Edukira joan

Patxi Juaristi ð- Ikerlari, soziologo eta idazlea

«Markina-Xemeinek gerra sasoiko historia aberatsa dauka»

Kultura

36ko gerran berton gertatutakoaren memoria gorde nahian, olerki, kronograma eta argazkiz betetako liburu txikia idatzi du Patxi Juaristi markinarrak.

eider mugartegi

Frontea zazpi hilabete eta erdiz egon zen mugitu gabe Markinan eta Xemeinen. Izan ere, gerra hasi eta bi hilera, irailaren 21ean, Frankoren tropak Markinako eta Xemeingo lurretan agertu ziren, eta frontea hor gelditu zen, mugitu gabe, 1937ko apirilaren 27ra arte. Denbora horretan bi herriotako biztanleek bizi izandakoak kontatzen ditu olerkien bitartez Patxi Juaristik (Markina-Xemein, 1967) Gerra zibila, jendea da hila liburuan.

Zergatik aukeratu dituzu olerkiak 36ko gerraren gainean idazteko?

Formatu bat topatu nahi nuen, era laburrean eta ahal den modu erakargarrian eta errazean, jendeari 36ko gerra azaltzeko. Gai beraren gaineko liburu bat idazten nabil, baina begitantzen zitzaidan garrantzitsua zela, aurretik, edozeinek modu erraz baten mezu bat hartzeko moduko zer edo zer idaztea. Beraz, olerki bitartez 36ko gerran hemen gertatutakoa kontatu dut. Olerki horiek ulertzeko, gero, kronograma behar da, eta beraz, azkenean olerkiak, kronograma eta ondorioak biltzen dituen laburpen txiki bat sartu dut. Osatuagoa egiteko, gainera, argazkiak ere barneratu ditut.

Olerkiek, orduan, informazioa ematen dute era labur batean.

Olerki bakoitzak gertaera bat kontatzen du, eta zalantzak izanez gero, kronogramak lagundu egiten du hori argitzen. Liburu sendoak ez dira publiko zabal batengana heltzen, beraz, berri labur bat bota nahi nuen jendeak 36ko gerraren inguruko kontzientzia edo informazio gehiago izan zezan. Liburu txiki bat da, argazkiekin, momentu batean zer gertatu zen erraz jakiteko aukera ematen duena.

Markinan gertatutakoa kontatzen duzu?

Markina, Xemein eta inguruetan gertatutakoa. 36ko gerra ulertzeko dena eduki behar da kontuan. Ingurune hau dena bat eginda zegoen: Markina, Xemein, Ziortza-Bolibar eta Etxebarria. Frontea hasi Etxebarrian, ¬Kalamuan¬ eta Xemeinera arte luzatzen zen; Markinako Frontea deitzen zioten. Modu batean, hor gertatu ziren gauzak kontatzen ditut: fusilatu zuten jendea, zelan bizi ziren momentu horretan...

Olerkietako pertsonaia garrantzitsu bat Gaytan de Ayala da.

Gaytan de Ayala Markinako alkatea zen. Gerra hastean ihes egin zuen, eta milizianoek eta batzordekoek bere bila pasatu zuten frentea egon zen ia denbora guztia. Bitartean, Gaytan de Ayala Markinako baserrietan ezkutatuta ibili zen. Azkenean, beldurraren eraginez, eta harrapatu behar zutela ikusita, Gernikara deitu eta bere burua etsaiaren esku utzi zuen. Ondorioz, kartzelan sartu zuten, baina Bilbo jausi aurretik preso guztiak askatu zituztenean kalean geratu zen. Bere prozesua olerki guztietan ikusten da. Esate baterako, Santi Olabe agintari militarra bere atzetik ibili zenean eta herrian hainbat atxiloketa egin zituztenean.

Nondik nora ibili zara informazio bila?

Lan handia egin dut liburuetan ikertzen, baina jendeari galdetu diot batez ere. Familia askotan istorio itzelak daude. Batzuetan, ilobei galdetu diet, eta eurek arduratu dira galdetzeaz; beste batzuetan, nagusiengana jo dut zuzenean, eta era horretan historia guztia lotzen nabil. Markina-Xemeinek historia aberats-aberatsa dauka. Frontea horrenbeste denbora bertan egonda denetarik dago: fusilatuak, gerrara joan zirenak, erbestera joan ziren umeak, eurei laguntzen joan zirenak, kontzentrazio eremuetan egon zirenak... 36ko gerrako edozein gai hartuta ere, era batera edo bestera, Markinak edo markinarrek lotura daukate gaiagaz.

