Edukira joan

TAULAGAINERA begira

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Aitor Arrizubietak, Xabat Galletebeitiak, Joseba Artzak, Gorka Ostolazak eta Lander Ibarluzeak Amorotoko taula gainera igoko dute bihar; Garikoitz Salcedoren lekuan, Xabier Iturraspe mendexarrak lagunduko die bost bertsolariei txapelaren bidean.

 

Joseba artza 'urta'



Hitzako entremesa

txapelketarako

azken tentsio tanta

Barruetarako

aurrekoan txapela

jantzi nuelako

abixu bakarra dut

beste hauentzako

ni galtzeko beldurrez

ez naiz aterako.

Jaiotze data. 1978.

Jaioterria. Etxebarria.

Lanbidea. Langilea.

Txapelak. 2 (Bizkaiko eskolarteko txapelketa 1996 eta Lea-Artibaikoa 2006).



 

xabat galletebeitia





Sei bertsolari, frontoi handi bat

ta txapel baten itzala;

bertso-saioa espero danon

gustoko izango dala.

Topikoari jarraituz beti

esan ohi duten bezala:

dena dago prest, suerte on denei,

hasi dadila finala

eta frontoiak bakoitza bere

lekuan jarri dezala.



Jaiotze data. 1986.

Jaioterria. Lekeitio.

Lanbidea. Ikaslea.

Txapelak. 0.



 

gorka ostolaza 'potxis'



Ohartu barik etorri jaku

final handia gainera,

eta eskema betiko bera

dugu gutxi gorabehera:

bertsozaleak porrak egiten...

bertsolariok topera!

Inork ez galdu Amorotora

inguratzeko aukera,

Joseba Artzak txapela zelan

galtzen daben ikustera!



Jaiotze data. 1980.

Jaioterria. Markina-Xemein.

Lanbidea. Irakaslea.

Txapelak. 3 (Lea-Artibaikoak 2002 eta 2004. Plazatik Gaztetxera 2006).



 

lander ibarluzea 'atxulua'



Irabaztea nahi dut

egin gabe poto

ea lortzen ditudan

aldeko hainbat boto

soilik sei txori gara

seirok mokoz moko

ta kaiolak izena

dauka Amoroto







Jaiotze data. 1983.

Jaioterria. Etxebarria.

Lanbidea. Langilea.

Txapelak. Bizkaiko eskolarteko azpitxapelduna 2000an.



 

aitor arrizubieta 'toko'





Urte ta erdiz bertso ikasten

ta apuntau txapelketara

umiltasunez ta ikastera

noa Amotoko tablaura

aprobatxo bat egin nahi naban

ta delitua ete da?

ni lako eskasak aurkeztearren

aurten batu egingo gara!









Jaiotze data. 1979.

Jaioterria. Lekeitio.

Lanbidea. Langilea.

Txapelak. 0.



 

«Potoa mitifikatuta daukagu, hori baino akats okerragoak egin ditzake bertsolari batek»

Mirari azula ð- Lea-Artibaiko kanporaketako epailea

a. alkorta



Mirari Azulak (Lekeitio, 1973) gai jartzaile jardun izan badu ere, Bizkaiko Bertso Txapelketako Lea-Artibaiko kanporaketan epaimahaian egotea tokatu zaio. Belarriak adi-adi jarri eta oholtza gainera igoko diren bertsolarien bertsoak gogotik puntuatuko ditu bihar. Epaimahaiaren zorroztasuna hautsiz, epaile baten nondik norakoak azaldu nahi izan ditu txapelketa hasi baino bi egun lehenago.

Aurretik ere ibili izan zara epaile, ezta?

Lea-Artibai mailako txapelketetan ez naiz inoiz epaile lanetan ibili, baina Bizkaiko Txapelketan egon izan naiz.

Noiz hasten da epaile baten lana: bertsolaria oholtza gainera igotzen denean ala bertsotan hasten denean?

Bertsotan hasten den momentuan esango nuke nik. Hori bai, bertso horretan ez da bakarrik esaten duena baloratzen, bertsoak dirauen bitartean bertsolariaren jarrera, tonua eta beste xehetasun batzuk gehiago baloratzen dira.

Bertsolari on batek zeintzuk ezaugarri izan beharko lituzke?

