
Ia denboraldiko partida guztiak irabazita, txapeldun geratu dira Artibai Futbol Taldeko kadeteak. Historia egin dute, gainera; sekula Artibaiko kadeteak ez dira-eta ligako txapeldun geratu.
Txapeldunen poza
eider mugartegi
Joan den asteburuan, kadeteek Barroetan jokatu zuten azken partida jai bihurtu zen. Talde guztia batu zen zelaian, eta ordura arte gordetako ilusio eta poza kanporatu zuten jokalariek. Txanpan botila bi hustu ondoren, entrenatzailea dutxara sartu eta guztiak batera dutxatu ziren arropa eta guzti. Kantu, barre, txalo... iskanbila izan zen nagusi.
Ondo egindako beharrak aurrerago edo atzerago bere saria izaten du, eta sari hori gozatzen dabiltza orain Artibaiko kadeteak. Badute zer ospatu, denboraldiko ia partida guztiak irabazita, txapeldun geratu dira eta.
Iazko uztailean egin zuen denboraldiko plangintza Genaro Etxebarrieta kadeteen entrenatzaileak. Zituen jokalarien arabera, taldea eratu zuen, eta irailean aurredenboraldia hasi zuten. Bost lagunarteko jokatu, eta liga etxean hasi zuten, irabazten.
Emaitza hori izan da, batez ere, kadeteen markagailuan errepikatu dena. Lehenengo bueltan galdu zituzten bi partidez aparte, beste denak irabazi egin dituzte. Gol asko sartu eta gutxi hartu dituzte. Guztira, 124 gol sartu dituzte aurkarien sareetan, eta bakarrik 24 jaso. Horrela, hiru lehenengoen artean ibili dira beti, eta martxoaren lehenengo astetik sailkapenaren gorenean mantendu dira, amaierara arte.
Ahaleginaren ordaina
Entrenatzaileak denboraldi osoan errepikatu dien moduan ¬«zelan entrenatzen den, halan jokatzen da»¬, eta filosofia horri jarraituz, ahalegina jarri dute entrenamenduetan, eta emaitzak partidetan ikusi dira. «Motibazio handia izan dute, elkar pozten ibili dira, eta emaitza hor dago», dio pozik Genaro Etxebarrieta entrenatzaileak.
Denboraldi hasierako helburuak bete egin dituzte gainezka. Iaz, hirugarren geratu ziren liga ikusgarria egin ondoren, eta aurtengo helburua hirugarren postu hori hobetzea zen. Lortu dute. Orain, txapeldunen arteko txapelketa jokatu beharko dute, eta irabaztea gaitza den arren, horretara ipiniko dituzte ahaleginak. Lehenengo partida gaur bertan jokatuko dute Irurgitxiren kontra.
Taldea pozik badago ere, bere inguruan mugitzen diren guztiak ere emozioz bete dira. «Euren ekarpenak ere eragin du garaipena», dio Etxebarrietak, eta Felix Echeverria delegatuaren lana, Artibaiko lehendakariaren laguntza eta gurasoek eman duten babes guztia eskertu ditu.
Etxebarrietak entrenatzaileen bigarren maila (tekniko) amaituko du egunotan. Kadeteekin urte bi egin ondoren, gazte mailara pasatuko da datorren urtean, eta beragaz batera, gora egingo dute kadete batzuek. Hori, baina, datorren denboraldian izango da. Orain, ospakizunen momentua da.
artibai Ft-kadeteak
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
DEIALDIAK
Euskal preso eta iheslarien aldeko afaria, Txarri boda
MARKINA-XEMEIN, Lea Artibai Ikastetxeko jantokian - 2008-11-20
MUSIKA KONTZERTUA
SANTA ZEZILIA EGUNEKO KONTZERTUA
MARKINA-XEMEIN, Kontzekupean - 2008-11-20
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.