Edukira joan

suhiltzaileak ð- Manu Robles, Victor Andonegi, Julio Amutio eta Iker Galdos

«Suteak itzaltzeko zein katuak arboletatik jaisteko deitu izan digute»

Gizartea

Markina-Xemeinen dago Lea-Artibaiko eta Mutrikuko suhiltzaileak eta euren tresneria biltzen dituen parke bakarra.

beñat de la fuente eta iraitz legarra

Markina-Xemeingo suhiltzaileen parkea da inguruko bakarra. Parkea Markina-Xemeinetik abiatu eta Berriatuara doan bidean kokatuta dago, gasolindegiaren alboan. Bertan egiten dituzte suhiltzaileek froga eta maniobrak, egunen baten errealitatean aplikatu beharreko gaitasunak trebatzeko. Ispasterren ere bada entrenamenduetarako eta ikastaro bereziak egiteko erabiltzen duten zentro bat. Baina Markina-Xemeingoa da jendeari begira zerbitzuak eskaintzen dituen bakarra. 1986an zabaldu zenetik, makina bat zerbitzu eskaini eta hainbeste larrialditatik atera izan dituzte euren beharra izan duten herritarrak.

Manu Robles eta Victor Andonegi lekeitiarrek, Iker Galdos berriatuarrak eta Julio Amutio basauritarrak egunerokoan zein larrialdietan ze zeregin edukitzen duten kontatu dute.

Ze suhiltzaile sare dago Lea-Artibain eta Mutrikun?

Parke hauxe da Lea-Artibai eta Mutrikun dagoen bakarra. Bedarutik hasi eta Trabakurainoko tartearen ardura daukagu alde batetik, eta Mutrikurainokoa bestetik. Tarte horietako batean zerbait jazotzen denean, geu gara larrialdi horren aurrean erantzuten dugunak.

Zenbat suhiltzaile zaudete parkean, eta zelan antolatzen duzue lana?

Guztira, 36 lagun gaude, 29 urtetik 54ra artekoak. Sei laguneko taldeetan antolatzen gara, bost txandatara. Baina hemen ez dugu astebururik edota bestelako jai egunik; astelehenetik domekara egiten dugu lan, eguneko hogeita lau orduetan. Duela gutxi protesta bat kaleratu dugu txandetan ez ginelako behar beste jende egoten, baina orain esan daiteke kontua nahiko ondo dagoela.

Zelako instalazioak dituzue parkean?

Oso ondo hornitutako parkea da. Bizkaiko onenetakoa dela esango nuke. Frontoi eta gimnasio propioa ditugu; pesak, bizikletak, korrika egiteko zinta eta beste hainbat tresneriagaz. Bost kamioi ere baditugu, baita garabi bat eta auto txiki bi ere. Tresneria berezia behar dugunean, beste parke batetik ekartzen digute, edo geuk uzten diegu besteei.

Askotan entzun da suhiltzaile lanpostua lortzea oso gaitza dela. Zelako probak gainditu behar dira suhiltzaile izateko?

Hasteko, eskatzen direnak eskola graduatua eta gidabaimena izaten dira. Gero, boletinean jasotzen dira gainditu beharreko probak. Lehenengo, azterketa teoriko bat gainditu beharra dago; gero, proba fisikoak; eta azkenik, kamioiagaz egin beharreko probak. Azterketa teorikoak bi zati izaten ditu. Lehen azterketan, legeria eta suhiltzaileen eskuliburua sartzen dira. Bigarrena, geografia eta mekanikari buruzkoa izaten da. Ondoren, parte fisikoa dator. Hor denetik egiten da: sokan gora, korrika, igerian... Bost puntu baino gehiagoko nota atera behar da, eta gero, puntuazioaren arabera, aukera gehiago edo gutxiago edukitzen da lanpostua lortzeko. Azkenik, kamioiagaz entrenamenduak egiten dira.

Zein zerbitzu dira jendeak gehien eskatzen dituenak?

