Etxeen salmentan geldialdia gertatu da berton ere, «Aste Santutik hona»
Gizartea
Errentan emateko etxerik, berriz, ia-ia egon ere ez dago, eta agentzien arabera, «berehala alokatzen dira».
maribi ugarteburu
Higiezinen agentzietako erakuslehioak beteta daude. Dotore. «Santa Katalina, hiru logela, itsas-ikuspegia, 420.700 euro». Lehengo 70 milioi pezeta inguru. «Aldamiz, bi logela, balkoia, konpontzeko, 215.000 euro». Azken aldian ez dira gutxitzen erakusleihoko eskaintzak. Gehitzen doaz. Eta kaletik zoazela begiak goratuz gero, lantzean kartel dizdiratsu bat ikusiko duzu: «Salgai».
Bertoko etxe-salmenta agentziek somatu dute geldialdia. «Etxebizitza bat saltzeko behar den denbora ez da finkoa; etxebizitzaren arabera doa, baina bai igarri da denbora epe hori luzeagoa dela orain, batik bat etxebizitzak obra behar duen kasuetan», diote Markina-Xemeingo Oizbarren agentziakoek. Gela biko etxebizitza 180.000 eurotan, horixe da une honetan daukaten eskaintzarik merkeena.
Lekeitioko etxebizitzen merkatua bestelakoa da; udatiar bezeroek markatzen dute hein handi batean. Hala eta ere, bertan ere somatu da geldialdia: «Guk 30 etxebizitza dauzkagu salgai Lekeition, eta bataz beste, zazpi hilabete behar izaten dugu salmenta burutzeko. Geldituta dago dena azken aldian». Itxasbegira agentziako arduradunen berbak dira. Une honetan daukaten eskaintza merkeena 216.364 eurokoa da.
Errentan, eskaintzarik ez
Aldiz, errentan emateko etxebizitzen berririk ez da ageri erakusleihoetan. «Etxe bat errentan emateko datorrenerako, badauka eskaria eta segituan alokatzen dira, ez badira prezio altuegiak, behinik behin».
Markina-Xemein, Etxebarria eta Berriatua dira, proportzioan, alogeran etxe gehien dauden herriak, batik bat behargin etorkinen eraginez.
Lekeition, berriz, udarako bakarrik alokatu nahi izaten dira hainbat etxebizitza, eta modu horretan, urte osorako hartu nahiko lukeenak gaitza edukitzen du aukera bat bilatzea. «Guk geuk urte osorako alokairuak bakarrik gestionatzen ditugu, urte osorako premia daukaten herritarren kalterako izaten baita uda hutserako alogera», diote Bakea agentziakoek.
Errenten prezioari buruz «komunikabideen erantzukizunari» egin diote dei Bakeakoek: «Orain dela gutxi El Correo egunkarian idatzi zuten Bilboko bataz besteko alogerako prezioa 1.000 euro dela... Eta hori irakurri ostean inork ere ez ei zuen merkeago kobratu nahi. Baina, ez da posible; jende beharginak ordaintzeko moduko prezioak behar dira».
Geldialdiaren arrazoiak
Salmentetan gertatzen ari den geldialdiaren atzean ere «neurri batean», komunikabide guztietan gai hori ateratzea dagoela uste dute Lekeitioko Bakea agentziakoek. «Aste Santu inguruan atera zen gai hori han eta hemen; Nazioarteko Moneta Funtsaren arabera, Espainian etxebizitzen prezioa jaitsi egingo zela %15-20 artean...; guk geuk orduntxetik hona igarri dugu geldialdia, ez arinago».
Ekonomia kapitalistaren oinarria konfiantza dela esaten dute adituek, eta oinarri hori kolokan ipintzen duena, berriz, beldurra. Etxebizitzen salmentan gertatu den geldialdiaren atzean, gainera, «etxegintza espekulatiboaren bitsa jaitsi izana» egon daiteke. Hala eta ere, ikusteko dago benetan noraino jaitsiko diren etxeen salneurriak. 216.000-240.000 euro artean dago, inguruon, bataz besteko salneurria erabilitako pisuentzat.
Gazteak euren habiaren bila
Lekeition eta Berriatuan etxebizitza arazoari irtenbideak bilatzeko helburu duten taldeak eratu izan dira.
m. ugarteburu
Berriena Berriatuko Habixi taldea da: etxebizitza eskubidearen aldeko taldea, joan den asteburuan egin zuena lehenengo mobilizazioa, herriko jaietan. Erantzunagaz pozik agertu dira: «Herriko gazte guztiek hartu zuten parte».
