
Iaz baino erromes gehiago hartzea espero dute aterpetxean
Markina-Xemein
Atzo zabaldu zituen ateak aurten ere Karmeldarren komentuan kokatuko den erromesentzako ostatuak.
eider mugartegi
Santiago Bidea egiten dabiltzan erromesek non gelditu edukiko dute irailaren 30era arte. Atzo zabaldu zituen ateak -eta, bigarren urtez, erromesentzako aterpetxeak. Hasiera baten, ekainaren hasieran zabaltzekoak baziren ere, maiatzaren hasieratik dagoen eskaria ikusita, hilabete honen erdirako adostu dute irekiera Markina-Xemeingo Udalak eta Santiago Bideko Lagunen Elkarteak.
Iaz, 1.354 erromes hartu zituen Markina-Xemeingo aterpetxeak, eta aurten, azken urteetako gorantzako bilakaerari jarraituz, iaz baino erromes gehiago espero dituzte. Gainera, nahiz eta iaz alderantziz gertatu zen¬710 Espainia eta Euskal Herritik etorritakoak izan ziren, eta 644 gainontzekoak¬, aurten, urrunagotik datozenak gehiago izango direla uste dute arduradunek. «Europatik datozenen artean iparraldeko bideak interes handia eragin du, batez ere, alemaniarren artean», esan dute. Bestalde, iaz legez, kataluniar eta madrildar asko pasatuko direla pentsatzen dute.
Harrera egileak
Aterpetxeak 28 erromesentzako lekua dauka, eta 15:00etatik 22:00etara edukiko ditu ateak zabalik. Ohatzez betetako gela bi ditu: bata hamabi ohekoa eta bestea 16koa. Horretaz gainera, neska zein mutilentzako komunak eta dutxak, egongela bi eta harrera gunea dauzka, baita aire zabalagaz gozatzeko aukera ematen duen patioa ere.
Uztailean eta abuztuan egunero beteta egongo dela aurreikusten dute.
Markina-Xemeingo aterpetxea, Bizkaiko besteen moduan, Santiago Bideko Lagunen Elkarteak kudeatzen du. Elkartearen bidez, harrera egileak egoten dira aterpetxeetan erromesei errezibimendua egiten. «Gure ardura erromesei harrera egokia egitea da. Informazioa eta aholkuak ematen dizkiegu, eta behar duten guztian laguntzeko gaude», azaldu du Carlos Erazo Markina-Xemeingo aterpetxean dagoen harrera egileak.
Borondatearen truke
Aterpetxeak egonaldia eskaintzen du bakarrik, eta ez da ezer ordaindu behar trukean. Nahi duenak borondatea uzten du bertako itsulapikoan, eta diru hori mantenurako erabiltzen dute.
2004tik, hainbat erromesek aukeratzen dute iparraldeko ibilbidea Santiagora ailegatzeko. Urte hartan, bidea seinalestatu zuten, eta Ziortzako aterpetxeagaz gainera, beste aterpetxe bi zabaldu zituzten Bizkaian: Lezaman eta Portugaleten. Hori dela eta, gero eta erromes gehiago ikus daitezke Lea-Artibaitik eta Mutrikutik pasatzen den ibilbide zatian.
2005ean Pobeñako (Muskiz) aterpetxea zabaldu zuten, eta iaz, Basurtokoa eta Markina-Xemeingoa. «Zati guztietan aterpea egotea nahi dugu», esan du Erazok.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
DEIALDIAK
PODOLOGO ZERBITZUA
MARKINA-XEMEIN, - 2008-09-01
ANTZERKIA
Jardunaldiak
MUTRIKU, Anaiarte Biltokian - 2008-09-05
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.