
Txotxaren deiadarragaz aurrera
San Gregorio jaiak
Herenegungo erromeriagaz gozatu arren, atzokoan parrandarako gogorik ez zaie faltatu bazkaritara batu diren berriatuarrei.
garbiñe garagarza
Herriko jaiei bete-betean erantzuten ari dira berriatuarrak. Barikua, gainera, herrikoen neurrira egindako eguna, eta, batez ere, gaua izan zen. Eta atzokoan, biharamunari pultsoa eutsiz, bazkaritarako bildu ziren.
Bazkari berezia eduki zuten: sagardotegi menua eta sagardotegiko edaria: txorizo, arrautz nahaskia eta saiheskiagaz batera, nahi adina sagardo edateko aukera eduki zuten.
Sagardotegia Bilboko Irala auzoko Trikikupela taldekoek prestatu zuten, eta inork egarririk ez pasatzeko besteko aurreikuspenak eginda etorri ziren. «Pertsonako litro bat, eta badaezpada, zerbait gehiagogaz etorri gara». Eta bazkaritan 150 lagun batu ziren.
Lehenengo aldia zen sagardotegi estiloko bazkaria egiten zutela, baina han bildutakoek kupelera egindako joan-etorriak eta mahaietan zuten giroa ikusita, Jai Batzordekoek bete-betean asmatu zutela argi gelditu zen. «Jendeari batzeko beste arrazoi bat ematea zen, batez ere, gure helburua».
Beñat Gaztelumendi, Xabier Paia eta Andoni Egañaren bertsoek bete zuten bazkalostea. Gairik eman beharrik ere ez zuten eduki. Sagardotegiak eta han hemenka ikusten zituzten kontuak nahiko izan ziren hiru bertsolariak kantuan jarri eta berriatuarren arratsaldea alaitzeko. Hango txalo eta barreek hala adierazten zuten.
Bitartean, Kaxero gaupasero udaletxeko balkoitik begira-begira zuten. Baina hura ere, aurreko gauean bereak eginda zegoen.
Aurreko egunari errepasoa
Bazkaldu orduko, poteoko orduari fin erantzunez, Zentraletik Mendibarren frontoira eta frontoitik Zentralera zebiltzan herritarrak. Jendea batuz zihoan poliki-poliki , eta berriketarako gogorik eta umorerik ez zuten falta.
Aurreko egunekoari buruzko aitamenak ere berriketagai ziren. Izan ere, barikua beti izaten da berezia herrikoentzat. «Zapatuan, kontzertua dela-eta, inguruko herrietatik jende gehiago etortzen da, baina barikuko erromerian bertokoak batzen gara», zioen euretariko batek. Erromerian eta aurrez egon zen play-back lehiaketan euria izan zuten lagun. Baina inork ez zuen atzera egin, eta merezi izan zuen pixka bat bustitzeak. Oholtzara sei talde igo ziren. Saio guztiak umoretsuak izan ziren, han bildutakoei une ederrak pasaraziz. Azkenean, Leokadi eta Kaxero gaupaseroren arteko elkarrizketa izan zen saritua.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
Finala
LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU, BECen - 2008-11-12
HITZALDIA
Euskara: iragana, oraina eta geroa; kontseiluak 10 urte
ETXEBARRIA, Udaletxean. Hizlaria: ARITZ ZUBIATE - 2008-11-21
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.