
'Flysch'-aren ibilbidea osotasunean egiteko lehen aukera egongo da bihar
Ondarea
Nautilus interpretazio zentrotik hasi eta ontzian bidaiatuz, Zumaiaraino doan bisita gidatua izango da.
garbiñe garagarza
Flysch-aren ibilbidea. Horixe da, bihar, izena ematen duten guztiek hurbiletik ezagutzeko aukera edukiko dutena.
Mutriku, Deba eta Zumaiako alkateek «kostaldeko historia bateratua» eskaintzeko hitzarmena sinatu zutenetik egingo den lehen bisita izango da. Adin guztietako jendearentzat zuzenduta dago.
Bisita gidatua Nautilus interpretazio zentroan hasiko da; ondoren, portura jaitsi, ontzi bat hartu eta Zumaiarainoko tartean flysch-a ezagutzeko aukera egongo da. Azkenik, Zumaiako Algorri interpretazio zentroa bisitatuko dute.
Bisita gidatua egiten dutenek, beraz, orain dela 110 milioi urte egingo dute atzera. Nautilus zentroan, garai hartan inguru horren itxura zein zen ezagutuko dute, baita urteekin izandako bilakera ere. «Interpretazio zentroaren helburua ulertaraztea da, eta zentzu horretan asko eskain dezake Nautilusek», adierazi du herriko turismo teknikari Marta Amonarrizek.
Horretaz gain, garaiko izakiak nolakoak ziren ezagutu ahal izango dute. Izan ere, Jesus Narvaez arrasatearrari esker Europako amoniteen bildumarik garrantzitsuenetakoa dago han.
Denboran aurrera
Portura jaitsi eta ontzia hartutakoan, denboran aurrera eginez bidaiatuko dute bisitan parte hartzen dutenek.
Ordubetean 60 milioi urte pasako dituzte. Eta bitarte horretan, flysch-a ezagutzeko aukera edukiko dute. Zumaiara bitartean flysch-aren tolesdurek hartzen dituzten hiru koloreez jabetuko dira: zaharrena, Mutrikukoa, beltza; behin Debara helduta, arrosa; eta Zumaia paretik aurrera, horia.
Tolesdurak «liburu bateko orriak» bezala definitu zituzten apirilaren 25ean, ibilbidea aurkeztu zutenean. «Liburu hori irakurtzen laguntzeko, ontzian gidari bat egongo da beharrezko azalpen guztiak ematen». Behin Algorrira iritsita, ikusitako guztiak ederki asko ulertzen lagunduko die bertaratzen direnei. «Bisita Zumaian bukatzen denez, komeni autoak Zumaia laga eta Mutrikura autobusez etortzea». Interesa dutenek lehenbailehen izena eman beharko dute turismo bulegoan.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.