
Lehen postua Artibairentzat
Futbola
Asteburuko emaitzak Artibai A-ren lehen postua berretsi du; berdinketagaz, txapeldun geratu da Markina-Xemeingo taldea.
eider Mugartegi
Bigarren ospakizuna izan du asteburuan Artibai A taldeak. Maiatzaren 18an preferenterako pasea lortu bazuen, joan den asteburuan, Basauri BEAren kontra lortutako berdinketagaz, lidergoa mantendu eta txapeldun bilakatu dira.
Basauri BEAk ez zizkion gauzak erraz ipini Artibairi, eta ezer jokatzen ez zuten arren, taldeko jokalari hoberenak zelairatu zituzten, eta irabazteko ahalegin guztiak egin. Hala ere, Artibaik gogor eutsi zuen Basaurikoen hasierako sakakada, eta apurka-apurka indarra hartu eta aukerak ere sortu zituzten. Artibaiko jokalarien ahaleginak ez ziren markagailura igo, baina, zortez, taldeak puntu bakarra nahikoa zuen txapeldun geratzeko, eta puntu horri eutsi zioten, gogor-gogor. «Pena izango zen, hainbat denboran lehenengo ibilita, azken partidan postu hori galtzea», aitortu du Unai Maiztegi taldearen entrenatzaileak, jokalariek denboraldian egindako esfortzua gogoratuz.
Orain, azken asteetako tentsioa pasatuta, Txapeldunen Txapelketa jokatu beharko du taldeak Basurtoren kontra. Horrela, partida bat kanpoan eta beste bat etxean jokatu beharko dute Artibaikoek, eta lehenengoa zapatuan jokatuko dute, zozketa bidez erabakiko duten lekuan. «Gure helburuak lortuta, aste honetako entrenamenduak lasaiago egingo ditugu. Basurtoren kontra ere irabaztera joango gara, baina baita gozatzera eta gutxiago jokatu dutenei horretarako aukera ematera ere, meritu handia daukate eta», esan du Maiztegik.
Denboraldi hasierako helburuak soberan gainditu ditu Artibai A-k. Liga hasieran, asmoa lehenengo bosten artean geratzea bazen, lehen bueltaren amaieran, lehenengo postuan zeudela ikusita, mailaz igotzea bihurtu zen taldearen intentzioa, eta azken asteetan, aukerak zeudela ikusita, txapeldun izateko borrokatu dute.
Igotzeko lehia bizia
Hiru talde ibili dira ia azkenera arte mailaz igotzeko norgehiagokan. Hirurek zuten aukera, orain dela asteburu bi, Iurretakok galdu zuen arte. Orduan, taldearen historian lehenengoz, preferenten jarri zuen hanka Artibaik. «Ezustekoa izan zen guretzat. Inork ez zuen hutsik egiten, eta hirurok geneukan aukera, beraz, mailaz igotzea azken asteburuan erabakiko zela uste genuen», adierazi du Unai Maiztegik. «Ez geneukan ez txanpanik ez ezer ospatzeko», dio Aitor Arrate taldearen entrenatzaile eta jokalariak. Delegatuak deitu zien esaten Iurretako galtzen zihoala, baina azkenera arte ez ziren ondorioez jabetu. «Partida amaitu eta saltoka hasi ginenera arte. Baina horrela hobeto izan da, lasaiago ibili gara eta», aitortu dute.
Arduradunen ustez, orain dela zortzi asteko jardunaldia izan zen erabakiorra. «Hirugarren jarri ginen, baina lau edo bost partida jarraian irabazi egin genituen. Hor huts egin bagenu, ez ginateke txapeldun izango. Eutsi eta eutsi, azkenean hor mantendu gara», zehaztu du Arratek.
Talde lana
Garaipenaren gakoa arrazoi bat edo beste izan, talde berezia eta antolaketa berezia izan du denboraldi honetan Artibai A-k. Liga hasi aurretik, Unai Maiztegi eta Aitor Arrate entrenatzaileek Iñaki Iturri prestatzaileagaz batera proiektu bat aurkeztu zuten, eta proiektu horrek emaitza ezin hobeak eman ditu. Horren onak izan dira ze Artibai taldea bere bizitzako maila altuenera igotzea lortu dute, eta txapela janztea. Hiru arduradun izan ditu taldeak, eta talde lana bultzatu dute guztien ¬jokalari zein arduradunen¬ konpromiso eta inplikazioa lortuz. «Taldeak behar handia egin du, eta jokalariekin beharra egitea handia izan da niretzat, dena eman dute, eta eskerrak eman nahi dizkiet», dio Iturrik. Bestalde, jarraitzaile fidelak ere izan ditu taldeak, kanpoko partidetan ere hutsik egin barik animoak ematera joan direnak, eta hauei ere esker ona erakutsi nahi izan diete. «Eskerrak eman nahi dizkiegu puntara heltzen lagundu diguten guztiei», esan dute.
Maiztegi eta Arratek hurrengo denboraldian jarraitzeko asmoa agertu dute, baina Iñaki Iturriren kasua ez dago horren argi, gastuak eragiten dizkiolako. «Preferenten egoteko beste aurrekontu bat beharko da, gauzak egiteko minimoak behar dira eta», uste dute hiru arduradunek.
sailkapena
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.