
Izena emateko epea zabaldu dute giza prestakuntzako zentro berrituan
Gizartea
Aldaketekin ekingo diote datorren ikasturteari; eraikin berriaz gain, ikasleek aukera zabalagoak edukiko dituzte.
leire akarregi
Eraiki 33 Lea-Artibaiko Giza Prestakuntza Zentro berriaren eskaintzen aurkezpenagaz matrikulazio kanpaina martxan ipini dute. Aldaketa nabarmenekin aurkeztu dute egitasmoa. Arretxinagako lokaletik Kareaga industriguneko pabilioietara aldatzeaz batera, orain arte ez modura, ikasleek, besteak beste, ziurtagiri arautua lortzeko aukera edukiko dute datorren ikasturtetik aurrera.
Lanbide Hasierako zuzendari Miriam Basterretxeak eta Lea-Artibai Amankomunazgoko lehendakari Jesus Mari Sarasuak eta Gizarte Zerbitzuetako teknikari Eli Burgoak argitu zituzten atzo, egitasmo berriaren nondik norakoak.
Titulazio arautua
Zentro berriak urteetako beharrizanari erantzuna emango diola azpimarratu zuen Basterretxeak. Azpiegitura berrituei ez eze, ikasleek jasoko duten ziurtagiriari eman zien garrantzia: «Eskualdean hogei urte daroe lanbide hasierako programek. Orain arte ez arautua izan bada ere, datorren ikasturtetik aurrera lanbide ziurtagiri arautua jasoko dute ikasleek. Beraz, 16tik 20 urtera arteko gazteek titulazio bategaz irtengo dute hemendik». Horrenbestez, egitasmoa aurrera eroaten emandako laguntzagatik Amankomunazgoak egindako apustua eskertu zuen Lanbide Hasierako zuzendariak, «zentrorako ez eze, gazteentzako ere laguntza handia izango delako; ikasleek merezitakoa».
Aukera gehiago
Lanbide Hasierako zentroaz gain, Eraiki 33 Giza Prestakuntza Zentroak «arrazoi mota askogatik baztertuta geratzen diren pertsonei begirako zentroa izan nahi du».
Eli Burgoak azaldu zuenez, «kostatako proiektua izan bada ere, azkenean ailegatu da». Gazteei zuzenduta dagoen Lanbide Hasieragaz batera, «gizarteratzeko» hainbat tailerrek osatuko dute eraikin berriko eskaintza. Aldi batean gizartetik kanpo geratzen diren pertsonen kopurua gorantz doala azpimarratu zuen Burgoak. «Gizarte zerbitzuetatik laguntzak bultzatu behar ditugu, eta bide horretan zentro berria beste aurrerapauso bat izango da».
Sarasuak aurreratu zuenez, abendu bueltarako amaituko dute zentro berria. Aukera bietan izena emateko epea zabalik dago: Arretxinagako Lanbide Hasieran edo Amankomunazgoan eman behar da izena.
eskaintzak
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.