Edukira joan

Desobedientziaren ekimena «zapaldu nahi izana» leporatu diote Gestorari

Politika

Desobedientzia kanpainaren ekintzaileek gezurtatu egin dute egunotan komunikabideek emandako informazioa.

larraitz ibaibarriaga

Eskubiderik ez, betebeharrik ez desobedientzia kanpainaren ekintzaileek zenbait hedabideetan agertu den informazioa gezurtatu dute, eta esandakoaren kontran, udal zergak kobratzeko enpresarik ez dagoela oraingoz kontratatuta argitu.

«Ez da egia Ondarroako Udalak Gesmunpal enpresa kontratatu duenik. Enpresakoek zein Udaleko iturriek baieztatu dutenez, ez da inolako kontrataziorik gauzatu». Ildo beretik, Udal Gestora esleipenera aurkeztu den enpresa bakarra ¬Gesmunpal¬ presionatzen ari dela salatu dute.

Gesmunpalegaz hartu-emanak

Apirilaren 10ean egin zuten berba desobedientziaren ekintzaileek Bilboko enpresako arduradunekin, eta haiek «argi eta garbi» laga zieten kontratatuak izanez gero, eurak bakarrik arlo teknikoaz arduraduko zirela, eta Felix Aranbarriren eskuetan segituko lukeela zerga arloko eskuduntzak. Era berean, Ondarroakoa eurentzat errealitate berria zela jakin eragin zien enpresak. «Komunikabideek, baina, Ondarroakoa kasu arrunt modura aurkeztu dute».

Ahultasun politikoa agerian

Azken orduetan informazio horiek guztiak azalera atera izatea Aitor Maruri alkate ohia eta herriko beste bost alderdikide EAJtik bota nahi izanaz lotzen du, zuzenean, ezker abertzaleak. Hartara, euren berbetan, «bost jelkideok alderditik behin-betiko kanporatu nahi izanak Ondarroako jelkidegoan eragin duen egonezina eta urduritasuna estali nahi izan dituzte, berriro alderdian onartuko zituztela uste zutenean». Horri lotuta, Aitor Maruriren eta gainerako alderdikideen kanporaketak suposatzen duena aztertu beharrean, «ezker abertzalearen presio eta mehatxuen erretolikan jarraitzea» leporatu die komunikabideei, «alderdiko martiriak alderditik botatzea munduko gauzarik normalena balitz modura».

Beste alde batetik, Ondarroako Udal Gestora «desobedientzia zibilaren ekimena zapaltzeko eskura dauzkan baliabide guztiak ari dela erabiltzen kritikatu dute, «jokabide horrek Gestoraren ahultasun politikoa eta estrategia gabezia agerian lagatzen baditu ere».

Zerga berdintasuna

Desobedientzia kanpaina aurrera daroatenek argi daukate «zerga arloko berdintasuna berdintasun politikoaren ondorioa» dela. Hori horrela, eta «herritarren gehiengoa eskubide zibil eta politikorik barik laga badute», logikotzat, ulergarritzat eta koherentetzat jotzen dute zergarik ez ordaintzea.

Amaitzeko, bati baino gehiagori gogorarazi nahi izan die Ondarroako udalerrian ezker abertzaleak daukan zilegitasuna ez datorkiola abstentzioa beretzat hartzetik, hauteskunde emaitzetatik baino.



 


Gesmunpal: «ez daukagu eskuduntzarik»



Udaleko adjudikazio mahaiak zer egingo zain dago Bilboko Gesmunpal enpresa. Gauzak horrela, orain momentuan Ondarroako udalerrian ezelako eskuduntzarik ez daukatela esan dute. «Ez dugu kontraturik sinatu», zioten atzo eguerdian. Kontraturik barik, Udalak azken urteetan jaso ez duen diru kopuruaren gaineko ezelako informaziorik ez daukatela diote. Komunikabideetan agertutako datuen gainean galdetuta, eurengandik ezelako informaziorik ez dela atera argitu nahi izan dute enpresako arduradunek. Izan ere, Bilboko enpresak kobraketa zelan egingo duen azaldu dute asteburuan hedabideek. «Azaldu dutena prozedura administratiboa da; oso bestelakoa da geuk egingo dugula esatea».





 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

ERAKUSKETA


LEKEITIO, Kultur etxeko Eskolape erakusketa gelan - 2008-11-11

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Finala
LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKU, BECen - 2008-11-12

Ekitaldi guztiak ikusi »

© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

11barri S.L.