
EAJk Mijoa zabaltzearen alde apustu egin du, herrira industria erakartzeko
Ekonomia
Enpresa haztegiaren aurka agertu dira jeltzaleak; lehen egitekoa industria lurrak eskuratzea dela diote.
garbiñe garagarza
Mijoako industriagunea zabaltzea da EAJrentzat herrian enpresa berriak sortzeko irtenbidea. Horrekin batera, enpresa haztegiaren aurka azaldu dira, proiektuak bideragarritasun ekonomikorako baldintzak ez dituela betetzen argudiatuz.
EAJ alderdiko kideek, lehenik eta behin, industri lurrak eduki behar direla azpimarratu dute. «Enpresa haztegia bultzatu aurretik, non jarri eduki beharko genuke». Horrenbestez, EAJk ezker abertzaleak enpresa haztegiaren inguruan, behin eta berriz, egindako eskaerei erantzun nahi izan die.
Enpresa berriak Mijoan kokatzea da jeltzaleen asmoa. «Herrian enpresa berriak ezartzeko behar duguna zera da: Mutriku enpresentzat toki erakargarria bilakatzeko, negozio aukerak eta komunikazio onak dituen gune bat eskaintzea». Horretarako, indus- triagunea zabaltzea da lehen helburua, eta lan horretan ari direla azpimarratu nahi izan dute. «Sprilurrekin lanean ari gara, Mijoan pabiloi berriak arrazoizko prezioetan eraiki ditzaten».
Mijoako industriaguneko lurrak zabaltze aldera, inguruetako baserritarren lurrak eskuratu nahian dabil Udala. Momentuz, baserritarrekin akordio batera iristea lortu ez dutenez, desjabetza espedientea martxan jarri dute. «Horrek ez du esan nahi baserritarrekin akordiora iristeko aukera alde batera laga dugunik», azaldu du Josebe Astigarraga alkateak.
Proiektuaren eskasia
EAJk «hasieratik» ikusi zituen hutsuenak enpresa haztegiaren proiektuan. Aurrera egiteko beharrezkoa zen diru kopuruaren gainean zalantzak agertu zituztela azaldu nahi izan dute.
Jeltzaleek enpresa haztegiaren kudeaketarako proposamenik ez egotea kritikatzen dute. «Hori izan zen, hain zuzen ere, orain urte batzuk ideia horren garapenaren inguruko eztabaidan gure desadostasunaren arrazoi nagusienetako bat». Jeltzaleen arabera, hasieran aurkeztutako bideragarritasun proiektuan, urtero 60.000 euroko kostua aurreikusten zen. Proiektua bi urteren buruan jasangarria izango zela aurreikusten zen, baina horretarako haztegia beteta egon behar zen. «Galerak sortuko liratekeelakoan gaude, eta Udalak bere gain hartu beharko lituzke», adierazi dute.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.