Bizkaiko 71 talde datoz egun handira
aparkalekua libre utzi behar da jairako
Bizkaiko Dantzari Egunak herrira erakarriko duen jende piloa aurreikusita, Udalak zenbait neurri hartu ditu. Alde batetik, udaletxe osteko aparkalekua libre geratu beharko da domeka goizerako, eta bestetik, Aldaola ¬Ituarteko biribilgunetik aparkalekuraino¬ eta Agustin Deuna ¬Egotetxetik Arretxinagako biribilguneraino¬ ere libre utzi behar dira, kale biak dantzariekin datozen autobusak aparkatzeko erabiliko dira eta. Dena dela, libre geratu behar diren guneak seinaleztatuko dituzte barikuan.
Bestalde, domekan, ez da Bizkaibusik herri barrutik pasatuko. Autobusa Ondarroarako norabidean dagoen errotondan hartu beharko da. Horretaz gainera, Udalak herri bueltan egoten diren kamioiak aparkatzeko gune berezia jarriko du Kareaga industrigunean, zaintzaile eta guzti.
Kanpotik datozen ibilgailu txikiek, bestalde, saihesbideko ertzetan aparkatzeko aukera edukiko dute, eta Munibe aldera ere bideratuko dituzte. Herriko puntu guztietan arduradunak egongo dira laguntzeko.
Neurri horiek guztiak hartu arren, Udalak garajea duten herritar guztiei autoa bertan gordetzeko eskatu die. «Egun garrantzitsua da, eta denon ulermena, pazientzia eta laguntasuna beharko ditugu», esan dute.
egitaraua
11:30ean. Dantza ikuskisuna udaletxe osteko aparkalekuan: Dantzari Dantza, Gipuzkoako Dantzak, Ezpata Dantza, Dantzari Ertainak, Eltziegoko Dantzak, Gorulariak, Dantzari Txikiak, Jota eta Arin-arina eta Larrain Dantza.
17:00etan. Erromeria Zelaian, Luhartz taldeagaz.
Egun osoan. Puzgarriak eta tailerrak umeentzat eta artisau azoka eta txosnak.
dantzak
Dantzari Dantza
Agintariarena, Zortzinangoa, Ezpata Joko Txikia, Banangoa, Binangoa, Ezpata Joko Nagusia, Launangoa, Makil Dantza, Txotxongiloa. Herriko jaiak hurre dituztenean, Durangaldeko gazteak
Dantzari Dantza prestatzen hasten dira. Mendeetan zehar egin diren dantzak dira. Jai bezperan, arbola jarri behar dute plazan zortzi dantzarik. Agintarien aurrean herriko ikurrina daroatela aurkezten dira
Agintariena dantzatuz. Bakarkako, binakako, launakako eta denen arteko dantzak egiten dituzte, eta ezpata eta makil jokoekin osatzen dute saioa. Amaitzeko,
Txotxongiloa dantzatzen dute.
Gipuzkoako Brokel Dantza
Agurra, Makil Txiki, Zinta Dantza. Ezpata dantzariekin batera, Gipuzkoako herri askotako jaietan egiten duten dantza garrantzitsuenetako bat da. J.I. Iztuetak bederatzi dantzek osatzen dutela dio. Batzuk makila txiki zein handiekin dantzatzen dira, baita brokelekin ere, eta zinta jokoagaz amaitzen dute. Mutil gazte ondo jantziek eta aurretik lan handiz antolatuta daudenek dantzatzen dituzte. Taldeak hainbat herritan dantzatzen ibiltzen ziren, eta horrela, 1858. urtean, Bilboko zezen plazan dantza horiek dantzatu zituen Gipuzkoako talde batek.
Dantzari Ertainak
Olagueko esku-dantza. Aita Olazaranek aurkeztutako joko-dantza sortan Olagueko esku-dantza ere badago. Nafarroako Mendietan jasotakoak dira. Dantza horiek eginez jolasten ziren gazteak neguko gau-ekitaldi luzeetan.