Normalean, istripuak edo suteak gertatzen dira gehien. Nahikotan gertatzen da baita ere giltzak etxe barruan geratzea eta ateak zabaltzera joan behar izatea. Baina badira beste kasu batzuk, hainbeste bider entzun den arbolara igon duen katuarena, adibidez . Nik kide bati entzunda dakit zelan deitu zuen emakume batek zuhaitz gainera igo ziola katuak eta jaisteko eskatzen. Kamioi baten joan ziren abisua emandako tokira hiru edo lau suhiltzaile, katu ziztrin bat arbolatik jaistera. Azkenean, auzoko bat agertu zen motozerragaz zuhaitza botatzekotan. Hala egin zuen gainera, baina kontua da zuhaitza erori eta han katurik ez zegoela, ordurako alde egin eta etxera joana zen.

Zenbat irteera egiten dituzue urtean?

Urtean, gutxi gorabehera, 300 bat irteera egiten ditugu. Adibidez, joan den martxoan 27 irteera egin ditugu; dena den, uda aldera nabarmen gehitzen da irteera kopurua. Jende gehiago egoten da eskualdean, sikateak ugariagoak izaten dira...

Ordaindu egin behar izaten al dira irteerak?

Irteeraren araberakoa da, baina normalean, aseguru etxeak egiten dira kargu. Bada anekdota txiki bat kontu horren gainean. Behin, pertsona batek deitu zuen parkera, eta suhiltzaile bati galdezka hasi zitzaion ea ze kostu zeukaten irteerek. Suhiltzaileak zera galdetu zion: «Arazoren bat al daukazu?». Eta berak: «Bai, eskaratza erretzen ari zait, baina ez dakit aseguru etxeak irteeraren aurrean erantzungo didan». Orain, barre egiten dugu, baina irakurleei esan nahi nieke arazoren baten aurrean ez hasteko diruaz arduratzen eta deitzeko larrialdietara, eskuetatik ihes egin eta ezbeharren bat gertatu aurretik. Pentsa pertsona hari sukaldean zegoela zerbait gertatu izan balitzaio...

Irteerez gain beste jarduerarik egiten duzue?

Bai noski. Parkean gaudenean ere egitarau zorrotza dugu jarraitzeko. Goizean hasi eta 10:00etatik 10:30era bitartean, gauza guztiak berrikusi behar dira: kamioiak, erremintak... Irteeraren bat egonez gero, guztia prest egongo dela ziurtatu behar dugu. Hamaiketakoa egin ostean, maniobrak egiten ditugu. Larrialdi hipotetikoak asmatzen ditugu, eta egoera horiei aurre eginez entrenatzen gara. Bazkaldu eta prebentzio lanak egiten ditugu. Poligonoak, sarbideak, ur iturriak, kokapenak... aztertzen ditugu, larrialdiren bat gertatuz gero, erantzuna zelan eman jakiteko. Iluntzean, kirola egiten dugu: palan frontoian edo gimnasioan ariketa batzuk, adibidez.

Tokatu al zaizue egoera oso gogorrik bizitzerik?

Nik Oizko hegazkin istripuko laguntza taldean parte hartu nuen 1985ean. 09:00ak aldera deitu ziguten istripua gertatu zela eta laguntzera joateko esaten. Bost lagun joan ginen, eta aurkitu genuen egoera negargarria zen. Arropak eta giza atalak arboletan eta lurrean zehar. Egun osoan infernu hartan ibili ostean, etxera itzuli nintzen neska lagunarengana. Gogoan dut Lekeitioko Inauteri Eguna zela. Baina hain nengoen lur jota, ezin izan nuen etxetik irten. Aspektu psikologikoa ez da batere trebatzen suhiltzaile izatera iristeko, eta egoera horietan gogor iraun ahal izateko trebakuntza garrantzitsua dela deritzot.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Finala
LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU, BECen - 2008-11-12

DEIALDIAK

Euskal preso eta iheslarien aldeko afaria, Txarri boda
MARKINA-XEMEIN, Lea Artibai Ikastetxeko jantokian - 2008-11-20

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.