
Arbeko hezurrek hogei urtetik gora dituztela esan dute Udal ordezkariek
Gizartea
Aisialdi gunea lurrez betetzeko hilerriko lurrak erabili ondoren agertu dira herritarrek ikusitako hezurrak.
garbiñe garagarza
«Arben agertutako hezurrek hogei urtetik gora dituzte». Horrenbestez, lasaitasun mezua zabaldu nahi izan die Josebe Astigarraga alkateak kanposatuan atera berri diren gorpuen familiartekoei.
Duela bi asteburu Arbeko inguruetan paseatzen ari ziren herritarrek hezur batzuk ikusi zituztenean sortu zen ezinegona herrian. Alkateak azaldu duenez, Udala kanposantuan egiten ari den obratik ateratako lurraren zati bat Arbeko gunea betetzeko erabili da. Hezurrak agertu zirela jakin bezain pronto, guztiak jaso zituztela ere jakinarazi du. Horrekin batera, gertatutakoaren gainean euren harridura erakutsi dute, ez Udal langileak ez eta Arbeko gunea egokitzen ari diren Lasuen enpresako langileek ez zutelako hezurren aztarnarik ikusi. «Hala izan balitz, ez lirateke Arberaino iritsi ere egingo, lehenago utziko zuten».
Familiengan arreta
Hezurrak agertu zirenetik, kanposantuko obra egiteko lurretik atera zituzten gorpuen senitartekoak izan dira Udalaren ardura nagusia. «Ez dugu nahi ideia okerrik egiterik . Kanposantua berritzeko eman diren pausoak behar diren bezala eman ditugula ziurtatu dezaket», azpimarratu du Astigarragak.
Gertatutakoaren gaineko azalpena eta lasaitasun mezua familei zuzenean ematea izan da Udalaren erabakia. Horrela, atzo iluntzean, kanposantuko lurrak mugitu diren guneko senide guztiekin bildu ziren udaletxean.
Alkateak azaldu duenez, «garai batean egiten ziren gauzekin» du zerikusia gertatutakoak. «Susmoa daukagu, lana aurreratzeagatik lehenago izan zen lur-emaile batek hezur guztiak atera beharrean, lurrarekin nahastu eta han lagatzen zituela». Horren aurrean, «orain dela urte dexentetik ona» gauzak «beste era batera» egiten direla nabarmendu du udalburuak.
Gelditzeko gune egokia
Hezurrak agertu diren inguruan, aisialdirako gunea egitea da Udalaren asmoa. Hotela egin ahal izateko, kostaldeari itsatsita dagoen lur eremua Udalaren esku laga zuten jabeek.
Arbeko guneari orain arte eman zaion erabilera bera ematea da Udalaren asmoa; hau da, aisialdirako geldiunea izatea lortu nahi dute. Horretarako, ordea, inguru guztia baldintza egokietan jartzen ari dira. Besteak beste, aparkalekuak, berdeguneak eta mahaiez eta aulkiz hornitutako guneak jarriko dituzte.
Arbeko aisialdiko gunea aurtengo udan erabiltzeko moduan egongo dela aurreratu nahi izan du Astigarragak.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
Finala
LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU, BECen - 2008-11-12
DEIALDIAK
Euskal preso eta iheslarien aldeko afaria, Txarri boda
MARKINA-XEMEIN, Lea Artibai Ikastetxeko jantokian - 2008-11-20
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.