Olagueko esku-dantza bizi-bizia eta alaia da. Hiru zati ditu: zati batean oinekin egiten dute dantzan, eta
Arin-arina-ren antzeko pausoak egiten dituzte; beste zati batean eskuak erabiltzen dituzte; eta hirugarrenean, eskuekin eta oinekin egiten dute.
Jauziak. Euskal Herrian eutsi izan zaien dantzetatik garrantzitsuenetakoak borobilean jarrita egindakoak dira. Ardatza zirkuluaren erdia da, eta dantzariek horren inguruan egingo dute dantzan, elkarri heldu gabe, dantzaren pausoak aldi berean eginez. Horrela egiten da
Mutil-dantza, adibidez.
Elziegoko Dantzak
Correcalles, La Danza, Cuatro Calles, Arbol eta Jota. Andramari Egunean, herriko zaindari egunean, dantzariek Ama Birjinaren irudiari dantzekin laguntzen dioten prozesio ederra izaten da. Dantzari gazteek, herriko parrokiatik pasatu ondoren, ermita alboan, irudiaren aurrean dantzatzen dute. Gerrara arte gizonezkoek dantzatzen zituzten. Geroztik, dantzen ohitura andrek berriztatu zuten, eta dantzatzen hasi ziren. Batzuetan mutilek laguntzen diete, eta guztien artean egiten dituzte.
Gorulariak
Arku dantza eta Domingiloa. Hiru dantzek osatzen dute Durangon egiten den
Gorulariak dantza: lino lanari buruz egindako
Estanpa, Arku Dantza eta
Domingiluen dantza. Azken biak lehenagoko garaietakoak dira. Durangon, batez ere
Domingiluen Dantza, herriaren kontu agirietan agertzen da. Orain, 1886. urteaz geroztik, neska-mutilen artean egiten dira. Lehenago bata neskek eginten zuten, eta bestea mutilek.
Dantzari Txikiak
Txulalai, Zapatain dantza, Esku dantza eta Xan Petrike dantza. Irri-dantzak edo joko-dantzak soinuaren eritmoaz egindako herrietako jokoak dira. Parte-hartzaileak herritar gazte euskaldunak dira, eta erritmoz eta barregarri agertzen den poztasun garbiz jokatzeko gai izan direla argi agertzen dute aitatutako dantzetan. Negu sasoiko gaupasa luzeak edo plaza eta tabernetako batzarrak entretenigarriak izateko dantza horiek egiten dituzte. Euskal Herri guztian egin dira, baina Nafarroa aldean biziagoak eta ugariagoak dira gaur egun.
Ezpata Dantza
Biribilketa, Sarrera Oinarria, Ezpata txikien jokua, Sarrera Oinarria, Ezpata txikien jokua, Oinarritik azken ibilketa, Biribilketa. Orain dela zenbait mende, San Migel Egunean (Irailak 29) Arretxinagako ermita alboan,
Ezpata Dantza egin zuten hainbat dantzarik. Antzekotasun handia dauka
Gipuzkoako Ezpata Dantza-rekin, baina badu bere berezitasun bat: dantzaren buruzagia taldearen ezpatak elkar trabaturik egindako oinarriaren gainean jaso izaten da, ezpata txikiak daroezanek bere inguruan dantzan egiten duten bitartean.
Lizarrako Larrain Dantza
Lizarrako Larrain dantza. Gaur egun,
Lizarrako Larrain Dantza da nagusi herriko jaietan. Dantza mistoa da, eta biribilketan egiten da. Gizarte dantza da, baina berregin zenez geroztik, berezitasun nabarmenak ditu. Zazpi dantzaz osatuta dago:
Pasacalles, Cadena, Fandango, Vals, Jota Vieja, Boleras eta Correcalles final. Horiez gain, dantzen sarreretarako dultzaina erabiltzen dute.
