
Urazca enpresaren egoerak ez du eraginik izango moilako babes dike berrian
Mutriku
Alkateak jakinarazi duenez, Mariezkurrenak hartuko du «obraren pisua», eta epeak beteko dituzte.
garbiñe garagarza
«Urazca euskal enpresaren egoera ekonomikoak ez du eragingo babes dikearen eraikuntzan». Josebe Astigarraga alkateak gai horren inguruan herrian sortutako kezkei erantzun nahi izan die.
Alkateak azaldu duenez, Mariezkurrena enpresa izango da «obraren pisua» hartuko duena. «Babes dikeko obra arduradunarekin harremanetan jarrita, epeak beteko dituztela ziurtatu dute. Beraz, ez du inolako eraginik izango», azpimarratu nahi izan zuen.
Urazca eta Mariezkurrena enpresek babes dikea eraikitzeko Aldi Baterako Enpresa Elkartea sortu zuten, eta 2005eko abuztuan jakin ahal izan zen elkarte hori izango zela dikea eraikiko zuena.
Joan den maiatzaren 13an, berriz, ordainketa etendura eskatu zuen Urazcak epaitegietan. Hala ere, enpresa ez dela desagertuko ziurtatu zuen Urazcako presidente Jose Ignazio Ugartetxeak.
Babes dikeari dagokionean, hurrengo pausoak ematen jarraituko dutela ziurtatu dute Mariezkurrena enpresako ordezkariek; hau da, neguko itsaso zakarrei aurre egiteko dikearen muturrean jarritako harrizko babesa kendu, itsas azpia berdintzeko egindako betelanak ondo dauden ziurtatu eta dikea eraikitzen jarraituko dute.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.