
Arrantza sektorea bultzatzeko plana aurkeztu du
Eusko Jaurlaritzak
Ekonomia
Aurreikusitako jarduketen artean, arrantza enpresak kudeatzeko eratutako elkartea sortu izana azpimarratu dute.
larraitz ibaibarriaga
«Eusko Jaurlaritzak Ondarroaren eta ondarrutarren aldeko apustu finkoa egin du». Hori adierazi zuten Nuria Lopez de Guereñu Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburuak eta Gonzalo Saenz de Samaniego Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak atzo portura egindako bisitan.
Batzarrean, arrantza sektorea suspertzeko 2008-2012 eperako aurreikusitako jarduketen programa aurkeztu zieten Ondarroako Udaleko Kudeaketa Batzordeko ordezkariei ¬udal taldearen lankidetza eta ahalegina ezinbestekotzat jota¬ zein, besteak beste, alturako eta baxurako arduradunei.
Etorkizuneko azpiegiturak
Sailburuek azpimarratu zutenez, Eusko Jaurlaritzak Ondarroan egindako apustuagaz «nabarmen hobetuko da» portu aldea. «Kai berriak egingo dira, pabilioia birgaituko da, portu aldea bera handitu egingo da, eta batez ere, lonja berri bat eraikiko da».
Hartara, portuaren segurtasun eta babes baldintzetan aurreikusitako hobekuntzekin arrantza jarduerarik «bultzada ederra» eman ahal izango zaiola adierazi zuten. Hori ez eze, argi laga zuten Ondarroak etorkizunera begira, «instalazio modernoak, seguruak eta garatzeko aukera bikainak ematen dituenak» edukiko dituela. Hori guztia bideratzen esku hartuko du, hain zuzen ere, Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailak.
Arrantzaren biziraupena bermatzeko inbertsioak
Beste alde batetik, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak inbertsioak egingo ditu portuan.
Horrez guztiaz gainera, arrantza enpresei ez eze, arrantza ontziei eta haien inguruan dauden taldeei ere diru laguntzak emango dizkiete, «arrantza Ondarroako gizartearen eta ekonomiaren garapenaren motore izan dadin, gero eta globalagoa den merkatuan».
2008-2012 jarduketen programa
Garraio eta Herri Lan Saila (2007-2012).
Itsasadarraren ezkerreko aldea.Aurten, itsasadarraren ezkerreko aldeko zubi bien artean kaia berria ipiniko da martxan: 407 metro luze edukiko ditu, eta gutxienez, 1,5 metroko sakonera. Jendea egoteko tokia eta pasealekua urbanizatu eta atonduko dira. Aurrekontua: 4,6 milioi euro.
Eskuman.Erriberako 52 metroko zati bat kai modura atonduko da, Zubi Zaharraren eta kirol dartsenaren artean. Aurrekontua: 502.735 euro.
Erreka.Erreka tailerra birgaitzen dabiltza. Eraikitako eremua goitik behera berritu da, bulegoetarako solairuarteko txikia barne. Aurrekontua: 263.622 euro.
Hondartzako kaia.Dikearen muturra eta kirol dartsenaren bokalekoak sendotzen ari dira, eta portuan kai-ertzak, eskailerak eta babes elementuak konpontzen. Aurrekontua: 1,2 milioi euro.
Egidazuko kaiak.Ondarroako Portuko Plan Berezia onartu ostean, Egidazuko kaiak birmoldatzeko obrei ekingo zaie, jonja berria han ipini ahal izateko. Aurreikusitako aurrekontua: 6 milioi euro.
Lonja.Kaiak birmoldatzeko obrak amaitutakoan, alturako eta baxurako lonja berria egiteko beharrak hasiko dira. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila.
POSA.2008ko apirilaren 15ean POSA (Puerto de Ondarroa SA) elkartea sortu da: elkarteak guztira 25 ontzi ¬herrian 35 daude¬ kudeatzen dituzten Ondarroako hamahiru enpresa talde hartzen ditu. POSAK talde proiektua den heinean, aukera eskaintzen du Ondarroan arrantza suspertzeko. Denetara 240.000 euroko inbertsioa eskatuko du.
Bestelako proiektuak.Herriari bultzada emateko urtean 480.000 euro egongo dira.
Elkarlana.Itsasmendikoiren bidez hainbat proiektu bultzatuko dituzte: lan baldintzak hobetzeko, belaunaldien arteko erreleboa bermatzeko edota kolektiboaren duintasuna aldarrikatzeko.
Lonja.Alturako eta baxurako lonja zelan kudeatu zehazten lagunduko du sailak.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.