
JUAN MARI BADIOLA ð- Txirrindularia
«Torturatu egin naiz; gaindituko ez nituzkeen mugak gainditu ditut»
Kirola
Titan Desert mundu mailako bizikleta lasterketan 33. postua lortu du ondarrrutarrak; aurten, froga gogorregia izan dela-eta, antolakuntzak barkamena eskatu du.
asier alkorta
Marokora (Afrika) joan zen Juan Mari Badiola (Ondarroa, 1967) apirilaren azkenetan. Oporretara joan ordez, Titan Desert bizikleta frogan parte hartzera joan zen, munduko beste txirrindulari batzuekin batera. Zozketa baten froga titaniko horretan parte hartzeko aukera tokatu, eta abenturan barneratu zen ondarrutarra. Orain, froga gainditu ondoren, bertan bizitakoa kontatzeko bizikletatik jaitsi da.
Deskantsatuko zenuen, ezta?
Bai, halako batean guztiz deskantsatzea lortu dut.
Zelan ailegatu zara proba horretan parte hartzera?
Bizikleta aldizkari baten Titan Desert proban parte hartzeko hiru pertsonentzako lekua zozketatzen zuten, eta izena eman nuen. Zortea izan nuen, eta hiru sarreretatik bat niri tokatu zitzaidan.
Aurretik ere zer edo zer entzunda zenuen proba horren inguruan?
Aurten, hirugarren aldiz egin da proba, eta askorik ere ez nekien, baina banekien egin egiten zela. Desertuan egiten den proba gogor bat dela neukan entzunda. Gero, Interneten kuxkuxeatzen hasi nintzen, datuak biltzen.
Zuk doan parte hartu duzu, baina izatez proba garestia da, ezta?
Oso garestia da: parte hartu nahi duten guztiek 2.000 euro inguru gastatu behar dituzte. Hala ere, Bartzelonatik abiatu ginen proban izena emanda geuneukanok, eta irteera lekura joateko bidaia nik ordaindu behar izan nuen, hortik aurrera, dena doan. Txirrindulari profesionalak ez diren gutxi batzuek izaten dute bost eguneko lasterketa baten parte hartzeko aukera; ni zortekoa izan naiz.
Beti izan zara abenturazalea?
Aurretik ere nahikoa astokeria egindakoa naiz. Iaz, adibidez, Transpirenaica froga egin nuen lagunekin. Mendian ere asko ibiltzen naiz. Titan Desertek nigaz lotura zeukanez, lanean jaiegun batzuk eskatu eta joan egin nintzen.
Apirilaren 26an Ondarroatik irten eta maiatzaren 2an buelta egin zenuen. Baina frogak zenbat egun iraun zituen?
Bost etapatan zegoen banatuta: apirilaren 27tik maiatzaren 1era. Erfoud hiritik hasi eta Ouarzazate herrira ailegatzea zen helburua, ia 500 kilometroko bidaia.
Kilometro asko dira.
Proba egiten hasi zirenetik hona, gero eta gogorragoa izan da; zailtasun maila handitzen joan da. Aurten, ostera, antolatzaileek proba berezi bat egin nahi izan dute, eta pasatu egin dira.
Neurriz kanpokoa izan al da ba?
Antolakuntzak barkamena eskatu zigun parte-hartzaile guztioi. Aurten, gehiegi gogortu dute. Hirugarren eguna amaitu zenean, 60 lagunek froga bertan behera laga zuten, ezin zutelako. Beraz, antolakuntzak laugarren eta bosgarren etapak moztu zituen, bestela ezin zitekeen.
Guztira, zenbat parte-hartzaile egon zarete Titan Desert egiten?
227 pertsona inguru hasi ginen, eta helmugaraino 140 iritsi ginen, gutxi gorabehera. Tartean askok etsi zuten.
Txirrindulari profesionalekin ere lehiatu zara, ezta?
Antolakuntzak ezagunak diren kirolari batzuei deitzen die, frogak mundu mailan oihartzun handia izan dezan. Aurten, besteak beste, Melcior Mauri, Claudio Chiappucci, Laurent Jalabert eta Roberto Heras egon dira. Azken horrek irabazi egin zuen gainera.
Hortaz, froga amaitzea bera meritua da.
Ni nahiko burugogorra naiz, eta buruan sartuta neukan froga amaitu egin behar nuela. Baina ez nuen pentsatzen hain gogorra izango zenik.
Amaitzea nahikoa ez, eta 33. postuan geratu zinen. Zorionak.
Nire helburua 100 lehenengoen barruan geratzea zen. Baina hori lortzeko torturatu egin naiz. Psikologikoki inoiz gaindituko ez nituzkeen mugak gainditu ditut froga horretan.
Esperientzia errepikatuko zenuke?
Berriro zozketa tokatuko balitzait, bai, baina horrela ezean, ez. Hori bai, bigarren aldiz joango banintz, errespetu gehiagogaz jokatuko nuke; ez nintzateke hain gogor hasiko.
Egun osoan bizikleta gainean ibiltzen zinen?
Etapa bakoitzean kilometro jakin batzuk egin behar ziren. Kilometro horiek egiteko nork bere martxa markatzen zuen. Batek sei ordutan egin zezakeena beste batek hamarrean egiten zuen. Lehenengo etapan 82 kilometro egin behar izan genituen; bigarrenean, 90 kilometro; eta hirugarrenean, 126. Azken hori izan zen gogorrena.
Gogorrena eta luzeena esan nahiko duzu.
Etapa Maraton zuen izena hirugarrenak. Desertutik ibili behar ginen, eta ikaragarrizko beroa egin zuen, 45 gradu inguru. Izatez, bigarren egunean hasi ziren abenturak: galdu egin ginen. Erraza zen galtzea, are gehiago bidea mozteko ahaleginak egiten bazenituen.
Tranpak egin zitezkeen ala?
Ez ziren tranpak. Bidean zeuden kontrolak halabeharrez pasatu behar izaten ziren, baina bestela, posible zen bide alternatiboak egitea.
Estutasunik pasatu duzu?
Etapa Maraton egiten, ez nuen ezer ikusten desertuan; ez aurrean, ez atzean. 30 minutura bat edo bat ikusi nuen, eta bide egokian nindoala konturatu nintzen.
Froga horretatik zer nabarmenduko zenuke?
Gogortasuna. Psikologikoki oso froga gogorra da.
Erretiratzea pentsatu zenuen momenturen batean?
Bai, bai. Mila bider pentsatu nuen hori, eta nire modura, beste parte-hartzaile guztiek.
Parte-hartzaileok ere elkar animatzen ibiliko zineten, ezta?
Duda barik, parte-hartzaileok laguntza eman diogu elkarri. Animoak ematea ezinbestekoa izan da.
Marokoarren bizimodua zelakoa den ikusteko aukera izan duzu?
Bidean leku asko ikusi ditugu. Baina, orokorrean, pobrezia nabarmenduko nuke. Herrialde pobrea dela ikusi ahal izan dut.
Ondarroara heldu zinenean etsita egongo zinen, ezta?
Inoiz izan ez dudan nekeagaz bueltatu nintzen. Egunak joan eta egunak etorri, oraindik nekea igartzen nuen, ikaragarria izan da. Froga horretan parte hartzeko fisikoki zein psikologikoki gogorra izan behar zara.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.