Edukira joan

Biztanleko hiru euroko diru laguntza emango dio Udalak HITZAri

Berriatua

Horrez gain, 902 820 201 telefonora deitzen duten lehen hamar herritarrek doan jasoko dute egunkaria urtebetean.

erredakzioa

Berriatuko Udalak eta LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZAk hitzarmena sinatu dute. LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZAren zuzendari Irati Urberuagak, LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZAren kudeatzaile Eli Arostegik eta herriko alkate Imanol Mugartegik orain dela gutxi eman dute horren berri. Adostutako hitzarmenari esker, biztanleko hiru euroko diru laguntza emango dio Udalak Lea-Artibai eta Mutrikuko egunkariari, eta harpidedun egiten diren lehenengo hamar herritarrek doan jasoko dute euren etxeetan LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZA urtebetean.

Horretarako, 902 820 201 telefonora deitu behar dute interesa dutenek, maiatzaren 20ra orduko. Aurreneko hamar deientzat izango da doako harpidetza, baina herritar guztiei egin die dei Udalak harpidetza egiteko.

Laguntza emanda, pauso garrantzitsua eman duela esan du Eli Arostegik: «Orain arte Lea-Artibaiko Amankomunazgoaren bitartez eta publizitate kontzeptuan bideratu izan den biztanleko 1,5 euroko diru laguntza, aurten zuzenean bideratuko du HITZAra, baina 1,5 eurokoa izan ordez, 3 eurokoa izango da».

Normalizazioan, pauso bat

HITZAko zuzendariak eskerrak eman nahi izan zizkion Berriatuko Udalari hitzarmen hori sinatzeagatik: «Gure helburu nagusia den euskararen normalizazioan eragiteko ezinbesteko pausoa eman du Udalak». Berriatuarrak, bestalde, aitatutako telefono zenbakira deitzera animatu zituen, euren «herriko eta inguruko albisteak euskaraz, kalitatez eta gertutasunez jasotzeko aukera aparta» eskaintzen zaielako. «Produktu erreferentzial bat» aurkituko dutela gaineratu zuen.

Imanol Mugartegik adierazi zuenez, HITZAk egindako proposamena «eztabaida handi barik» onartu zuten Udalbatzarrean: «HITZAk egunero Berriaturi buruzko informazioa euskaraz jasotzeko aukera eskaintzen duelako hartu dugu erabaki hori». Gainera, Mugartegiren ustetan, «garrantzitsua da tokian tokiko informazioa tokian tokiko kazetariek ematea». Azaldu zuenez, Udalak informazioa emateko modu horregaz bat egiten du, eta horregatik bultzatu du kanpaina hori. Modu berean, Mugartegik, Udalaren izenean, herritar guztiak animatu nahi izan zituen doako harpidetza lortzeko jarritako telefono zenbakira deitzera.

Herrigunean, buzoietara

Gainera, aurtengo otsailetik, Berriatuko herrigunean ere etxerainoko banaketa zerbitzua martxan da. «Eskerrak eman nahi dizkiegu HITZArengan konfiantza izan duten harpidedun guztiei. Beraiei esker gutxika-gutxika harpidedunei ematen zaien zerbitzua hobetuz doa», esan zuen Eli Arostegik.

Euskararen normalizaziorako bidean LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZAk ia bost urte daroazela beharrean gogoratu zuen egunkariaren zuzendari Irati Urberuagak. Urte horien ondoren, kazetaritza egiteari buruz LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZAk hausnarketa egin duela adierazi zuen. Alde batetik, «kazetaritza egiteko molde berrietara egokitzeko apostua» egin du, webgunea indartuz ¬edizio jarraitua, adibidez¬ eta egunkari eredua berrituz. Bestetik, «herritar gehiago eguneroko albisteak euskaraz irakurtzen ipintzeko apostua» egin du, «normalizazioaren bidean eraginkorrago izateko».

Lea-Artibai eta Mutrikuko eragileekin eta udalekin harremanetan, harpidedun gehiago lortzea dauka helburu LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZAk.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

ERAKUSKETA


LEKEITIO, Kultur etxeko Eskolape erakusketa gelan - 2008-11-11

ERAKUSKETA

Motorren erakusketa
MARKINA-XEMEIN, Uhagonen - 2008-11-21

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.