Bizkaiko Dantzari Eguna
Amutxastegi eta Aretxabaleta herritarrak omendu dituzte, dantzariz eta jendez bete den jai handian.
eider mugartegi eta leire akarregi
Emozioz betetakoa. Halakoxea izan da Markina-Xemeinen ospatu den aurtengo Bizkaiko Dantzari Eguna. Goizetik iluntzera arteko festa handian bihurtu da, Bizkaia osotik etorrita, 3.500 dantzari inguru batu dituen jaialdia.
Goizetik hasi zen giroa sortzen, dantzariz betetako autobusak herrira ailegatzen hasi zirenetik. 85 bat autobus etorri ziren, Bizkaia osotik. Dantzariez gainera, jaian murgiltzeko asmoz etorritako ehunka lagunek bete zituzten herriko bazterrak.
Udaletxe osteko aparkalekuak hartu zituen dantza talde guztien saioak goiz osoan. Hainbat saio eskaini zituzten hango eta hemengo dantzariek, elkarregaz. Eurak dantzak zein giroak berak emozioz betetako momentuak ekarri zituen dantza gunera.
Dantza batetik besterako tartean, Markina-Xemeingo Zerutxuko dantzari ohiek Lekeitioko emakumeen aurreskua dantzatu zuten, hainbat urtean Zerutxuko irakasle izan den Felipe Amutxastegi eta Zerutxuko txistulari eta danbolin jole Imanol Aretxabaleta omenduz. Urte luzeetan dantza taldean egin duten beharraren esker onez oroigarri bana jaso zuten markinarrek.
Aurtengo jaialdian Xemeingo ezpata dantza egin dute estreinako. Zerutxuko dantzariez gain, beste hainbat dantza taldek hartu zuten parte saioan. Euren artean, lehen Markina eta Xemeingo dantza taldeetan ibilitako dantzariak ikusteko aukera egon zen. Ilusio handia jarri zioten beteranoek Xemeingo ezpata dantzari, eta hainbat hilabeteetan entsegatutakoa erakutsi zuten, «urduri, baina pozik».
Jaialdia herrira zabalik
Dantza eta jai giroa herri osoan zabaldu zen egun guztian. Zelai ingurua bereziki girotu-girotuta egon zen goizetik iluntzera arte, eta dantza munduagaz lotutako artisautza postuak egon ziren jendearen eskura. Bestetik, umeek eurekin pentsatuta ipinitako puzgarri eta jokoetan egin ahal izan zuten olgetan. Zelaiko giroa ez zen ilundu arte amatatu. Arratsaldeko erromerian hankei eragiten jarraitu zuten goizean dantzan ibilitako askok, eta beste asko batu zitzaizkien festara.
Beharrean, baina «ondo» pasatu zuten Zerutxukoek ere; baita eurekin batera lanean ibili ziren guraso, dantzari ohi eta beste hainbat herritarrek ere. «Ardura handia izan da, baina pozik geratu gara egunagaz, eta eskerrak eman nahi dizkiegu laguntzen ibili diren guztiei: gurasoei, dantzariei eta dantzari ohiei, Udalari, udaletxeko beharginei eta herritar guztiei», esan dute Zerutxu dantza taldekoek.