Edukira joan

'Euskaraz bai astea'-ri astelehenean ekingo diote, erakusketa zabalduta

Euskara

Astelehenean hasi eta barikura arte, elkartearen ibilbide osoa biltzen duen erakusketa egongo da Uhagonen.

asier alkorta

Orain arte egindako lana lau haizetara zabaldu eta euskararekiko konpromisoa sendotzeko, Lea-ArtiBAI Euskararik Euskaraz Bai Astea antolatu du. Besteak beste, urte hauetan guztietan elkarteak egin duen beharra azaltzeko eta aurrerantzean euskararen alorrean lanean jarraitzeko beharra azpimarratzeko asmoz antolatu du aste berezi hori.

2001eko ekainaren 7an, hamabost ordezkarigaz sortu zen Lea-ArtiBAI Euskarari. «Hiru zutoinegaz hasi ginen beharrean: euskalgintza, gizarte eragileak eta udalak», azaldu dute. Lea-Artibain jarduten duten zortzi sektoretako 425 eragileri deia egin eta euskararen suspergintzan lan egiteko gonbitea egin zien elkarteak. «207k baietz esan ziguten, eta hori oso ondo dago; gutxi gorabehera deia egin genien eragile erdiek onartu egin zuten gugaz batera euskararen alde lan egitea».

Eragileen baietza jaso ondoren, zortzi sektoreak bilduko zituen plana egiten hasi zen elkartea. «Hiru pausotan egin genuen plana. Lehenik eta behin, taldeen barne diagnostikoa egiten hasi ginen; konprometitu ziren eragileen egoera zelakoa zen ezagutzeko. Gero, helburuak finkatu genituen, eta azkenik, gure helburuak lortzeko egin beharreko ekintzak zehaztu genituen».

Diagnostikoa egiten

Gauzak horrela, Lea-Artibain batzen diren zortzi sektoreak bilduko zituen plana eraiki zuen elkarteak. «Hizkuntza gaitasuna, hizkuntza paisaia eta kanpo zein barne harremanak ere nola landu zehaztu genuen».

Hasiera batean egindako diagnostikoaz baliatuz, eragile guztiek amankomunean zituzten ondorioak zerrendatu zituen Lea-ArtiBAI Euskararik. «Horrela, 2003an elkarlanean hasi ginen; sarea eraikitzeari ekin genion». Garai hartan, Euskara Biziberritzeko Plan Nazionalean sartzen hasi ziren udalak, eta ondorioz, hainbat eragileri zuzendutako elkarlana fruituak ematen hasi zen.

Sektoreka ez ezik, kalera begira ere helburu batzuk finkatu zituen elkarteak. «Euskararen transmisioa, gazteen hizkera eta etorkinen euskalduntzea ere kalera begirako gure helburu nagusienak dira; oraindik orain, helburu horiek zutik diraute».

Udaleko euskara eta kultura teknikariekin batuz eta hiru eta bost urte irauten zuten hitzarmenak sinatuz, hasieran planteatutako egitasmoa gorpuzten joan zen, eta horrela, elkartea hazten joan zen, bere jarduera esparrua zabaltzen hasi zen.

Plan estrategikoak eta egitasmoak ¬Berbalagun, esate baterako¬ gehitzen joan diren heinean, Lea-ArtiBAI Euskarari euskararen alorreko batzorde berriak sortzen eta indartzen joan da. «Hezkuntza Batzordea aipagarriena litzateke».

Elkarteko ordezkariek ongi asko dakite beraien jardunak ez duela bat-bateko erantzunik. «Epe luzera begirako helburuak finkatzen ditugu; emaitzak ez dira berehalakoak izaten».

Aurrera begirako lanak

Orain, errenta aitorpena euskaraz egiteko, elkarteetan euskarak duen lekua zehazteko eta bestelako ekimen gehiago bultzatzen dabil elkartea. Egindako lana azpimarratzeko eta lan horietan parte hartu dutenei eskerrak emateko, antolatzaileak buru-belarri dabiltza Euskaraz Bai Astea antolatzen.

Astelehenean, 19:00etan, Uhagonen erakusketa zabalduko dute, eta martitzenean, Lea-ArtiBAI Euskararik bultzatzen dituen egitasmoak aurkeztuko dituzte Lekeitioko Kultur Etxean, 19:30ean. Azkenik, eguaztenean, 20:30ean, Ondarroako Kafe Antzokian, Bai Euskarari Ziurtagiriak banatuko dituzte. «Euskarak guztion konpromisoa behar duelako».

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

IKASTAROA


MARKINA-XEMEIN, - 2008-11-17

DEIALDIAK

Artibai FT-Athletic-Real Sociedad hirukoa
MARKINA-XEMEIN, Barroeta Futbol Zelaian - 2008-11-20

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.