Edukira joan

'Karmel' berezi bi atera dituzte zuzendariaren 25. urteurrenean

Kultura

Julen Urkizak 'Karmel'-en zuzendari 25 urte bete dituela eta, aldizkari berezi bi atera dituzte hainbat idazleren laguntzagaz.

eider mugartegi

Julen Urkiza Karmel aldizkariaren zuzendariak kargu horretan 25 urte betetzen dituela eta, aldizkariaren zenbaki berezi bi atera dituzte. Joan den zapatuan, Karmel-en kolaboratzen duten hainbat idazle batu ziren Markina-Xemeingo Karmeldarren komentuan, zuzendaria zoriondu eta liburuen aurkezpenean parte hartzeko.

Karmel-en 262. zenbakia formaz edo atalez ¬kultura, gizartea, eliza, iritziak, literatura: kontu-kontari, olerkiak, bertsoak¬ beste aldizkarien berdina bada ere, idazleen partaidetza handiagoa izan da. Horrela, 35 idazlek parte hartu zute zenbaki berezian, eta euretako 28 batu ziren zapatuan, edizio bereziak ezagutzeko.

Gazte-gaztetatik Karmel-eko idazle den Ana Urkizak eman zion sarrera zapatuko ekitaldiari. «Gaurko eguna urteroko data txiki-handi bat da, eta gaurkoa, berezia. Julen Urkizak ilusio berezia zuen, gaur, Karmel-eko idazle gehienak bildu, eta esker ona emateko. Gure aldetik, esker ona berari ematea da gaur hona bereziki ekarri gaituena», aitortu zuen Ana Urkizak Patxi Uribarreni berba eman aurretik.

Uribarren, Luis Baraiazarragaz batera, Karmel-eko idazle beteranoena da, eta 262. zenbakian bertan jasotzen den Luis Arostegi Aita Jeneralak Julen Urkizari idatzitako eskutitza irakurri zuen, ekitaldiari hasiera emanez.

Urkiza lemazaina

Gutunean, 25 urtean Urkizak egindako beharra miresten du Arostegik. «Euskal gizartean, mundu zabalean bezala, gauza asko dira bitarte horretan jazo direnak, gogora ezin beste aldakuntza. Kanpoko gertakariak asko eta handiak izan dira, baina gogo eta kultura eraldaketa, sakonagoa izan da beharbada. Haize bolada horren erdian, Karmel-ek hor iraun dau, euskal kulturari eta kristau mezuari eutsiz. Aldi gaitza izan da, eta da, baina hor egon behar zan, hain zuzen be gaitza zalako. Eta bidaldi horretan ardatza zu izan zara. Ondarrutarra zarenez, egoki esan daikegu lemazaina izan zarala».

262. zenbakiagaz, Urkizak 25 urte horietan kudeatutako beharra ospatu nahi dela azaldu zuen Karmel-go idazle Patxi Juaristik. «25 urte ez dira alferrik pasatu, behar handia egin da, eta momentu ona zen hori esateko». Gainera, 25 urte horietan aldizkarian idatzi duten idazleen parte-hartzea garrantzitsua dela azpimarratu zuen. «Zenbakiaren editorialean esaten da: 'aldizkaria idazleek eta irakurleek egiten dute: haiei zor diegu Karmelen bizia'. Beraz, merezi zuen horrelako gauza bat egiteak».

Julen Urkiza berak azaldu zuen Karmelen 263. zenbakia. Bertan, aldizkariaren beraren historia luzeko bibliografia batu du zuzendariak berak, 1931tik 2007ra artekoa. Modu bitan agertzen da: idazlez idazle eta gaien arabera. Idazleak alfabetoaren arabera zerrendatu ditu, eta gaiak alfabetoaren arabera ordenatu ditu, eta gero, gaiaz aldizkarian dauden lanen zerrendagaz osatu.

Azken 25 urteetan, Julen Urkizaren gidaritzapean, Karmel-en 100 zenbaki atera dituzte. Hau da, 14.000 orrialde, zenbaki bakoitza 140 orrialdekoa batez beste, eta 2.000 bat artikulu eta olerki.

Teknologia berrietara egokituz

25. urteurrenak jauzi berri bat ere ekarri du Karmel-en bizitzara: aldizkariaren webgunea jaio da. Iaz ateratzekotan ziren, baina zenbait arazo medio, urteurrenagaz bat egin du aldizkaria mundura zabaltzeko aukera berriak.

Joan den astean zintzilikatu zuten aldizkaria Interneten¬ www.karmelaldizkaria.com¬ eta guztiz osatzeko dagoen arren, bere atal nagusiak martxan daude: ohiko edukiak ¬zer garen, kontaktua, harpidetza eta loturak¬ eta beste lau atal berezi ¬aldizkaria, hemeroteka, katalogoa eta idazleak¬.

Plazaratu eta hilabete bira, aldizkariaren azken alea zintzilikatuko dute, eta artikuluak PDF formatuan ikusteko aukera eskainiko dute. Hemerotekaren atalean, Karmel-en ale guztiak zintzilikatu nahi dituzte, eta urte amaierarako martxan egongo dela aurreratu dute. Bestalde, katalogoaren barruan, Olerti aldizkaria eta Karmel-en inguruan agertu diren liburuak batuko dira, Karmel sorta eta Vasconia Sacra, beste batzuen artean. Azken atala idazleena izango da. Karmel-en idazten duten guztien izenak agertuko dira bere argazki eta biografiagaz.

 

galdera



1. Zein da 'Karmel' moduko aldizkari batek daukan garrantzia?

«Karmelen meritua, batez ere, bere iraupena da»

Luis Baraiazarra

karmelgo idazlea eta idazle kontseiluko kidea



1. Karmel-en meritua, batez ere, bere iraupena da. Garai latzak bizi izan ditu Karmel-ek: debekuak, adibidez. Eta momentu gaitzetan ere aurrera egin du. Bestalde, idazle talde polit eta interesgarria lortu dugu, izen handiko jendea, lan ederra egiten dutenak. Gainera, gazteak euskaraz idazten trebatzeko bide bat izan da. Lehen pausoak emateko aukera eman die.

«Bizkaieraz eta batuaz idatzi da, oreka egoteko»

Patxi Uribarren

karmelgo idazlea eta idazle kontseiluko kidea



1. Karmel, beharbada, Euskal Herrian dagoen aldizkari zaharrenetakoa da, iraun egin du denboran. Lau arlo lotu nahi izan dira: olerkia, gizartea, erlijioa eta euskara-kultura. Eta bide horretatik jarraitzen dugu. Beste arlo bat oreka bat zaintzea izan da, beti bizkaieraz eta batuan idatzi da, bien arteko oreka egoteko.

«Hainbat belaunaldi biltzen dituen aldizkaria da»

Ana Urkiza

karmelgo idazlea eta idazle kontseiluko kidea



1. Karmel-ek historia handia dauka atzean. Euskaldun aldizkari bat mantentzea, bizirautea, garrantzitsua da, eta aldi berean, idazle berrien plaza izan da. Hainbat belaunaldi biltzen dituen aldizkarietako bat da. Euskararen alde egiten duten beharra kontuan hartzeko modukoa da.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.