Edukira joan

euroaren haginkada

Gizartea

Etengabe doa gorantz hainbat produkturen prezioa, eta horren lekuko dira erosketen osteko faktura «beldurgarriak».

beñat de la fuente eta iraitz legarra

Lekutan dira baserriko ogi handiak 18 txakur handi balio zituen garaia (hamar txakur handi pezeta bat zen), edota behi on bat mila pezetatan eros zitekeena; zein zaldi biko auto ezaguna 16.000 ogerlekotan saltzen zena (80.000 pta). Atsedenik gabe doa aurrera denbora, eta atsedenik gabe doa gauzen balioa gorantz. Gaur egun, ez da euro batetik behera balio duen ogi barrarik, behi dezenteak 1.500 eta 2.000 euro artean saltzen dituzte, eta autoen artean aukera ugaria badago ere, beste munduko prestakuntzarik gabeko auto bat 12.000 euro inguruan saltzen da. Testuinguru horretan, zelakoa ote da inguruko herritar arrunt baten eguneko gastua gaur egun? Eta euroaren etorriak zenbat eragin ote du herritarren poltsikoetan? Aldatu egin ote dira erosketak?

Zapatu goiza da. Bederatziak aldera iratzargailuak jo du Engraxiren logelan. Apurka-apurka estaltzen dituen maindireak albo batera egin eta bainugelara doa, aurpegia garbituz, azken nagiak botatzera. Gosaria hartu eta kalera doa pare bat gauza erostera. Etxe ondoan du kioskoa. Egunero modura, egunkaria eta ogi barra erosten ditu Karmelonean. Egunkaria euro bat, eta euroa eta hogei zentimo ogi barra. Azken unean, tabakoa amaitzen ari zaiola gogoratu du. Tabako pakete bat ere erosi du. Bi euro eta hirurogeita hamabost zentimo. Karmelo agurtu eta kioskotik irten da. Buruan bueltaka dabilkio duela hogei bat urte pakete bera 39 pezeta baino ez zuela ordaintzen.

Asteko erosketetan ere haginkada sakona somatzen du Engraxik. Arroza eta pasta dira aukera merkeenak, paketeak eurotik behera balio du. Barazkien prezioa, berriz, asko igo da azkenaldian: porruak, bainak zein tomateak bi eurotik gora dabiltza.

Erosketen poltsa

Bigarren platerei begira dabil Engraxi. Haragi xerra kiloa hamabi eurotik gora dabil eta solomoa hamar euro inguruan. Oliba olioak urrearen balioa du. Fruta batzuek ere kiloko lau eurotik gorako prezioa daukate: kasu hori da laranja, mandarina, zein sagarren kasuan. Lau lagunentzako erosketak egin behar ditu Engraxik, eta berrogeita hamar euroko hiru billetegaz dago irteerako iladan, iritsiko ez zaion beldurrez. Arratsaldean, lagunekin hartuko duen kafetxoan eta jango duen pintxoan du gogoa. Euro eta hogei kafea eta euro eta berrogei zentimo pintxoa. Freskagarriren bat hartzekotan beste euro eta hirurogeita hamar inguru, tabernaren arabera.

Eskuak burura daroaz Engraxik supermerkatuko iladan, guzti horretaz pentsatzean. Zelan aldatu diren garaiak txakur handien garaitik euroaren haginkada mingarrien garaira.

 

«Baserritarrak eta lehen sektorea dira kontu honetan gehien galtzen dutenak»

Maria josefa malasetxebarria baskaran ð - Janari dendako saltzailea

Markina-Xemein

Denda txikiek, janari dendek adibidez, prezioen gorakadaren eragina hurretik ezagutu dute.

I. legarra eta b. de la fuente



Maria Josefa Malasetxebarriak (Markina-Xemein) urte asko daroaz bere janari dendan saltzaile lanetan, herritar askori hainbat produktu fresko eskaintzen. Lehen pertsonan bizi izan du euroaren iritsiera eta prezioen garestitzea, eta zuzenean jasan ditu horien eraginak.

Zenbat urte daroazuz dendan beharrean?

Denda 1984an zabaldu nuen, hortaz, 24 urte daroadaz hemen beharrean.

Euroaren sarreragaz, prezioetan aldaketarik nabaritu al duzu?

Bai, noski; frutetan eta barazkietan batez ere. Gogoratzen dut lehen mandarinen kiloa 180 pezetetan saltzen nuela; orain, berriz, hiru eurotik gora kostatzen da kilo bakoitza, lehengo 500 pezeta baino gehiago.

Eta erosleengan nabaritu al duzu ezer?

Nik ikusi dudanagatik, erosleak ere estu estu dabiltza. Adibidez, lehen kilo erdi fruta erosten zuenak orain atal bat edo bi erosiko ditu, prezioak ikaragarri igo baitira.

Supermerkatuek eta zentro komertzialek zelan eragin dute denda txikietan?

Nik lana berdin-berdin egin dut horiek izan edo ez. Lehengo bezeroak mantendu ditut, eta berriak ere etorri zaizkit. Somatu dudan alde bakarra, asteburutan izan da.