Berriatuko gazteentzat herrian etxebizitza bat eskuratzea «ezinezkoa» dela deritzote: «40 milioi inguruan daude prezioak, eta alokairuko etxerik ez dago». Gurasoekin bizi dira gehienak, eta batzuk joan ere egin dira beste herri batera azken urteotan.
«Lehenengo, Berriatuko etxebizitza politikagaz inor gehiago ez aberastea lortu behar dugu, eta beharrizana dutenen eskubideak bermatzen ahalegindu», esan dute. Zentzu horretan, Udalari eskatu diote herrian azterketa egin dezan, herritarren parte-hartzeaz, etxebizitza premiak zehazteko.
Lekeition, berriz, azken hileotan ez da egon Etxebizitza Arazoa Konpontzeko Mahaiaren deialdirik. Iazko udaberrian «etxebizitzen arazo larria konpontzeko hartu beharko liratekeen neurrien proposamen zerrenda» dekalogo batean batu zuten mahaiko kideek. Etxebilak, LG-k, Batasunak, EAk eta Arbiatx plataformak osatu zuten Mahaia 2006ko irailean, eta euren helburua «etxebizitza arazoaz konponbideak herritarren parte-hartzeaz adostea» da.
Gazte Kontseiluaren Topaketa
Aurreko asteburuan egin zuten Bilboko San Franzisko auzoan Euskal Herriko Gazte Kontseiluak (EHGK) deituta, I. Etxebizitza Topaketa. 170 bat gazte batu ziren.
Etxebizitza eskubidearen inguruan lan egiten duten gazte taldeen arteko harreman sarea trinkotzeko asmoa agertu zuten topaketan batutakoek.
«Etxebizitzen prezioak ez ditugu guk ipintzen, saltzaileek baino; hori argi gera dadila»
salvador fernandez eta lurdes mendiguren ð- Bakea higiezinen agentziako arduradunak
Lekeitio
«Erantzukizun sozialaren filosofiagaz» diharduen enpresatik «etxebizitza eskubide modura» planteatzen dute
m. ugarteburu
«Inmobiliariak = lapurrak esaerak min ematen digu». Lurdes Mendiguren eta Salvador Fernandezen berbak dira. Orain dela lau urte hasi ziren Bakea III. Milenio higiezinen agentziagaz lanean Lekeition. «Etxebizitzen prezioak ez ditugu guk ipintzen, saltzaileek baino; hori argi gera dadila».
Etxea edo lokala saldu nahi duenak esandako prezioa ipintzen duzue, beste barik, ala tasazio objektiboa lantzen duzue?
Azken erabakia saltzailearena da. Baina, hala ere, lehenengo tasazio bat egiten zaio, eta horretan guk aintzat hartzen dugu benetan zenbateko balioa daukan etxe edo lokal horrek. Objektiboak gara. Bizi ahal izateko goitik beherainoko erreforma sakona behar duen etxeari ezin diogu sekulako prezioa jarri. Eta bestela ere, benetan etxea saldu nahi bada, erosle potentzialen errealitatera moldatu behar dute prezioek. Saiatzen gara erosleak arrazoizko prezioetara ekartzen. Baina dirua dirua da, eta ideologia guztietako saltzaileek antzeko jokabidea hartzen dute sarritan: prezio altuegitik hasi, eta gero, saltzen ez bada, jaisten joan.
Etxebizitzak saldu ezinik, krisian daude hainbat etxe agentzia, eta Araban, adibidez, %40 zarratu egin behar izan dituzte. Hemen ere horrelako arriskua ikusten duzue?
Ez, hemen inguruan ez. Kostako lekuetan eragin gutxiago dauka eraikuntzaren puztualdia jaisteak. Hemen, berton bizi direnek edo berton oporrak pasako dituztenek behar dute etxebizitza. Aldiz, Gasteiz inguruan adibidez, asko-asko eraiki da, eta espekulazioaren faktoreak eragin handia eduki du. Agentzia askok planoaren gainean erosten zituzten etxeak, handik urtebete edo bira saltzeko, miloika pezeta batzuk eskuratuz. Eskaria jaitsi den momentuan, eraikuntza eta salmenta epeak ere luzatu egin dira, eta bitartean agentzia horiek diruaren zati bat emanda eduki dute. Zor gehiegi pilatuz gero, ezin jarraitu... Hemen, berriz, ez dago horrenbeste eraikuntza berririk martxan.
Eta bigarren eskuko etxebizitzen prezioak jaitsi dira?
Zer edo zenbat bai; orokorrean, 6.000-12.000 euroko jaitsierak egon dira. Baina hori beti doa saltzaileak saltzeko daukan presaren arabera. Erosi nahi duenak, interesa badauka, negoziatu egin behar du jabeagaz. Negoziazioek, normalean, ematen dute fruitua.
