
Bereikuak eta Arriagak kinielen munduko txapela eskuratu dute Pauen
Zesta-punta
Jai-Aliveko bikotea bikain aritu da asteburu osoan, eta azken partidan frontoia zutik jartzea lortu dute.
garbiñe garagarza
Kinielen munduko txapela jantzi berri dute Julen Bereikuak eta Jon Arriagak. Irabazlea erabakiko zen partida zirraragarria jokatu behar izan dute horretarako, Olha eta Enbilen aurka, Pauen.
Pauen jokatu den kinielen munduko txapelketan ezin zitekeen amaiera ikusgarriagorik espero. Azken tanto sinestezin bat izan da Jai-Alive enpresako bikoteari garaipena eman diona. Eguenean eta barikuan aurkarien gainetik geldituta lortu zuten garaipena, zapatuan sufritzea tokatu zitzaien. Aurrean guztia emateko prest zeuden eta guztia eman zuten bikotea zuten. Bereziki aipagarria da Enbilek atzeko aldean egindako lana; izan ere, gainditu ezinezko pareta balitz bezala aritu zen. Horrela, atzean aritu ziren bi gipuzkoarren arteko lehia ikusgarria izan zen.
Azken tantoak frontoian zeuden guztiak altxarazi zituen. Bueltatzea ezinezkoa dela dirudien pilota horietako bat besteraren atzetik altxatzea lortu zuen Enbilek, baina azkenean, Bereikuak hegalera botatako pilota bat errebotean gelditu zen: ez zuen boterik ere eman. Hildako gunea topatu eta bertan galdu zen.
Bi bikoteak oso parekatuta ibili ziren, baina Jai-Aliveko jokalariek nolabaiteko abantaila izan zuten hasieratik. Olha eta Enbilek 12an berdintzea lortu zuten lehenengoz, eta 14an berriro parekatuta gelditu ziren. Horrek munduko txapelketa batek merezi duen bezalako amaiera edukitzeko abagunea ireki zuen, eta bertokoek ederki asmatu zuten borobiltzen.
Berriatuko aurrelaria pozik agertu zen kinielen muduko txapelketa lehenengoz irabazi ondoren. «Hilabetean hiru titulu eskuratu ditut. Ziur nago, aurtengoa nire urtea izango dela». Partidaren errepasoa egitean, sufritzea tokatu zitzailea aitortu zuen Bereikuak, baina guztiaren gainetik, bere bikotearen lana goraipatu nahi izan zuen. «Jon izugarri aritu da atzeko aldean, eta egia esan, nik nahikoa nuen hutsik egin ez eta tarteka tantoren bat egitearekin. Ondo baino hobeto ulertu dugu elkar, eta asteburu bikaina eduki dugu».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.