Kultura
Inguru guztietatik etorriko diren 20.000 lagun espero dituzte domekan ospatuko duten Bizkaiko Dantzari Egunean.
eider mugartegi
Bizkai guztitik etorritako 3.500 dantzari inguruk elkarregaz dantzan egingo dute, domekan, udaletxe osteko aparkalekuan. Adin guztietako dantzariek ordu bi inguruko ikuskizuna emango dute Bizkaiko dantzarien urteko jai nagusian.
Bizkaiko Dantzari Eguna Bizkaiko Dantzarien Biltzarrean federatutako dantza taldeen topaketa da, jaia. Gune handi batean biltzen dira guztiak ¬domekako kasuan udaletxe atzeko aparkalekuan¬, eta denak batera aurretik prestatutako dantzak egiten dituzte. Helburua, dantza taldeen bilerarako eguna izateaz gainera, folklorearen balioa eta garrantzia txikiei, gurasoei, zaleei eta jendeari helaraztea da.
Eguneko ekitaldi nagusiak eguerdiko dantza emanaldia eta arratsaldeko erromeria izango dira. Goizeko saioan,
Dantzari Dantza,
Gipuzkoako Dantzak,
Ezpata Dantza,
Dantzari Ertainak,
Eltziegoko Dantzak,
Gorulariak,
Dantzari Txikiak eta
Larrain Dantza egingo dituzte taldeek. Egun guztian, bestalde, puzgarri eta txosnak egongo dira.
Horretaz gainera, aurten ere, folkloreagaz lotura duten artisautzako hamabost postu ipiniko dituzte. Beste batzuen artean, artilezko galtzerdi eta kaikuak, abarkak, euskal jantziak, otzarak, makilak, euskal musika tresnak, burukoak eta zilarrezko osagarriak egongo dira ikusgai postuetan.
Hilabeteak prestatzen
Orain dela 24 urte inguru ospatu zuten Bizkaiko Dantzari Eguna Markina-Xemeinen, eta egun berezia izanik, gogotsu prestatu da herriko dantza taldea, Zerutxu, domekako ekitaldirako. Guztira, 7 urtetik hasi eta 70 urtera bitarteko 100 dantzari baino gehiagok dantzan egingo dute. Zerutxuko guztiak eta egunerako bereziki batu diren beteranoak barne.
Zerutxu dantza taldeko mutilek
Dantzari Dantza,
Gorularia ¬neskekin batera¬ eta
Xemeingo Ezpata Dantza egingo dituzte. Txikiek ¬neska eta mutilek batera¬ lau dantza egingo dituzte:
Txulalai,
San Petrike,
Esku Dantza eta
Zapatain Dantza. Neskek mutilekin batera egingo duten
Gorulariaz gainera, Eltziegoko dantzak egingo dituzte.
Beteranoak dantzan
Egun berezia izanda, lehen dantzan ibilitako herritarrekin talde bi eratu dituzte, bata andrazkoena eta bestea gizonezkoena. Hainbat sasoitako jendeagaz sortu dituzte, gainera. Gizonezkoen taldeko dantzari batzuk Zerutxun ibilitakoak dira, beste batzuk Xemeingo taldean, eta badira zaharragoak ere.
Gizonezkoek
Xemeingo Ezpata Dantza egingo dute, ikuskizuneko ekimen nagusia. Bestalde, Zerutxun ibilitako andrazkoek Lekeitioko nesken aurreskua dantzatuko dute. Horien saioa ezpata dantzarien aurrekoa izango da.
Markina-Xemeingo taldeez gainera, Lekeitioko Etorkizuna dantza taldeko dantzari guztiek parte hartuko dute dantzarien egunean. 6 urtetik 34 urte bitarteko 140 dantzarik oinak airean ibiliko dituzte eguneko egitarauari jarraituz.
Xemeingo Ezpata Dantza izan ezik, beste dantza guztiak egingo dituzte Etorkizunakoek. Bestalde, Ondarroako Kresalak dantzan egingo ez duen arren, jaian parte hartuko duela esan du.