
Oroimenean gordetzeko historiaren alde ilun eta egiazkoa antzeztuko dute
Kultura
Herriko hamar emakumek taularatuko dute Arantza Ugartek Saturrarango kartzelari buruz idatzitako lana.
garbiñe garagarza
Saturraran, 1938-1944. Izenburu horixe jarri dio Arantza Ugartek idatzi duen azken lanari, eta bere zuzendaritzapean herriko hamar emakumek taula gainera eramango dute obra domekan, 19:00etan, Zabiel kultur Etxeko ganbaran.
Ugartek aukeratutako izenburua antzezlanaren edukiari buruzko argibidea besterik ez da. «Historia ofizialak isildutako» oroimena berreskuratzea eta, bide batez, Saturraranen preso egon zirenei omenaldi bat egitea da.
Izan ere, domekan ikusiko den lanak ez du fikzioarekin inolako harremanik. «1938-1944 urteen artean 1.000 preso inguru zeuden Saturraranen; momentu zehatz batean 1.600 izatera heldu ziren. Batzuk tokiz aldatzen zituzten, baina beste batzuk etortzen ziren, beti antzerako kopurua mantenduz. Eta kontuan hartu behar da, erroldatu gabeko umeak ere bazirela. Suposatzen da 60-100 bitartean zirela». Emakume eta ume haien sufrimenduaren kontakizuna azaleratu nahi izan du Ugartek, «bizi izan zutenekin batera galdu ez dadin». Esan duenez, «gainean zutenarekin heltzen ziren kartzelara, eta han ez zegoen ez mahairik, ez aulkirik, ez mantarik, ez oherik. Halaxe egon behar izaten zuten egun asko, etxekoek zerbait bidaltzeko aukera zuten arte».
Testigantzak oinarri
Izenburuan aitatzen den urteen artean Saturrarango kartzelan gertatutako egoeren kontakizun leiala izango da biharko antzerkia. «Kontatzen den guztia errealitatetik jasotakoa da: presoen testigantzetatik eta presoek idatzitako liburuetatik jasotakoa. Ikusiko dena gertatu egin zen».
Horrela, besteak beste, jateko orduetan zer gertatzen zen, kartzelan diziplina nola bizi zuten eta mojen eta presoen arteko harremana nolakoa zen antzeztuko dute. Izan ere, Saturrarengo kartzelako zaindariak, mojak ziren: Mesedetako ordeneko mojak.
Mojak kartzeletako zaindariak izanik, erlijiosoen eta erlijioaren gainean garai hartan zeukaten ikuspegia aurkezteko aukera izan du Ugartek. «Batetik, batez ere Euskal Herrian, erlijiosoei buruz dugun irudia eta errealitatean zer ziren alderatzen da. Ez du nahi esan guztiak txarrak zirenik, baina nahikoak ziren batzuk. Eta azkenean haien aginduei men egiten zietenak haiek bezain errudunak ez al ziren?». Horrekin batera, erlijioaren gaiak presoen artean sortzen zituen tentsioak ere azaleratuko dituzte
Iaz ez, aurten baino
Antzerkia aurten egiteak, arrazoi berezia gordetzen du: antzerkiaren urte tartea hasten den garaitik 70 urte betetzen dira.
Saturrarango kartzelatik horma baten zati bat bakarrik gelditzen da, eta horrek oroimena galbidean jartzen duela uste du Ugartek. «Iaz, plaka jarri zuten; baina plakak hotzak eta hutsak dira. Aurten, 70. urtemuga izanik ere, ez dago plakarik, ez politikorik, ez dago hauteskunderik, ez dago oroimenik. Haiek joan ziren. Herritarroi dagokigu, beraz, oroimena gordetzea. Antzerkiaren bidez, kontakizuna biziago izanik, errazago geldituko da jendearen oroimenean».
arantza ugarte
Zuzendaria
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.