
Markina-Xemeingo Abarka antzerki taldekoak entseguetan murgilduta dabiltza. Orain arte, kaleetara atera dute euren antzezpena, baina oraingoan, taula gainera igoko dute 'Topa berakatz zopa' antzerkiagaz. Ikastaro batek batu zituen, eta antzerkiaren hatzamarretan harrapatuta geratu dira.
Antzerkiaren magiak harrapatuta
eider mugartegi
Probatu egingo dut», pentsatu zuten gehienek, Uhagon Kulturguneak 2006ko otsailean antolatutako antzerki tailerrean izena eman zutenean. Baina, gero, antzerkiaren magiak harrapatu zituen, eta apurka-apurka taldea sortzearen gogoa eta motibazioa pizten joan ziren.Tailerrean ikasitakoa praktikan jartzeko gogoagaz eta antzerkiaz gehiago ikasteko ilusioagaz egin zuten aurrera. Horretarako, ezinbestekoa izan zuten Ander Lipusen laguntza eta babesa. Horrelantxerik, Abarka sortu zen.
Hamabi lagunek osatzen dute antzerki taldea. Ander Lipus zuzendariagaz batera Luis Egurrola, Irma Etxeberria, Nagore Leon, Luis Fernandez, Eñaut Gandiaga, Gilen Santiso, Idoia Aldekoa, Andere Astigarraga, Ainhoa Egaña, Amalia Martin eta Ane Etxeberria dira Abarka. Bost helburu dituzte: antzerkiagaz ikasi eta gozatzea, herrian antzerkigintzaren kultura zabaltzea, herritarrek antzerkiaren alorra ezagutzeko tailer ezberdinak antolatzea, ikuskizunen bidez herria kulturalki aberastea, eta beste elkarte batzuekin elkarlanean ekintza bateratuak antolatzea. Horrela, astean bi edo hiru bider batzen dira antzerkiaz gehiago ikasteko eta ikasitakoa lantzeko.
Antzerkiaren zirrikitu guztiak aurkitu nahian, zenbait ikastaro ere egin dituzte. 2007ko urtarrilean Teatro Kapota Mas Ñao Breka talde brasildarreko kide Ieltxu Martinez Ortuetagaz, eta 2008ko apirilean Igor de Quadra aktoreareagaz antzezpenaren nondik norakoak ezagutu zituzten. Taldeko zenbait partaidek beste antzerki talde batzuek antolatutako ikastaroetan ere parte hartu dute, baita UEUko ikastaroetan ere.
Kalea antzoki bihurtuz
Aktore askok dioten modura, batzuek lotsatiak direla diote, baina antzezterakoan itxuraldatu egiten dira, eta barruan dutena ateratzen dute. Momentuz, kale antzerkiak izan dira Abarkaren ikuskizun nagusiak. Kalea antzoki bihurtu dute herritarrengana heltzeko asmoz.
2006 eta 2007ko Karmen jaietan herriko kale eta bazterrak nahasten ibili zen taldea, eta 2007ko abenduan, Uhagonek eskatuta, Gabon Zahar Eguna aukeratu zuten, berriro, kaleak animatzeko. Horretaz aparte, elkarlanean hainbat lan ere egin dituzte. Lehenengoan, 2007ko ekainean, Hiruharri ikusentzunezkoaren zazpigarren atalean; hurrengoan, Ander Lipusen Hala mintzatu zen zappatrusta ikuskizunean tartea izan zuten, 2007ko azaroan. Eta orain, ekainean estreinatuko duten obra handia prestatzen dabiltza. Orain dela urte batzuk Ander Lipusek zuzendutako lan batean oinarritzen da beharra; Topa, Berakatz zopa lanean, hain zuzen. Laster taularatuko dute.
Besaulkian jarri, argiak itzali eta oihala igotzen denean beste mundu batean sartuko dute publikoa Abarkakoek. Helburua oholtzatik begirik kendu gabe une gozo eta atsegina eskaintzea da.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
Finala
LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU, BECen - 2008-11-12
DEIALDIAK
Artibai FT-Athletic-Real Sociedad hirukoa
MARKINA-XEMEIN, Barroeta Futbol Zelaian - 2008-11-20
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.