
Ikasleek energia aurrezteko beharra nabarmendu dute Osoko Bilkuran
Ingurumena
Goizeko Izarrako, San Migueleko eta institutuko ikasleek euren konpromisoak eta eskariak azaldu dituzte.
garbiñe garagarza
Energia aurrezteko hainbat bide eta ekimenen beharra. Horixe izan zen Goizeko Izarra Ikastorla, San Miguel Ikastetxea eta Mutrikuko Institutuko ikasleek atzo goizean egindako bilkura berezian udal agintariei helarazitako mezu nagusia.
Eskola Agenda 21aren barruan energiaren gaia lantzen aritu dira ikasturtean herriko hiru ikastetxeetako ikasleak. Egindako ikerketetan lortutako emaitzak eskaintzea zen atzoko Osoko Bilkuraren helburua. Horretaz gain, ikasleek euren aldetik «gauzak hobetze aldera» hartuko zituzten konpromisoak ere azaldu zituzten. Ikasleen aurkezpena entzutera, Josebe Astigarraga alkatea, Felix Aspiazu alkateordea, Juan Mari Garagarza eta Xabier Basterretxea EAJko zinegotziak, EAko zinegotzi Joseba Burgaña, B+I plataformako Iñigo Agirre ingurumen zinegotzia eta udal aparejadorea eta idazkaria bildu ziren.
Goizeko Izarrako zein San Migueleko ikasleek, nagusiki, ikastetxe barruan egindako azterketen ondorioak eskaini zituzten, baita energiaren kontsumoa jaisteko hainbat proposamen egin ere. Horien artean, ikastetxeetako aparailuen (berogailuak, ordenagailuak, argiak, eta abar) kontrolerako gailuak eskatu zituzten.
Horretaz gain, San Miguel ikastetxekoek gurasoei egindako inkesta bidez lortutako datu esanguratsuak eman zituzten. Esate baterako, inkestatuen %41ak energia modu eraginkorrean erabiltzearen garrantzia maila «ertaina» zela zioen, eta %38ak kontsumitzen duten energia «asko aurreztu» zezaketela uste zuen. Egoerari aurre egiteko proposamen argia: herritarrei informazioa eskaintzea eta sentsibilizazio kanpainak martxan ipintzea.
Kaleko kontsumoa
Institutuko ikasleek ikastetxeko hormetatik kanpo egindakoaren berri eman zuten. Bereziki, kaleko argiztapenean eta eraikuntza publikoetan jarri zuten arreta. Kaleko argiei dagokionean, «argi indarraren kontsumoa gutxitzeko eta argi-kutsadura saihesteko» kontsumo txikiko bonbilen erabilera eta estalkidun farolak proposatu zituzten.
Alkateak argiaren gaiarekin Udalak duen «sentsibilizazio maila altua» azpimarratu zuen. «Mutriku izan da argia behera egiten duten farolak jartzen lehenengoetakoa. Gainera, aldaketak egiten jarraitzen dugu, eta laster jarriko dira ezaugarri horiek dituzten farola gehiago». Zehazki, estalkindun eta kontsumo txikiko bonbilak erabiliko dituzten 60 farola eskatu berri dituztela azaldu zuten.
Horrekin batera, udal eraikinetan energia berriztagarriez baliatzeko aukeraz hitz egin zuten ikasleek. Alkateak gaia aztertuko zutela adierazi zien.
Azkenik, sentsibilizazioa eta kontzientziazioa izan zuten institutukoek ere ahotan; bai ikasleek eurek egin beharrekoa, baita Udalak bultzatu beharrekoa ere.
Alkatearekin batera, Iñigo Agirre ingurumen zinegotzia ere ikasleen eskaerei erantzuten aritu zen. Agirre sentsibilizazioaren eta informazioaren gaiaren inguruan ikasleekin bat etorri zen, eta kanpainen beharrezkotasuna ezezik, haien jarraikortasunaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen.
inkesta
«Ingurumenarekin duten ardura agerian gelditu da»
Josebe Astigarraga
alkatea
«Etorkizuna esku onetan dagoela erakutsi dute»
Iñigo Agirre
Ingurumen zinegotzia
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.