
Simon Bolivar Museoa jendez bete da Museoen Nazioarteko Egunean
Kultura
Museoa ikusteko aukeraz gain, jan-edana egiteko aukera eduki dute bertaratu diren bisitari guztiek.
asier alkorta
Museoen Nazioarteko Eguna izan zen herenegun mundu osoan. Ohiturei jarraiki, munduko museo guztiek ekimen bereziak antolatu zituzten eguna ospatzeko. Bertokoak ere ez ziren, ez, atzean geratu, eta egun berezi hori ospatzeko egunerokotik ihes egin zuten. Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar Museoa hamabi orduz egon zen zabalik, eta arduradunen esanetan, «egun osoa gelditu barik» ibili ziren. Jende asko joan zen.
Museoa herritarrengana hurbiltzeko asmoz, 1977an Museoen Nazioarteko Batzordeak (ICOM) Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko erabakia hartu zuen. Ordutik, maiatzaren 18a heltzen den bakoitzean, mundu osoko museoek jendeari begirako zer edo zer egiten dute. Ziortza-Bolibarko Simon Bolivar Museoaren ateak ere zabal-zabalik egon ziren 10:00etatik 22:00ak arte. Guztira, 90 pertsona inguru pasatu ziren museotik, talde ezberdinetan; horietatik 65, arratsaldean. «Denak gustura ibili dira», azaldu zuten.
Hiru gidari egun osorako
«Guk uste baino jende gehiago etorri da museora; egun berezia izan da», azaldu zuen museoko gidaritza lanak egin zituenak. Hamabi orduz, Simon Bolivarren bizimodua azaltzen ibili ziren behargin horiek. «Hiru gidari egon gara egun osoan. Lehenengoa goizetik eguerdira arte egon da, eta beste biok arratsaldez». Goizean modura, arratsaldean ere bisitaz «gainezka» egon zirela azaldu zuen beharginak: «Etorri naizenetik gelditu barik nabil; talde bategaz amaitu eta beste bat etortzen da».
Nagusiak, gazteak eta txikiak
Eguneko azken orduetan, nekatuta zirudien gidariak, eta museoak berak ere bai. Nazioarteko eguna ospatzeko, museoko ateak zabaltzeaz gain, mokadua jateko txoko bat prestatu zuten antolatzaileek. «Talde bakoitzari museoa goitik behera erakutsi diogu, eta Simon Bolivarren bizitza zelakoa izan zen azaldu. Gero, euren kabuz eraikinean ibiltzen laga diegu. Bisitagaz amaitzeko, janariz eta edariz betetako mahai bat jarri dugu museoaren sarreran, eta asko eskertu digute guztiek; jan-edana beti ondo etortzen da».
Prozesu berbera behin eta berriz errepikatu zuten. Bisitarien artean denetarik zegoen. Nagusiak, gazteak eta umeak. «Adin guztietako bisitariak eduki ditugu. Txikienak aspertu egiten dira azalpen asko ematen baditugu, beraz, arin egiten saiatzen gara». Jatorria ere ezberdina zutela adierazi zuen arduradunak. «Hizkuntza aldetik, dena gazteleraz esan behar izan dugu azalpenetan; euskaldun gutxi etorri dira, eta etorri direnak beste batzuekin sartu direnez, gazteleraz egin dugu dena».
Antzinako zigiluz betetako agiriak, gerretan erabilitako tresnak eta Bolivarren bizitzan garrantzitsuak izan ziren bestelako materialak gertutik ikusteko aukera izan zuten bisitariek.
Museoak bisita asko izaten ditu urte osoan, baina gehienak antolatutako txangoak izaten direla argitu du arduradunak. «Oraingoan, berriz, bat-batean eta beraien kabuz agertu dira denak».
Historia ikasten
1783an jaio eta 1830ean hil zen Simon Bolivarrek bizitakoak eta askatu zituen herrialdeak zeintzuk izan ziren jakin ahal izan zuten bertaratu zirenek. «Interesgarria iruditu zaigu museora etortzea. Gainera, gaur, egun aproposa da», adierazi zuen bisitari batek.
Lea-Artibai bisitatu eta historia pixka bat ikasiz, jende asko ibili zen egun osoan inguruotan. «Dantzari Eguna izan da Markina-Xemeinen, eta asko etorri dira hango jaia amaitu ostean museoa ikustera», gaineratu zuen gidariak. Gauzak horrela, herri bateko jaia beste jai bategaz batu zen.
22:00ak heldu zirenean, Simon Bolivar Museoak ateak itxi zituen. Atzozarratuta egon bazen ere ¬asteko atseden eguna zelako¬, gaur berriro zabalik egongo da. Museoen Nazioarteko Eguna egun bakarra bada ere, museoko ateak urte osoan zabalik egoten dira eta, lekuan lekuko ondarearen testigu.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.