Hori oso gaitza da esatea. Nik uste txapelketa baten ez dagoela bertsolari on bat, bertso on bat baino. Bertsolari ona izateko pertsona horrek saio guztietan bertso onak bota beharko lituzke. Hori, baina, ez da erraza izaten: bertsoa faktore askok baldintzatzen dute, eta horregatik, ia ezinezkoa da beti bertso onak botatzea.

Bertsotan poto eginez gero, zero borobila bertsolariarentzat?

Poto egiteko modu asko daude, ez da bakarrik oin bera errepikatzea. Hori baino akats okerragoak egin ditzake bertsolari batek saio batek irauten duen bitartean. Orokorrean, potoa mitifikatuta daukagula esango nuke.

Epaimahaian egon zarenetan, inoiz inor hurbildu izan zaizu zure botoa erosteko asmoz?

Oraindik ere horrelako zer edo zer gertatzeko zain gaude, baina ez dugu proposamenik izan. Horrelako zerbait gertatuko balitz, barreak egingo genituen; bertso saioko giroa altxatzea lortuko zuten.



 

«Bertsotarako gaiak ez dute zertan originalak izan behar; garrantzitsua jokoa ematea da»

Leire Bilbao ð- Lea-Artibaiko kanporaketako aurkezlea

asier alkorta



Idazlea, bertsozalea eta oraingoan, aurkezlea. Gaztea da, baina ibilbide luzea dauka Leire Bilbaok (Ondarroa, 1978). Oraingoan, Bizkaiko Bertso Txapelketako Lea-Artibaiko kanporaketan aurkezle jardungo du; bertsolariei bertsotarako gaiak zeintzuk diren esateko ardura izango du. Bertso munduaz eta, orokorrean, aurkezle zein gai jartzaile izatearen gainean zenbait galdera erantzuteko prest agertu da.

Aurkezle izanda, txapelketa hasi aurretik bertsolariak baino lasaiago egongo zara, ezta?

Noski baietz. Gainera, aurkezleak edo gai jartzaileak beti egon behar dute lasai. Txapelketan parte hartzen dutenei lasaitasuna helarazi behar diote paper hori betetzen dutenak. Gainera, nik ez daukat arrazoirik urduri jartzeko, azken finean, paperetik gaiak irakurri eta bertsolariei helaraztea da, aparteko beharrik ez, alegia.

Gaitza izaten al da gai originalak topatzea?

Lea-Artibaiko kanporaketan bertoko jendeak gaiak topatzea eta proposatzea nahi izan dugu, eta ideia horri jarraituta, talde bat eratu da; beraiek arduratu dira gaiak topatzen. Gaiek, ostera, ez dute zertan originalak izan behar. Garrantzitsua bertsolaria ondo kokatzea da. Jokoa eman dezakeen gai bat ipintzea da kontua. Batzuetan gertatu izan da gai originalak jartzea, baina gero, praktikan ez funtzionatzea.

Inoiz gertatu zaizu bertsolari bat zuri geratzea?

Andoni Egañak esaten zuen modura, bertsolaria beti da sonanbulito samarra. Nahiz eta gai bat gogoko ez izan edota ezertaz ez gogoratu, bertsolariak handik edo hemendik beti izango du aterabide bat. Ezin duena egin da oholtzatik jaitsi. Hortaz, aurrera jo eta zer edo zer botako du.

Zu zeu ere bertsolari ibili izan zara. Zelan ikusten duzu txapelketa zuretzat ohikoa ez den ikuspuntu batetik?

Lehen bertsotan ibiltzen nintzen, bai; orain, ostera, bertsozalea naizela esango nuke. Nik Amorotoko saioan jokatuko den Lea-Artibaiko kanporaketa gogoz beteta ikusten dut. Urduritasunak egongo dira, duda barik, baina denaren gainetik bertsotarako gogo handia egongo dela esango nuke. Gauza politak ikusi eta entzuteko aukera egongo dela uste dut.

Zuri zein eratako gaiak gustatzen zaizkizu bertsotarako?

Nik uste, harrituko nauen edozein gai gustukoa izango dudala bertsotarako; kontua harritzea da, gero, hortik bertsoak ateratzeko. Umorezko gaiak, sozialak, egoera baten kokatzen zaituztenak... denak izan daitezke onak. Bat aukeratzekotan, umorezkoak aukeratuko nituzke. Niri behintzat gehien gustatzen zaizkit.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

IRTEERAK


MUTRIKU, Mutriku - 2008-10-30

TAILERRA


MUTRIKU, Mutriku - 2008-10-30

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.