
ekintzak ekinez eginak
Ekonomia
Ekintzaile Eguna dela-eta, Mutrikun eta Markina-Xemeinen ekitaldiak egin dituzte; gazteak euren kabuz ekitera animatu dituzte.
e. mugartegi eta g. garagarza
Ekintzaileen Eguna izan da atzo Markina-Xemeingo Lea Artibai Ikastetxean eta Mutrikuko Institutuan egindako ekitaldien arrazoia. Ekintzailetasuna zer den azaltzerekin batera, gazteak euren kabuz ekitera animatu nahi izan dituzte.
Mutrikuko zein Markina-Xemeingo ekitaldiek gazteek ekiteko dituzten baliabideetako baten berri emateko balio izan zuten: Urratsbat proiektua. Batxilergoko eta zikloetako ikasleei lan munduratzerako orduan duten aukeretako bat agertu diete: enpresa propioa sortzea. Hain zuzen ere, aukera hori egiten dutenei lagun- tzeko bitartekoetako bat besterik ez da Urratsbat programa. Haren bidez, enpresa propioaren aldeko hautua egiten duten gazteek finantziazioa, ibilbideari hasiera emateko azpiegitura minimoak eta, batez ere, informazioa eta aholkularitza eskuratzen dituzte. Lanbide heziketaren baitan sortzen diren proiektu guztien ardura Tknikarena da.
Mutrikuko ekitaldian, Insitutuko zuzendari Lukas Rodriguez eta Urrabats proiektuko arduradun Xabier Arrietarekin batera, Josebe Astigarraga alkatea izan zen, eta Udalaren izenean, Insitutua zoriondu zuen herriaren etorkizunean inplikatzeagatik. «Urratsbat proiektua martxan jartzeak gure seme-alaben eta mutrikuarren etorkizunak kezkatzen zaituztela erakusten du, eta espero dut horrela izaten jarraitzea». Bestalde, ekintzaileen artean emakumeen kopurua goraka joatea nabarmendu zuen. «Lan munduan berdintasuna lortzeko horrelako ekintzan ere parte hartu beharra daukagu emakumeok». Aretoan bildutako guztiei zuzenduz, horrelako proiektuetan parte hartzera animatu zituen «pertsona ekintzaileak gizartean beharrezkoak» direla azpimarratuz.
Adibide biziak
Lea Artibai Ikastetxean zein Mutrikun, zenbait ekintzaileren esperientzia kontatzen zuen bideoa jarri zuten. Adibide bizien bidez, Urratsbat proiektuan sartzeak zer suposatzen duen eta zertarako balio duen ikus zezaten.
Mutrikuko ekitaldian, bestalde, Urratsbaten bidez enpresa propioa eratu duten hiru ikasle ohi bildu zituzten zuzenean ikasleei euren esperientzia kontatzeko. Horrela, akuikultura eskolako ikasle ohi Ixone Martinez de Ilarduia eta Amaia Perez itsas-trikuak hazteko enpresa sortzeko prozesuaz aritu ziren. Jon Iñaki Galparsoro mutrikuarrak ere berdin egin zuen antenak jarri eta haien mantenurako sortu duen enpresaren inguruan.
Ekitaldian parte hartu zuten hiru ekintzaileak bat etorri ziren bideoko ekintzaileek mahairatu zituzten hainbat kontzeptu, sentsazio eta egoerekin. Besteak beste, enpresa abiatzeko orduan aholkulariak edukitzearen garrantzia eta ekintzaileek jasotzen duten babesa azpimarratu zuten. «Hasierako pausoak ez dira errazak, eta bereziki garai horretan ematen dizuten laguntza oso garrantzitsua izaten da», esan zuen Perezek.
Proiektua abiatzerako orduan, trabarik handiena norberaren seguratasun eza eta beldurrak direla adierazi zuten. «Arriskatu beharra dago, bestela betirako gelditzen zaizu zer izango ote zinatekeen kezka; ondo ala gaizki atera behintzat esperientzi hori bizi izana daukazu beti», zioen Galparsorok.
