
antxon uskola urruzuno ð- Margolaria
«Pintura jolas bat da niretzat, irudimenari lekua lagatzeko modua»
Kultura
Indarra bilatzen du Uskolak bere koadroetan, eta hori ondo baino hobeto islatzen du pintzeladaz pintzelada azkenengo zazpi urteetan egin dituen koadroetan.
larraitz ibaibarriaga
Zapatu goizak pinturetan pintzela blaituta pasatzen ditu Antxon Uskolak (Ondarroa, 1976). Irudimenari lekua egiten. Eta horixe bera, konplexurik bako beharra ipini du zintzilikatuta Udal Erakusketa Aretoan domeka arratsaldera arte. 36tan ipini ere.
Arkitektura ikasi, horretan beharra egin eta margotu. Nondik datorkizu zaletasuna?
Betitik pintatu izan dut, komikiak zirela, marrazkiak zirela. Arkitektura ikasketak ez nituen aukeratu arkitekturagatik, arteari ateak zabalik lagatzen zizkiolako baino.
Arte Ederrak ikastea ez zen errazagoa izango?
Bai, baina eskolan ondo bazabiltza, horrelako karrera batera bideratuta zoaz. Bide ona iritzi zitzaidan, kezkak bideratzeko egokia. Pentsatzen dut, gainera, asmatu egin nuela. Arkitektura oso indartsua da arte modura: pintura eta eskultura, guztiak barneratzen ditu.
Kanpotik ikusita, baina, arkitekturak zurruna dirudi, artearen justu kontrakoa...
Ez horrenbeste. Beti dago kolore bat aukeratu beharra, edo zer edo zer diseinatu beharra. Beti lagatzen ditu ateak zabalduta. Gero, norberak zenbat borrokan egiten duen gehitzen zaio horri. Pintura jolas bat da niretzat, irudimenari lekua lagatzeko; arkitekturak beste zer edo zer eskatzen du, eta kontuan hartu behar da jendearen diruagaz zaudela jokatzen.
Eta pintatzeko astia noiz hartzen duzu, ba ?
Batez ere zapatu goizeko denborapasa da. Pintzelada batzuk emateko eguna, lasai-lasai, solte-solte.
Aste osoko tentsioak-eta kanpora ateratzeko modua.
Bai, bai. Gozamena da. Behin edo behin edukitzen duzu zer edo zer buruan egin behar duzuna, eta pixka bat antolatu egin behar zara, eta ez da hain soltea. Baina beste askotan da horixe, jarri eta erlaxatzea, denbora pasatzea.
Mihise zuri baten aurrean zaude. Zer sentitzen duzu?
Gaitza izaten da zerotik hastea. Argi ez daukadanean zer nahi dudan egin, trukuak erabiltzen ditut.
Adibidez?
Koadro bat pintatzen zaudenean, pintura beste taula batean ipintzen duzu, pintzela garbitzearren. Ge-ro, taula hori hartzen duzunean, ez dago zuria. Nahi barik egin duzun gauza da, eta horrek bidea ematen dizu beharrean hasteko. Egunkari edo kartoi zatiak eranstea ere baliogarria da.
Eta hori esanda, koadro bat edo baten eskultura sartu duzu.
Lagun batek esan zidan aurreko batean: «Pintura egiten duzu, arkitektura egin duzu, idatzi ere egiten duzu noiz edo noiz, eskultura...». Zehazten zegoen, baina niretzat dena da artea.
Zuri-beltza baino gehiagotan erabiltzen duzu kolorea.
Zuri-beltzean geratzeko baldintza hori ipini beharko nuke. Bat edo baten egin dut hori, baina ezin dut nire burua horretara behartu. Buruak momentuan eskatzen didana egiten dut.
Beltza ezkortasunari, goibeltasunari lotuta doa?
Autorretratu bat daukat beltzean eginda, eta denek esaten didate: «Horrelako beltza ikusten zara?». Niretzat, baina, beste kolore bat da. Denak dauka interpretazioa, baina ni ez naiz hasten sakontzen.
Zein duzu kolore paleta?
Zuria, beltza, horia, urdina eta gorria. Oinarrizkoak erabiltzen ditut, eta hortik ateratzen ditut besteak. Horregatik ateratzen zaizkit koadro gorri-gorriak, berde-berdeak...
Saltzen dauzkazu koadrook. Batik erosi dizute?
Bai, bat saldu dut. Kaxa baten barruan egindako bat.
Gero, baina, badago bat edo bat «zeure-zeurea» denik, ezta?
Nire kuttuna dut bat, gehien gustatzen zaidana. Pintura abstraktua da, eta hor lortu nuen nahi nuena. Familia berekorik ez zait atera gehiagotan, baina hortik jo nahiko nuke. Abstraktua izanda, letraren bat dauka, lore bat dauka...
Lanak sinatuta dituzu. Garrantzitsua da autoretza ipintzea?
Ez. Amaiera emateko sinatzen ditut, ohituraz. Ez zait gustatzen sinadurak pintura jatea. Pintore bati esan zioten behin: «Baina hori ez dago sinatuta!», eta hark erantzun: «Nik koadroak egiten ditut, ez autografoak». Gauza koadroa da.
36 bildu dituzu erakusketan. Gordetzeko lekua beharko da, ba?
80 metro koadroko etxeagaz nahikoa da. Gela batean edukitzen ditut: paperean eginda daudenak paper zorroetan. Hemen daudenak gordetzeko arazo gehiago daude. Horregatik hamabost bat oparituta dauzkat. 22 nituen etxean, eta erakusketa amaitzen denean, lagunei oparituko dizkiet saltzen ez direnak. Esaten dudan moduan, laga egiten ditut koadroak. Udan, lagun guztiak ezkondu, umea eduki, etxea hartu... hortxe sasoian daude. Aukeran, etxera doazenei koadro bat oparituko diet.
Eta erakusketa zelan doa?
Ondo. Jendeak jakin mina erakusten du. Eta nik apropos ipini ditut lan guztiak erakusketan, ez bakarrik saltzen daudenak.
Kreatibitatea oso-osorik.
Ez nuen nahi ezer ezkutatu. Koadroak ez dira ezkutatuta egoteko. Gordeta egonda ez dute ezer esaten. Aterata bizirik daude.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.