten beharra eduki zuten. Lehen ekarri zutenak, ordea, handiegia izateaz gain, gurpiletan arazoa izan zuen, eta Astigarraga anaiak enpresako hondeagailua eraman zuten garbiketa lanetan laguntzeko.
Hondeagailuak heldu aurretik, berriz, herritarrek estolda-zuloak ireki zituzten, eta pilatutako materialaren artetik urak bidea errazago egin zezan, palak eta aitzurrak hartu eta lanean jardun zuten. «Estimatzekoa eta eskertzekoa da benetan herritarrek egin duten lana», adierazi zuen gertaeraren lekura bertaratu zenean Josebe Astigarraga alkateak. Kalteak zuzenean ikusi eta kaltetuekin hitz egin zuen.
Parkea arazoaren iturri
Plazan pilatutako lur eta harriak parke azpian eroritako hoditerian trabatutakoa zirela azaldu zuen.
Parke azpian pilaturik zegoen materiala goitik zetorren urak bultzatuta, hoditerian zehar abiatu zen. Hodi guztiak betetzen joan ziren, eta uraren indarrarekin tamaina handiko harriak atera ziren estolda-zuloetatik parketik Zubiaga plazara bitarteko tartean. Ibilbide horretan hainbat lokal gelditu ziren kaltetuta.
Kalteei aurre eginez
Plaza gainean pilatutakoa kendu ondoren, udal brigadako langileak hoditeria trabatzen zuen material guztia ateratzen aritu ziren. Hasiera batean, zikinkeria xurgatzen zuen kamioi baten laguntza eduki zuten, baina harri handiak tartean zirenez, eskuz, baldeen laguntzarekin aritu ziren lanean.
Hoditeria garbituta, urari pasabidea ireki nahi izan zioten, berriro euria eginez gero, estolderian gora ez egiteko. Aurrera begira, lehentasuna parke inguruko hoditeria konpontzea izango da. «Astelehenean bertan hastekoak ginen, eta halaxe egingo dugu», esan zuen udalburuak. Kalteak izan dituzten herritarrek aseguru etxeetara jo, eta haiek egindako kalte agiria Ur Partzuergoak Deban duen bulegoan aurkeztu beharko dute. Eurak arduratuko dira kalteak gestionatzeaz.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.