
Irtenbide eskean,
10.000 arrantzale elkartu dira Madrilgo kaleetan
Ekonomia
Autobus bitan joan dira Ondarroatik eta Lekeitiotik; Ministerioaren aldetik proposamenen bat egon daitekeela uste dute.
larraitz ibaibarriaga
Alturako itsasontziak amarratuta. Horixe irudia ikus zitekeen atzo eguerdian Ondarroako portuan. Ordurako, Madrilen (Espainia) bilduta zeuden euskal arrantzaleak, alturakoak eta baxurakoak, gasolioaren prezioaren garestitzearen aurrean protesta egiteko.
Antolatzaileek ¬Espainiako Arrantza Konfederazioak (Ce-pesca) eta Arrantza Sektorearen Defentsarako Plataformak¬ jakin eragin dutenez, Espainiako estatuko hamar mila arrantzalek bat egin zuten protesta ekimenagaz.
Espainiako Ingurumen, Nekazaritza eta Arrantza Ministerioaren aurrean elkartuta, gasolioaren garestitzearen eta arrainaren lehen saltokietan ematen diren kotizazio baxuen aurrean neurriak hartzeko eskatu zioten Espainiako Gobernuari. Izan ere, gaur egun saltokiotan arrainak daukan prezioa duela hogei urteko prezioagaz aldera daiteke.
Milaka arrain kilo, debalde
Espinosa gezurtia zara, Arrantza salbatu dezagun eta Erabakiak lehenbailehen irakur zitekeen pankartetan, eta Espainiako Gobernuaren kontrako oihuak entzun ere egin ziren. Protestan, arrantzaleek milaka kilo arrain fresko banatu zizkieten pasantekoei.
Atzokoa arrantzaleek egin duten lehenengo mobilizazioa izan zen, Espainiako estatukoek ez eze, nazioarteko ordezkariek ere hartu zituzten Madrilgo kaleak: Italiako, Frantziako estatuko eta Portugaleko arrantzaleak, adibidez.
Espainiako hiriburuan ez zen falta izan Ondarroako eta Lekeitioko ordezkaritzarik. Autobus bi atera ziren 04:00etan Madrilera, Bermeoko ordezkariak ere jasota. Mutrikuko arrantzaleak joatekoak baziren ere, azkenean, autobusean lekurik ez, eta joan gabe geratu ziren. Eta bidaiatzeko aukerarik barik, itsasora ez ateratzeko erabakia hartu zuten, «babesa eman asmoz».
«Poza» erantzunagatik
16:30erako Burgosen zegoen bueltan bertoko ordezkaritza. Victor Badiola OPPAOko kudeatzaileak «poztasuna» erakusten zuen manifestazioak izandako erantzun zabalagatik. «Argi geratu da arazoa guztiona dela», zioen.
Aste hasieran iragarri legez, itsasontziak portuetan geratuko dira lotuta denbora mugagabean, eta horrek saltokiak arrain zuririk barik laga ditzake ekainaren 16tik aurrera. Ondarroaren kasuan, lehorretik aparteen dauden itsasontziak eguaztenean ailegatuko dira portura.
Badiolak iragarri duenez, egun horretarako, hau da, eguaztenerako Espainiako Ministerioaren erantzunik ez balego, Cepesca asanbladan bilduko litzateke hurrengo egunean: ekainak 5. Hala eta ere, Ministerioaren aldetik gerturatzeko seinaleak egon badaudela zioen. «Arrantzak irtenbidea eduki behar du. Ez du balio Espainiako Gobernuak erantzulea Europako Batasuna dela esatea».
armadoreei leporatu dio lab-ek geldialdia
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.