
36ko gerra izango da IV. Historia Jardunaldien bidez landuko duten gaia
Kultura
Hitzaldiez gain, dokumental bat eta herritarrek egindako antzerkia ikusteko aukera eskainiko du Udalak.
garbiñe garagarza
36ko gerra izango da historia jardunaldien gaia. Aurtengoarekin, laugarrenez prestatu du Kultura Batzordeak «herriko historiara hurbiltzeko» antolatzen duen ekimena.
Aurten, berritasun nabaria dakarte jardunaldiek. Izan ere, aurreko urteetan ez bezala, jardunaldiak ez dira bakarrik hitzaldiez osatuko. «Jendeak hitzaldietarako ohitura handirik ez duenez, zerbait gehiago eskaini nahi genuen. Hitzaldiak, daukaten gorputzagatik eta pisuagatik, mantendu egin ditugu, baina haiekin batera beste formatu batzuekin aurkituko dira herritarrak», azaldu du kultura teknikari Iratxe Gimenezek. Horrela, hitzaldiekin batera, dokumental bat eta antzerkia eskainiko dituzte.
Kultura tekniariak azaldu duenez, gaia aukeratzeko orduan herriko historialari eta historiazaleekin bildu ziren. «Haiek zeukaten materiala¬ batez ere, Xabier Basterretxeak eta Arantza Ugartek¬, erabakiorra izan zen». Ugarteren ideietako bat izango da, hain zuzen ere, jardunaldien azken emanaldiaren arima. «Basterretxearen lanak aurrera begira zerbait gehiago egiteko aukera emango digu».
Lau egunetarako ekimenak
Historia jardunaldiek lau egun beteko dituzte. Datorren martitzenean abiatuko dira, eta hurrengo astelehenean bukatu.
Tras un largo silencio dokumentala izango da, hain zuzen ere, jardunaldiak irekiko dituena. Iaz estreinatu zen, eta 73 minutuko iraupena dauka. Ikus-entzunezkoak 36ko gerran desagertutakoen familiartekoak ditu protagonista, eta haien memoria berreskuratzeko ahalegina da mamia.
Hilak 29 eta 30ean Nafarroako Unibertsitateko historia irakasle Emilio Majuelok eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kide Mikel Errazkinek hitzaldi bana emango dute, hurrenez hurren. «Majuelok Ricardo Zabalari buruz egindako lanaren bidez gerra sakonean ezagutu du». Kultura Batzordearen asmoa zehaztasunetik hasita orkortasunera helduko den hitzaldia eskaintzea izan da.
Errazkinek, berriz, arkeologoen ikuspuntua erakutsiko du. «Aranzadi 36ko gerrako fusilatuen oroimena berreskuratzeko lanean dabil, eta horrek oso hurbileko lana egitea eskatzen du. Hori ezagutarazi nahi genuen hitzaldi horrekin». Azkenik, ekainaren 1ean, Arantza Ugarteren zuzendaritzapean, Saturraran 1938-1944 izeneko antzezlana eskainiko dute herritarrek.
Saio guztiak 19:00etan izango dira, Zabiel Kultur Etxean.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.