
San Gregorio Egunak festa girora bildu du eskualdea
San Gregorio jaiak
Egun handian, herriko trikitilarien eta Arratiako herri kirolarien eskuetan egon da goiza janztea; gaur ere ekimen piloa dago.
larraitz ibaibarriaga
Euri itxura zeruan, jai giroa igarri-igarria zen atzo eguerdia orduko Berriatuan. Plaza eremua izan zen horren lekukoa, eta ez isila.
Panderoak eta trikitiak eskuetan, 12:00etarako prest zeuden Musika Eskolako gaztetxoak. Kaleak alaitzea zeukaten helburu, eta hantxe atera ziren, panderoari eragiten, kalejiran.
Lauburua opari
12:45erako udaletxe aurrea hartua zeukan jendeak. Herrikoak ez eze, Ondarroatik, Markina-Xemeindik eta Lekeitiotik bertara bildutakoak antzeman zitezkeen, tartean-tartean. Herri kirol ikuskizuna hasteko minutu gutxi geratzen ziren, eta egurrezko aulkiak betetzen zihoazen. Bien bitartean, puzgarrietan gora eta behera zebiltzan gaztetxoak.
13:00etarako iragarrita zegoen saioa ordu laurden beranduago hasi zen. 13:15. Mikrofonoa eskuetan, Aranak trontzan ibiliko zen bikotea aurkeztu zuen: Javier Olibares eta Intxaurbe II, hiru bider Bizkaiko txapeldunak izandakoak. Arana bera izan zen ikuskizunaren hirugarren protagonista, motozerragaz.
Ondorengo minutuetan, Joseba Malasetxebarriak hartu zuen mikrofonoa.
Lehenengo desafioan hamabost ebaketa egin behar izan zioten egurrari trontzalariek; 50, motozerradunak. Zeinek azkarrago egingo, Aranak irabazi zuen lehenengo erronka, gutxigatik: 14-50.
Bera izan zen motozerraren zarata eta egur zatien artean enborrei forma eman eta irudiak atera zituena ere. Denetara, irudi bi egin zituen, ikusleen gozamenerako.
Enbor pusketagaz hasi eta lauburuagaz amaitu zuen lehenengo beharra kirolariak. Imanol Mugartegi alkateari oparitu zion Aranak, jaietan parte hartzeko aukera eskertze aldera. Plazako kioskoan ipini zuen, ikusgai, alkateak, udaletxera noiz eroango.
Gau mahaia osatu zuen bigarren saioan. Xehetasunez eginda, kaxarik ere ez zitzaion falta.
Eskua tresna baino azkarrago
Hurrengo desafioak etzandako enborrak ebakitzea ekarri zuen. Bost ebaketa trontzalariek, motozerraren hogeiren aurrean. Motozerra izan zen arinena. Enborra zutik zela, baina, ipuina asko aldatu zen: saiakera bitik bitan esku zerrak abantaila atera zion tresnari, eta ez hori bakarrik, irabazi ere bai.
14:00etan laga zuten plaza eremua herri kirolariek eta ikusleek, arratsaldeko ekimenetan parte hartzeko gonbidapena jasota.
sangregorioak asteburuan
Maiatzak 10, gaur
14:30.Herri bazkaria. Sagardotegi ibiltaria.
18:00.Bertso saioa. Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi eta Xabier Paia.
23:00.Rock kontzertua: Hesian, Legen Beltza eta EH Sukarra taldeekin.
Ondoren.Erromeria Tximeleta taldeagaz.
Maiatzak 11, bihar
16:30.XX. San Gregorio Saria Zesta-puntaTxapelketa.
20:00.Ipuin kontalaria
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.