Gaitza izan da jendearengandik informazioa lortzea?

Asko orain jabetu dira hainbat gauzataz. Gerra osteko belaunaldiak berbarik ez egitea hobeto zela pentsatu zuen; alde batetik, beldurragaitik, baina beste alde batetik, hurrengo belaunaldiei gorrotoa ez transmititzearren. Horrela, familia gutxitan helarazi zaie hurrengoei 36ko gerran gertatutakoa, eta belaunaldi berriak ez du orduko ezer jaso. Gainera, gai hori tabu izan da. Orain, denbora apur bat pasatuta, tabu hori galdu egin da, nahiz eta gaur egun ere Markina-Xemeingo familia batzuek ez duten horretaz berba egin nahi. Dena dela, uste dut belaunaldi berriok eskubidea dugula gertatu zena jakiteko.

Ezagutu izan ahal duzun gertaera guztietatik zer begitandu zaizu bereziena?

Frontea berton egonda jendea zelan bizi zen jakitea. Esate baterako, frontea baserri batzuen lurretan zegoen, baina hala eta guztiz ere, ganaduari jaten eman behar zitzaion. Baserritarrak frontearen alde batetik bestera ibiltzen ziren behar hori egiten. Bestalde, umeak Xemein inguruan olgetan bazeuden, eta inguru hori bonbardatzen hasten baziren, beste leku batetara joaten ziren jolastera. Hau da, nahiz eta gerra egon, eta frontea bertan egon, bizitza ez zen gelditu. Egoerarik larrienetan ere, jendea bizi egiten da. Askok alde egin zuten, baina geratu zirenak moldatu egin ziren egoerara. Beste alde batetik, gauza oso gogorrak gertatu ziren Markinan: fusilatuak, bonbardaketan hildakoak... Kronografiak argi erakusten ditu datu horiek. Horretaz gainera, Markinan, hamaika emakumeri ilea ebaki zietela jakin izan dut, eta euretako bat nire amona izan zen. Hori ere aurkikuntza handia izan da niretzat.

Zergatik aukeratu zenuen 36ko gerraren gaia?

Memoria historikoaren gaineko mugimendua hasi zen herri askotan, eta hemen ere zer edo zer egitea ondo egongo litzatekeela pentsatu nuen. Gero, hainbat gauza egin dira horren inguruan: nagusiekin batu, Eskaba pelikula ekarri zen, ibilaldia.... Era horretan, memoria historikoa non edo non geratuko dela uste dut. Egin izan diren ekintzen bitartez, Markina-Xemeingo biztanleetatik, behin- tzat 1.000 pertsonek gai horren inguruan berba egin badute, lorpen garrantzitsua dela begitantzen zait.



 


36ko gerraren oroitzapenak argitara

Zapatu eguerdian aurkeztuko du liburua Patxi Juaristik, Uhagon kulturgunean; Udalak argitaratu du.



Markina-Xemeingo Udalak argitaratuko du Patxi Juaristiren beharra. Idazleak Peru Abarka narrazio laburren lehiaketara aurkeztu zuen liburua, eta aipamen berezia jaso zuen. Orduan, Udalak liburua argitaratzea proposatu zion, eta idazle eta soziologoarentzat pasatu ahal zitzaion «gauzarik onena» izan da. «Nire helburua gaia jendearengana heltzea da eta», esan du Juaristik.

Zapatuan aurkeztuko du idazle markinarrak berak Uhagon kulturgunean, 13:00etan. Argazkien lagunduko du ekitaldia. 36ko gerrako hainbat argazki lortu ditu Patxi Juaristik, eta horietako asko zapatuan aurkeztuko duen liburuan sartu ditu.







 

Milizianoak markinako kaleetan, herritarrak beldurretan



Aurrera doa minez gerra, Milizianoz kale okerra. Negua da on eta ederra, frontean mina eta herra.



Urberuagatik komunistak, Barinagan xut sozialistak eta hemen nazionalistak, gerrarako ez dira artistak.



Markina dena da aldatu, ezezagunek dute hartu. Ezkertiarrak dira oldartu, eta abertzaleak beldurtu.



 


 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Finala
LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU, BECen - 2008-11-12

DEIALDIAK

Artibai FT-Athletic-Real Sociedad hirukoa
MARKINA-XEMEIN, Barroeta Futbol Zelaian - 2008-11-20

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.