Zertan?

Lehen asteburuetan topera egoten ginen, gente pila bat egoten zen erosketak egiten. Orain, ordea, jendea supermerkatu handietara joaten da zapatu-domeketan, eguna pasatzera. Eta batzuek aprobetxatu egiten dute prezio hobean aste osorako erosketak egiteko.

Ze faktorek eragin duela uste duzu prezioen gorakada?

Saltoki handiek ere esaten dute eurek ere goraino dabiltzala, maileguak, euriborra eta abar dela eta, horrek azken batean guztioi eragiten digu. Garraioak ere garestitu egin dira gasolioaren eta gasolinaren garestitzeagaz batera, horrela produktuen azken prezioa igoaraziz. Gainera, Europako Batasunetik datorren kalitate kontrolen exijentziak ere horrretan badu zer ikusirik. Batez ere frutaren kasuan, tamaina, kalibrea... estandarizatuak izan behar dute eta. Horrela, produktuak saltzen ipini aurretik dagozkion kalitatezko kontrolak pasatu behar izaten ditu.

Beste produktuetan ere nabaritu al duzu horrelako igoerarik?

Bai, baina ez fruta, barazki eta ogiaren kasuan modukorik. Igoera arrazionalagoa deritzot beste kasuetan.

Etorkizuna zelan ikusten duzu?

Nik uste dut, honetan guztian baserritarrak eta lehen sektorea direla galtzailerik handienak. Gaur egungo legedi eta kontrolekin baserritarrek ez dute ia ezertxo ere irabazten. Kontu horrek horrela jarraituz gero, denak tailerrera joango dira lanera, eta guztiok gosea pasatu behar izango dugu, torloju eta iltzeak ezin baitira jan.



 

inkesta



1. Zelan eragin dizu euroa sartu zenetik prezioek izan duten gorakadak?

«Nik berdin-bedin erosten jarraitu dut»

Maria Jesus Salaberria

Etxebarria



Prezioen garestitzea nire poltsikoan nabaritu dut, zalantzarik gabe. Baina horrek ez dizkit inolaz ere nire erosketak baldintzatu. Gehiago ordaindu behar bada, ba gehiago ordaintzen da. Zer egingo duzu ba horren aurrean? Kontu gehiago izan beharko da zer eta zenbat erosten den, baina edozein kasutan ere, nik berdin-berdin erosten jarraitu dut, elikadura beharrizan garrantzitsua delako.

«Nire asteko erosketetan ez dit ezertan ere eragin»

Belen Gandiaga

markina-xemein



Prezioe n garestitu diren arren, nire asteko erosketetan ez dut lehen erosten nuen ezer erosi barik utzi. Asteko erosketak eta, orokorrean, etxean jaten dena osasun onagaz zuzenean lotuta dagoela deritzot, eta horrek ez du preziorik. Beste gauza batzuetan kontu gehiago eduki dut: kalean afaltzen hainbeste aldiz geratu ez, edota kanpora bidaiatzean gastuak hobeto zaindu.

«Tabernetan ere prezioak etengabe gorantz doaz»

Jon Arrizabalaga

ondarroa



Ikaragarri igo dira prezioak, eta hori denok dakigu. Denon poltsikoak bat-batean hustu dira. Dendetan ez eze tabernetan ere prezioak etengabe doaz gorantz. Euroa pezetare ordez sartu zen momentuan ez ginen jabetu zer zetorkigun gainera. Kristoren iruzurra izan da. Nik askotan egiten ditut erosketak, eta egunetik egunera gehiago harritzen naiz. Ez dago mugarik.

«Prezioa igo dieten gauza asko oinarrizkoak dira»

Marije Intxausti

aulesti



Igarriko ez nuen ba! Prezioek asko egiten dute gora. Lehen fruta kilo batek 160 pezeta balio bazuen, orain euro bi eta erdi balio ditu. Hala ere, berdin-berdin segitu behar erosten. Prezioa igo dioten produktu asko eta asko oinarrizkoak dira ere. Arropekin ahal duzu aurreztu apur bat, leku merkeagoetan erosita, baina janaria egunero behar duzu, prezioa altxatu edo ez altxatu.

«Lehen 100 pezeta zena, orain euro bat da»

Jon Arrizabalaga Gonzalez

markina-xemein



Kalera irteten naizenean igartzen dut; tragoen prezioa asko igo da. Lehen 100 pezeta zena, orain euro bat da. Edozertarako behar da diru gehiago. Nik ez dut etxerako erosketarik egiten, baina han entzuten dut lehen diru gutxiago behar zela gauza berdinak erosteko. Horregatik guztiagatik, aldaketa ez zait ondo iruditzen, uste dut hobeto egongo ginatekeela pezeta edukiko bagenu.



 


 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

IRTEERAK

Desanexioaren urteurreneko II. Mendi Martxa
ZIORTZA-BOLIBAR, Ziortza-Bolibarren - 2008-11-14

MUSIKA KONTZERTUA

SANTA ZEZILIA EGUNEKO KONTZERTUA
MARKINA-XEMEIN, Kontzekupean - 2008-11-20

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.