Ikotek enpresako Luis Fernandezek ere aholku berdinak eman zizkien Markina-Xemeingo ekitaldian batu ziren ikasleei. «Norbere proiektuan sinistea da sekretua», aitortu zuen Fernandezek.
Laguntzak handituz
Urratsbat proiektuaren azalpenarekin batera, Mutrikuko Institutuko zuzendari Lukas Rodriguezek norbere enpresa sortzeko proiektuentzat gero eta laguntza gehiago dagoela nabarmendu zuen.
Enpresaren oinarria «ideia ona» izanik, hura aurrera eramateko Urratsbat ezezik, Europa zein estatu mailan diru laguntzak badaudela jakinarazi zien ikasleei. «Lan munduaren egoerari begiratuta, goi mailako instantziek ekintzailetasuna bultzatzearen aldeko apostua egin dute. Gero eta sentsibilizazio handiagoa dute erakunde publikoek horrelako proiektuen aurrean, beraz, ideia edukiz gero, jakizue aurrera egiteko, Institututik bertatik hasita, laguntzak badirela».
Lea Artibai Ikastetxeko Urratsbaten aholkularia Azaro Fundazioa da, eta bere funtzioa azaldu zien ikasleei Arantzazu Elordi Urratsbat programaren ikastetxeko arduradunak. Horretaz guztiaz gainera, Eje programaren berri ere eman zuten. Eje ere Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketako Zuzendaritzak bultzatutako programa da. Bere helburua sustatzailearen papera klasean bertan lantzea da, eta horrela, fikziozko enpresa sortu eta egiazko etekinak atera behar dituzte benetan enpresa sortzea zer den ikasiz.
Aurten, Telekomunikazio Sistemen taldean eraman dute aurrera programa. «Ikasleek balorazio ona egin dute, eta beraz, datorren urtean ziklo gehiagotan ezarriko dugu», azaldu du Amaia Uribezubia Eje programaren ikastetxeko arduradunak.
Ekintzailetasuna sarituz
Lea Artibai Ikastetxearen ekitaldiarekin amaitzeko, ikastetxeko III. Ideia Lehiaketaren sariak banatu zituzten. Lehenengo saria, 1PFko Mikel Zarate, Axular Basterretxea eta Ane Etxeberriarentzat izan zen; bigarrena, 1FC-1MEKeko Mikel Bergara, Julen Garcia, Jon Arrizabalaga eta Mikel Lertxundirentzat; eta hirugarrena, (bi talderentzat berdina), 1BHSko Izaskun Badiola eta Paula Akarregirentzat eta 2BHSko Ainara Golzarri, Oihane Egia eta Ane Aramendirentzat.
Atzoko ekimenetaz gainera, beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte maiatzean Azaro Fundazioak eta Leartibai Garapen Agentziak. Erakundeen helburua, Lea-Artibai eskualdearen garapen ekonomikoaren alde lan egitea da, hori dela eta, era guztietako ekintzaileak omendu zituzten eguenean egindako ekitaldietan. Alde batetik, merkatari eta ostalarien beharra saritu zuten erakusleiho lehiaketaren bidez, eta bestetik, enpresa proiektu berrien sustatzaileen lana txalotu zuten sariak eman eta laguntza eskainita.
Sariak banatzeaz gainera, Azaro Fundazioko Sustatzaile Sarearen bilera ere egin zuten, eta Enbor Consultores eta Socialware enpresek era guztietako erakundeetan pertsonek daukaten garrantzia aztertu zuten. «Ekintzailetasuna lantzearen baitan, Lea-Artibai eskualdeko era guztietako enpresa, biztanle, gazte eta eragileengana iritsi nahi izan dugu egindako ekimenekin», azpimarratu dute antolatzaileek.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.