
Uda ailegatzen denean karramarroak, muskuiluak eta bestelako itsaskiak batzen ibiltzen dira asko eta asko; urteen poderioz, karramarroak batzeko lekuak ondo baino hobeto ezagutzen dituzte kostaldean bizi direnek.
Zuloko izakiei begira
asier alkorta
Hondarrez betetako ontzia eskuetan hartu, eta ur ertzerantz abiatu da Eneritz. Ontzi barruko hondarra hustu, eta uragaz garbitu eta bete ostean, arineketan igo da berriro bere toalla dagoen lekura. Bere aitonari begi biziz ontzi garbia erakutsi ostean, eskutik kolpe egin, eta hondartzako albo baterantz abiatu dira biak. Bost urte ditu Eneritzek, eta uda ailegatzen denean bere aitonari eskutik heldu, eta karramarroak harrapatzea gustatzen zaio. Karramarroak zulotik atera ahal izateko makil egokia topatu ostean, karramarroak dauden txokora abiatu dira biak.
Eguraldi ona egiten hasten denean, hondarrean jarrita, behin eta berriz eszena bera errepikatzen dela ikus daiteke: umeak guraso edo bestelako heldu baten eskutik kolpeta hondartza magalera joaten dira, zortzi hankadun izaki xelebreak beren ontzi preziatuenetan sartzera. Kostaldean dauden herri gehienetan daude karramarroak eta gainerako muskuiluak harrapatzeko txokoak, eta uda heltzen denean, txoko horiek hondarrean etzanda beroa ezin eutsi dezaketenen jolastoki bilakatzen dira.
Inguruotako txokoak
Lekeitio, Mendexa, Mutriku eta Ondarroako hondartzetan, beste askotan bezala, herritarrek ongi asko dakite non dauden karramarroak. Hanka handidunak, txikidunak eta kolore gris edo marroia daukatenak, denetarikoak daude bertoko kostaldean. Herri bakoitzak bere egin ditu izaki horien izenak, eta Ondarroan, esate baterako, kirrixki (Ondarroa) modura ezagutzen dutena, Mutrikun kamarro esaten diote.
Uda heltzear da, eta Mutrikun, adibidez, karramarro asko batuko dituzte Eizarra baserriaren azpiko haitzetan edota igerilekuaren aurrean, marea behean dagoenean . Karramarroak, muskuiluak eta arrain txikiak, denetarik aurkitzen dute mutrikuarrek txoko sekretu ¬orain ez hain sekretu¬ horretan. Ondarroan, Arrigorri hondartzaren mutur biak izaten dira heizaguneak eta Lekeition, Garraitz uhartea lurragaz lotzen duen malekoian ibiltzen dira karramarroen bila.
Ohitura bitxia da. Mundutar askok duten ohitura da ordea: karramarroa detektatu, harrapatzen saiatu, zuloan sartuz gero makiltxoagaz atera arazi eta ontzian sartu. Gero, hondartzan karramarroekin jolastu ondoren, gutxi batzuk berriro aske uzten dituzte animalia txikiak.
Uda hasieran zuloak bizi-bizi
Zaletasun edo ohitura hori dutenek, ondo asko dakite hondartzarako lehen egunak hasten direnean txoko horiek inoiz baino biziago egoten direla. Luzaroan inoren bisita jaso gabe , karramarroak ere lasai asko ibiltzen dira euren kobetatik kanpo. Ikusi besterik ez dago: uda bukaeran, txoko horietan nekez ikusten dira animalia txikiak.
Karramarroak ez ezik, umeek bidean aurkitzen dituzten txirlak ere biltzen dituzte, karramarroen habitata ontzitxoan bertan egokitzeko asmoz. Umeak ez ezik, heldu baten laguntzarik behar ez duten gazteak ere ibiltzen dira karramarrotan; horiek, ostera, leku zailenetara ailegatzen saiatzen dira; karramarro handienak bilatzera joaten dira.
Ondokoaren ontziari begira
Harrapaketak dirauen bitartean, ondokoaren ontzira begiratzeko tentazioari ezin izaten dio inork eutsi. Karramarrorik handiena norena den eta nola harrapatu duen kontatu ostean, ontzia eskuetan hartu, eta toallaren ondoan ipintzen dute guztiek, eguzkiak ura berotzen duen bitartean.
Eneritzek eta bere aitonak hondartza egun guztietan egiten duten prozesu bera errepikatu dute gaurkoan ere. Eguerdia heldu, eta etxera joateko ordua ailegatu denean, Eneritzek epeldutako urez beteta dagoen ontzia eskuetan hartu, eta hondartzatik joan da. Aitonak ontzia uretan hutsitzeko esan dio. Umeak ez du nahi. Baina aitonak karramarroak berriro aske utzi behar dituela esan dio: «Bihar berriro etorriko gara, eta han egongo dira karramarroak gure zain». Esaldia entzun bezain pronto eman dio buelta Eneritzek ontziari. Eta azken karramarroa muskuiluari helduta uretan desagertu den arte Eneritzek ez du begirada askatu. Aitonari eskutik kolpe, eta ontzira begiratu du, hurrengo egunean sartuko duen izakiaren tamaina imajinatzeko bada ere.
Badatoz karramarroak batzeko egunak; badatoz ontziak ur garbiz bete eta arrainontzi bihurtzeko hilabeteak. Urte osoan ez bezala, orain, marea jaisten den bakoitzean, txoko ezagunetan eta bazterrik izkutuenetan karramarroen kobak zelatatzen ibiliko dira gizakion begiak.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
MUSIKA KONTZERTUA
SANTA ZEZILIA EGUNEKO KONTZERTUA
MARKINA-XEMEIN, Kontzekupean - 2008-11-20
HITZALDIA
HITZALDI ZIKLOA
LEA-ARTIBAI, - 2008-11-21
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.