
Baserri Eguna antolatu du Etxebarriko Gazte Asanbladak biharko. Egun guztian daude ekimenak, eta herritar guztiei egin die dei euretan parte hartzeko. Hori bai, baserritar jantzita.
Herriko giroa piztu nahian
iRAti urberuaga
Lehengoa berreskuratuko dute bihar Etxebarrian. Orain dela urte batzuk egiten zen Baserri Eguna ospatuko dute eta. Azken pare bat urtean ez dute antolatu, «Gazte Asanblada nahikoa geldi egon delako». Baina orain martxan daude.
Egun guztiko egitaraua prestatu dute, herri guztiari zabalik.Gazte asanbladakoek antolatu arren, herritar guztiei egin die dei bertan parte hartzeko. «Ez da gazteontzako eguna bakarrik. Nahi duten guztiak etor daitezela», esan dute.
Hala ere, jaian parte hartzeko baldintza bat ipini dute. Bakarra, baina ia-ia derrigorrezkoa: baserritar jantzita joatea. «Eguna asko girotuko duelako».
Hilean ekimen bat
Gazte Asanblada hilean ekimen bat antolatzen hasi da. Apirilean Zaloa Zenarruzabeitia herriko euskal preso politikoaren aldeko pala txapelketa jokatu zuten, eta arrakasta handia eduki zuen. «Hile honetarako Baserri Eguna antolatu dugu, eta datorrenerako ere egingo dugu zer edo zer», adierazi dute.
Zapatuan, aurreko hilean egin legez, Zenarruzabeitia gogoan edukiko dute: «Iluntzean izango da. Ez dakigu zer, baina zerbait berezia dago prestatuta», aurreratu dute.
Mugimendua
Egunaren helburua herrian giroa sortzea dela azaldu dute asanbladakoek. «Etxebarrian nahiko mugimendu gutxi dagoela-eta egon gara, baina ordua da mugimendua egon badagoela erakusteko. Herrian giroa egotea garrantzitsua da». Horretara doaz, bada, bihar.
Txupinazoagaz hasiko dute eguna. Eta jaietan egin izan duten asto lasterketagaz segituko dute. Olaia aurretik hasita, herriari buelta eman beharko diote. Baserrietan topatu dituzte lasterketarako lau asto.
Ostean egingo dituzten bazkari, jolas eta kontzertuak frontoian izango direla esan dute. «Eguraldi txarra egin dezake, eta badaezpada ere frontoia izango da ekimen gehienen gunea». Hala ere, ona eginez gero, agian, baserri jolasak plazan egingo dituztela azaldu dute. «Sokatira, txokor batzen, altxorraren bila... egingo ditugu».
Gauean doinu gogorrak eta erromeria girokoak batuko dira. Etxebarriko eta Markina-Xemeingo gazteek osatutako EnkaPUNKtxados taldeak bere bigarren kontzertua emango du. Durangoko Trastornok ere bertan joko du. Baserri Eguna guztiak dantzan ipinita zarratuko du Ondarroako Joxpa taldeak.
egitaraua
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.