
Akelarre antzerki taldeko gazteek eskualdeko XXIV. Antzerki Jardunaldietan parte hartuko dute datorren astean, eta ondoren, herrian erakutsiko dituzte hartarako prestatu dituzten antzezlanak.
Askatasunaren magia gaztea
garbiñe garagarza
Argiak piztu eta oihala igo bezain pronto ekingo diote lanari Akelarre taldeko gazteek. Batzuek urteak daramatzate oholtza gainean, beste norbaiten azalean sartzen; beste batzuen esperientzia ez da hain zabala, baina antzeztokian guztientzako lekua dago, eta Akelarre antzerki taldean ere bai.
Marisa Martinezek zuzentzen duen taldea orain dela 23 urte hasi zen martxan, eta sortu zen urtean ezezik, urtero joan izan dira eskualdeko antzerki jardunaldietara. Aurten ere ez dute hutsik egingo. Astelehenean Eibarren izango dira. Hurrengo egunetan, berriz, herritarrei erakutsiko dizkiete prestatu dituzten antzezlanak.
Talde gazteenek beteko dituzte han-hemengo agertokiak. Akelarre, izan ere, 23 urte horietan handitzen eta loditzen joan den taldea izan da. «Hamar umerekin ekin genion lehen urte hartan, eta orain, berriz, 70 inguru gara». Zazpi urterekin hasten dira Akelarren gazteak, eta nahi duten arte jarraitzeko aukera dute. Gau egun, Akelarreko talde nagusienean 20 urteko gazteak daude. Beste bi talde Institutuan daudenek osatzen dituzte, eta azken hiru taldeak San Miguel eta Goizeko Izarrako ikasleek.
Mugarik gabe gunea
Akelarre antzerki taldea San Miguel ikastetxearen baitan sortu zen. Zuzendariak eskualdeko antzerki jardunaldien berri eman zien gurasoei, eta artean guraso elkartean zen Marisa Martinez prest agertu zen ideia aurrera eramateko.
Lehen urte hartan, ordea, beranduegi zela-eta, ezin izan zuten Eibarrera joan. Baina herrian egiteko obra bat prestatu zuten: Jorge Diazen Algo para contar en Navidad. «Hura izan zen egin dugun kutsu dramatrikodun obra bakarra. Hortik aurrerako guztiak umoretsuak izan dira. Ikusleek ondo pasatzea nahi dugu; gazteak eginak eta gazteek ulertzeko modukoak izatea».
Lehen talde hark bere emaitzak eman zituen, eta berandu baino lehenago, Goizeko Izarran ikasten zuten zenbait ikasle ate joka zituen. «Denetzat egon dira, beti, ateak zabalik. Antzerkia askea da, eta egin nahi duenak etorri besterik ez du egin behar izan».
Martinezen antzerkiak ez du mugetaz ulertzen, ez du talde itxietan sinisten eta ez du bereizkeria onartzen. «Gazteek hori uler zezaten ariketa erraz bat planteatu besterik ez nuen egin. Jarri zu bestearen lekuan eta pentsatu ea gustatuko litzaizuken atea ixtea edo albo batera lagatzea. Gurean inoiz ez da horrelakorik gertatu».
Obligazio eza
Akelarrek «bakoitza den bezala agertzeko aukera» ematen die bertaratzen direnei. Gazteek «nahi dutelako» joaten dira entseguetara, eta behin eta berriro bueltatzeak gustura daudela adierazten du.
Antzerki taldean sartu eta bertan parte hartzeagatik, gainera, ez dute ezer ordaintzen. «Ez dut nahi dirua umeen nahia itotzeko gai izatea. Antzerkia egin nahi duenak ez dezala oztoporik eduki».
Mugak, ordea, badaude. Baina taldearen funtzionamenduarekin batera barneratzen dituzte, inork atentzioa eman beharrik eduki gabe. Dena ez dago libre: taldekideen eta haien lanarenganako errespetua dago guztiaren gainetik. «Hogei esaldi dituena bezain garrantzitsua da bi dituena, eta hori badakite».
Horrekin batera, beldurrei aurre egiten, benetan garrantzitsuak diren gauzak ikusten eta euren kabuz antolatzen ikasten dute, besteak beste. «Inoiz entseguko ordua berriketan pasatu zaigu. Errespetatu egiten ditut; hain dute konfiantza handia euren artean eta hain gustura daude... ordubete galtzeagatik ez da ezer gertatuko!». Beti ere, antzezteko eguna hurbil ez denean. Hala denean, lan giroa biziagoa izaten baita.
Jolasa, antzerkia, inprobisazioa, giro ona... Guztia batu, ontzi baten sartu eta Akelarre da ateratzen dena. Hori da taldeko zuzendariak duen inpresioa eta hori da ikasleei transmititu nahi diena. «Ikasle ohiekin topatzean esaten didate oraindik gogoan dut nire lehen esaldia. Hori da gustatzen zaidana; antzerkiaren magia eta magia horrek pertsonengan lagatzen duen oroitzapena».
datuak
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa
Finala
LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU, BECen - 2008-11-12
HITZALDIA
HITZALDI ZIKLOA
LEA-ARTIBAI, - 2008-11-21
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.