
Etxeen proiektua isilpean egitea salatu du ezker abertzaleak
Mendexa
98 etxe egiteak hazkunde desorekatua ekarriko duelakoan dago; herritarren iritzia kontuan hartzea beharrezkoa dela azaldu du.
edurne burgaña
Herrian urbanizazio berri bat eraikitzeko asmoa dauka Mendexako Udal Gestorak, eta horren aurrean, hautetsi independentistek «kezka handia» daukatela esan dute. 98 etxe egin nahi ditu Gestorak, eta horrek herrian eragin handia izango duelakoan dago ezker abertzalea.
2001. urtean, arau subsidiario batzuk onartu zituzten Mendexan. Horren arabera, 60 etxebizitza egiteko baimena dago. Mendexako herrigunean eraikiko lirateke etxe horiek, Zelaia auzoan. «Orain, Udal Gestora sartu zaigu, eta azken hileotan sustatzaileagaz negoziatzen aritu da. Lehen onartutakoa asko bazen, orain, arauen aldaketa planteatzen dute, beste 38 etxebizitza eraikitzeko».
Irailean hasi eta martxora arte «sustatzailea eta joan den maiatzean inposatutako Udal Gestora» negoziatzen ibili direla esan dute. «Oso modu itxian eroan dute aurrera negoziazio prozesua, herriak ez du informaziorik eduki», salatu du ezker abertzaleak.
«Hazkunde desorekatua»
Urbanizazio berria egitearen planteamenduak arriskuak dituelakoan dago ezker abertzalea: «Herriko errealitatea ez du ezagutzen Gestorak, eta horrelako proiektuak planteatzeko arriskua zegoela ikusten genuen inposatu ziguten lehen egunetik. Eta gertatu da. Herriagaz bat ez datorren proiektua aurkeztu, eta egin behar dituzten lau urteak egin ostean, joan egingo dira. Gauzak ondo egiten ez badira, arazoak gero herritar guztiok edukiko ditugu».
Negoziazioak aurrera joan diren bitartean, Mendexako EAJ Udal Gestoragaz batzartu dela ere salatu du ezker abertzaleak: «Ez dakigu ze neurritaraino hartu duen parte, baina bai Lekeitioko Batzokian bildu zirela batzar batean Udal Gestorako kideak eta Mendexako EAJko uribatzarra. Gestorak proiektuaren berri eman zion alderdiari, eta hark ez zuen horren berri kaleratu».
Horrelako proiektua aurrera eroateko orduan herritarren partaidetza beharrezkoa da hautetsi independentistentzat: «Ez bakarrik guk esaten dugulako, legeak ere halaxe dio. Negozioazio prozesuan derrigorra da herritarrek parte hartu ahal izatea. Hasieratik eskubideak urratu dituzte. Herritarrek ekarpenak egiteko eta kezkak azaltzeko unea zen. Baina isilpean negoziatu dute guztia, eta interes publikoa ez da behar modura defendatu».
Udal Gestorak aurkeztutako proiektuaren arabera, 98 etxebizitza egin nahi dituzte Mendexan: 31 etxe bakarrak, 37 elkarri lotutakoak eta 30 etxebizitza babestuak. «Herriak inoiz eduki duen hazkunderik desorekatuena izango litzateke», azpimarratu dute.
Izan ere, herri osoan 252 etxe daude, eta orain ia-ia beste 100 egin nahi dituzte. Zelaia auzoan, proiektua planteatzen den auzoan, 64 etxebizitza daude gaur egun. Gainera, azken bost urtean udalerri osoan 26 etxebizitza egin dituzte; Zelaia auzoan hamazortzi. «Herria hazi egin behar dela badakigu, eta etxeak egin behar direla: gu horren aurka ez gaude. Baina hazkundea iraunkorra eta orekatua izan behar da. Eta planteatzen dena guztiz desorekatua da», nabarmendu du alderdiak.
Alderdikeriak alde batera utzi eta herritar guztiei eragingo dien gaia dela ere esan du: «Herritar guztiok izango gara onuradunak edo kaltetuak».
Etxebizitza eskakizuna zein den oraindik aztertzeko dago Mendexan, eta edozein planteamendu egin aurretik, pauso hori eman behar dela dio ezker abertzaleak: «Ez dago daturik ze eskakizun dagoen».
Ezker abertzalearentzat, horrelako hazkundeak herriari ondorio zuzena ekarriko dio: herriaren etorkizuna erabakiko dutela uste du. «Eta hori herritarrok erabaki behar dugu, ez da izan behar sustatzaile baten interesen araberakoa».
98 etxebizitzetatik 30 babestutakoak izango dira. «Lehengo arauetan ere, gaur egun onartuta daudenetan, babes ofizialeko zortzi etxebizitza sartzen dira, eta oraindik egiteko daude», gogorarazi du alderdiak.
«Luxuzko herria»
Babestutako etxeak zelakoak izan beharko liratekeen ere zehaztu dute. «Etxebizitza babestuen barruan mailak egon behar dira: alokairuzko etxebizitzak, kolektibo behartsuentzakoak, babes ofizialekoak eta, azken lekuan, tasatuak. Gero datoz etxebizitza libreak. Kopuru guztia izan behar da eskakizunen araberakoa. Eta Udalak berarentzako aterako dituen lokalei dagokienez, herrigunetik gertu egon behar dira, eta ez daude».
Informazioa lortu ahal izateko sustatzaileagaz batu behar izan da ezker abertzalea. «Udalak herriari kontatu bako gauza asko esan zizkigun sustatzaileak, tartean, zelako etxebizitzak izango diren: 100 eta 125 milioi arteko etxebizitzak izango dira libreak, eta elkarri lotuta daudenak zerbait merkeagoak. Babestuak oraindik zehazteko dago nork egingo dituen, baina lurragatik ordaindutakoaren arabera, tasatuak eta garestiak izateko probabilitate handia dago». Prezio horrek ez duela lehenengo etxebizitza sustatzen esan dute, eta gazteek gaitz daukatela eskuratzen.
Ezker abertzaleak herri batzarra deituko du herri eredua adosteko
Aste bi barrurako herri asanblada deituko dute hautetsi independentistek; herri nortasuna errespetatzea eskatu dute.
e. burgaña
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
IRTEERAK
Desanexioaren urteurreneko II. Mendi Martxa
ZIORTZA-BOLIBAR, Ziortza-Bolibarren - 2008-11-14
ERAKUSKETA
Motorren erakusketa
MARKINA-XEMEIN, Uhagonen - 2008-11-21
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.