Edukira joan

Bizkaiko Umeen eta Gaztetxuen Txapelketa aurrera doa; gaur, Ondarroako Zubi Zahar Ikastolan, 17 eta 18 urte bitarteko ikasleak lehiatuko dira, bat-bateko bertsotan.

Bat-batean datoz bertsoak

asier alkorta

Eskuak atzean gurutzatu eta mikrofonoa aho parera eroan ondoren, bertsoak bat-batean jaurti zituzten atzo zortzi bertsolarik Markina-Xemeingo kultur aretoan. Gazte bezain trebe, zortzi bertsolariak Bizkaiko Umeen eta Gaztetxuen Txapelketako parte-hartzaileak ziren, eta bat-bateko bertsoen bigarren kanporaketa lehiatzeko igo zuten oholtza gainera; lehenengoa Bermeon jokatu zuten, eguaztenean.

Aretoa bete-bete egin zenera arte bertsolariak ez ziren lehenengo lerroko aulkietan jarri. Iñaki Iturrioz gai jartzaileak hurreratzeko esan zienean tinko agertu ziren aretoaren erditik. Maialen Markaida, Iñaxio Vidal, Pello Arondo, Nagore Beitia, Imanol Uria, Pello Ormazabal, Ioar Garro eta Elene Lejarzegi izan ziren bertsolariak. Urduri zeuden denak, baina nahikoa izan zen lehenengo batek bertso bat botatzea, aretoko giro hotza berotzen hasteko.

Arau bakarra zegoen: bertsoak bat-batean bota behar ziren. Izan ere, Bizkaiko Umeen eta Gaztetxuen Txapelketa bi zatitan egon da banatuta aurten ere. Lehenengo zatian, ikasleak idatzizko bertsoak egin behar zituzten; oraingoan, berriz, bat-batean asmatu behar dituzte.

15 eta 16 urtekoen txanda

Txapelketa guztietan modura, kanporaketak aurrera egin ahala, zailtasunak handitzen joaten dira, eta honetan ere ez da bereizketarik egon. Bezperan, 14 urte arteko gazteek Bermeon egindako saioan martxa hartu eta gero, atzo, 15 eta 16 urte bitarteko ikasleak barruan daroen dena emateko prest agertu ziren.

Lehenik eta behin, gai zehatz baten inguruan bota zituzten bertsoak zortziek. Ikasketa bidaia bertso txapelketaren egun berean izanda, gehienek bertsotan aritzea nahiago zutela argudiatu zuten, nork bere estiloan.

Asko kostata igo zen lehen bertsolaria oholtza gainera. Behin taula gainean zeudela, bertsoak asmatzeko nekez ibili ziren gazteak. Baina inork ez zien meriturik kendu; bertaratutakoek isil-isilik itxaroten zuten bertsolaria mikrofonora hurbildu arte.

Bakoitzak bertso bana bota ondoren, saioaren bigarren fasea heldu zen. Ofizioko gai baten inguruan, binaka aritu ziren bertsolariak.

Urduritasuna desagertzen joan zen denborak aurrera egin ahala. Bertsoak bota ostean, lasai asko geratzen ziren ikasleak. Gaiek ikasleen bizimodua islatzen zuten, eta bakoitzak bere usteak eta bizipenak bertso erara botatzen zituen.

Epaimahaiaren begiradapean

Iratxe Ibarra, Arkaitz Estiballes eta Jon Lopategi bertsolariak epaimahaian egonda, guztiak onena ematen ahalegindu ziren.

Fase hori amaitu zenean, epaimahaiak bigarren fasean lehiatuko ziren lau bertsolari aukeratu zituen: Elene Lejarzegi, Maialen Markaida, Imanol Uria eta Pello Ormazabal.

Hiruna bertso bota zituzten lau bertsolariek, kanporaketari amai-era emanez. Gaur, Zubi Zahar Ikastolan, 17 eta 18 urte bitartekoak lehiatuko dira, eta azkenik, ekainaren 5ean, Bilbon, bertsoen finala jokatuko dute, Indautxuko El Carmen aretoan.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.