Etxe salmentako agentzien sektorearen izen txarrak min ematen dizuela esan duzue. Araututa dago sektorea ala ez?
Guk finka administratzaile titulua eta lizentzia dugu; baina Auzitegi Gorenaren epai batek ebatzi zuen hau beste edozein negozioren modukoa zela, eta ez zela behar titulazio ez baimen berezirik. Ordutik jende asko sartu izan da sektorean, profesionalak izan barik. Badaude agentzia eduki barik ere pisu salmentan jarduten dutenak.
Zein portzentaia kobratzen duzue?
Ohikoena leku guztietan %3 izaten da. Baina, hemen, Lekeition, salmentako prezioaren %2 gabiltza kobratzen etxebizitzen kasuan. Lonjen kasuan, gaitzagoa denez saltzea, %3 ipini ohi da. Eta, guk geuk, dena legez egiten dugu, BEZa barne. Horregaz batera, etxe bat saltzen ipintzeko ekartzen digutenean, saltzaileari eskrituren kopia eta katastrokoa ere eskatzen dizkiegu. Asko harritu egiten dira horregaz, baina modu bakarra da erosleari arazoak ekiditeko, eta erosle horrek hasieratik jakin dezan zenbat izango den pisuaren kostu osoa. Gure lanbidearen alde profesionalak hori egitea ere eskatzen du; ez bakarrik pisuen erreferentzia ipintzea erakusleihoan.
Edozein etxebizitza onartzen da saltzeko edo errentarako?
Errentarako, behinik behin, ez. Bizitzera sartzea ezinezkoa den pisu bat ezin dugu onartu.
Etxebizitza eskuratzeko momentu ona dela esango zenukete?
Nik pisu bat erosteko premia izango banu, begiratu egingo nuke, eta benetan gustatzen zaidana eta niretzako modukoa dela ikusiz gero, negoziatu egingo nuke jabeagaz; erakusleihoan dagoen prezioa ahaztuta, balorazio erreal bat eginda. Erosleak beti dauka berak uste baino botere gehiago. Ia orain momentu ona den? Premia badaukazu, bai.
Zelako aurreikuspena daukazue zuen lanari begira. Geldialdi hau luzatuko da?
Urte hasiera nahiko aktiboa izan zen, eta aldiz azken hilabete eta erdian geldirik gaude. Hala ere, bataz beste, urte ona edukitzen gabiltza, eta sinatuko genuke hurrengo lau urteetan ere horrelaxe jarraitzeko.
Interes tipoak puntu erdi jaitsi daitezke
Finantzak
Europako Banku Zentrala «derrigortuta egon daiteke jaitsierara», Euskadiko Kutxako adituen esanetan.
m. ugarteburu
Iazko abuztutik dagoen nazioarteko finantza krisiak gelditu eragin du 2005etik hona Europako Banku Zentralak (EBZ) burututako interes tipoen igoera politika. Aurrera begirako joerei buruz, «finantza krisiak ekonomiengan edukiko duen eragina kontuan hartuta, EBZ «derrigortuta egon daiteke urtearen bigarren seihilekoan interes tipoa puntu erdi jaistera», Euskadiko Kutxako finantza adituen esanetan. Aurreikuspen horren arabera, urtea % 3,50eko interbentzio tipoekin amai daiteke.
«Aurrekaririk bako finantza krisia»
«Abuztutik hona aurrekaririk ez daukan finantza krisia bizi dugu nazioarte mailan», diote Euskadiko Kutxakoek. Krisia «lehertzea» eragin zuena Amerikako Estatu Batuetako zabor-hipoteken krisia izan arren, finantza adituek diotenez «lehenagotik zetorren zorpetze mailatik» letorke krisiaren arrazoia.
«Ekonomia eragileen zorpetze maila handia izan da; hau da, enpresak, familiak edo eta inbertsio funtsak asko zorpetu dira dirua oso merke eta eskuratzeko erraz egon den denbora epe luzearen eraginez», azaldu dute Euskadiko Kutxakoek. Merkatuen globalizazioak eta nazioarteko finantza produktu sofistikatuek mundu mailara eroan dute Ameriketan eztanda egindako krisia. Konfidantzan oinarritutako sisteman arrakalak sortu dira.
«Finantza entitateenganako konfiantza berreskuratu beharko da merkatuak atzera ere normaliza daitezen, eta horrek denbora eskatuko du», adituen esanetan.
Horregaz guztiagaz, hipoteken kontratazioa ere moteldu egin da. «Etxebizitzen prezioak geldirik daude eta horrela jarrai dezakete».