
Zelaia berritzeko beharrak egingo dituzte uda ostean
Udala
98 etxebizitza ere egin nahi dituzte, 68 pribatuak eta 30 babes publikokoak; proiektua urte amaieran hasteko asmoa daukate.
edurne burgaña
Mendexako Udal Kudeaketa Batzordeak frontoi eta eliza arteko zelaia berritzeko proiektua jarri du martxan. Hiru fase biltzen ditu, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren diru laguntzagaz eroango ditu beharrak aurrera. Horrez gain, 98 etxebizitza egiteko asmoa agertu dute.
Zelaiaren obrei dagokienez, honakoa azaldu dute: «Plaza berritu nahi dugu, eta horregaz batera, plaza izkinan dagoen leku bat ere bai, etxeen eta zuhaitzen arteko tartea. Orain dagoen bitarte hori handituta, behatoki antzeko leku bat geratuko litzateke. Helburua ez zen behatokia egitea, baina itsasoa ikusten da bertatik, eta horrela, behatoki dei geniezaioke. Baina hori bigarren fasea da», azaldu du Udal Gestora- ko presidente Pedro Agustin Juaristik.
Lehenengo faseak frontoia eta eliza arteko zelaia «ondo jartzea» ekarriko du: mahaiak eta eserlekuak jarriko dituzte, besteak beste. Horren atzetik, bigarren zatia etorriko litzateke, behatokiarena, eta amaitzeko, plazarako hainbat ekipamendu: euri uren sarea berritu eta argiak jarriko dituzte, besteak beste.
Diru laguntza eske
Beharrak egin behar badituzte ere, proiektuan jasotakoaren arabera, gaur egun dauden berdeguneak eta zuhaitzak mantenduko dituzte. Horien inguruan egingo dituzte aldaketak.
Behar horiek aurrera eroateko, Udalak diru laguntzak eskatu dizkio Bizkaiko Foru Aldundiari: «Udalak badauka dirua, baina ez da nahikoa horrelako beharrak egiteko. Proiektuak hasiera batean 750.000 euroko aurrekontua bazuen ere, azkenean milioi bat eurotik gorakoa izango baita», azaldu du Juaristik.
Horrela, bada, beharrak faseka egingo dituzte, eta emandako diru laguntzen arabera erabakiko dute zenbatgarren fasera arte egin.
Uda ostean hastekotan
Beharrak noiz hasiko dituzten oraindik zehazteko dagoela adierazi du Udal Gestorako presidenteak, baina «berandu jota» irailean hasi nahi dituztela: «Maiatzean gaudela kontuan hartuta, laster uda etorriko da, eta beraz, hasi orduko iraila etorriko zaigu gainera».
98 etxebizitza
Proiektu horregaz batera, beste bat ere martxan jarri du Udalak. Herrian 98 etxebizitza egiteko asmoa dauka. Horietatik 68 pribatuak izango lirateke, eta 30 babes publikokoak. «Sustatzaile bat badago lurrak erosteko, eta akordio batera ailegatu da Udalagaz. Horri esker, Udalak babes publikoko 30 etxebizitza egin ahalko ditu, beste gauza batzuen artean», esan du Juaristik.
Etxebizitzak egiteagaz batera, honako aurreikuspenak ere badituztela esan du: «Frontoi atzean kirol ekipamendua jarriko genuke, eta plazan, umeentzako jolasak. Gainera, baserrietatik plazara arteko tartea ere urbanizatu egingo genuke».
Etxebizitzak herri sarreran egiteko asmoa daukate. «Goian geratuko dira, herrian; eta handik Karraspioko hondartzara bi kilometroko tartea dago», adierazi du Juaristik. Guztira, bost hektarea inguruko lur zatia da.
Behar horiek aurrera ateraz gero, herriko erdigunea urbanizatuta geratuko litzatekela esan du Juaristik, eta espaloiak ere egingo lituzketela.
Urte amaiera aldera, erabakia
Etxebizitzak babes publikokoak izango direla aurreratu du: «Etxebizitzak babes publikokoak izatean, gero erabakiko genuke tasatuak, babes ofizialekoak edo zer nolakoak izango diren. Egiten hasi ahala definituko genuke».
Baina oraindik martxan jarri ez den proiektua dela zehaztu nahi izan du Juaristik: «Buletinean agertuko da, eta horren atzetik alegazioentzako tartea zabalduko da. Alegazioren bat egonez gero, kontuak eman beharko genituzke; gero onartu egin beharko litzateke Udalean, eta horren atzetik Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ere erabaki egin beharko lukete. Horren atzetik beharren kontratazioa etorriko litzateke, eta amaitzeko, berriro proiektu osoa onartu. Atal horiek guztiak pasa orduko urtea amaituko delakoan nago», azaldu du.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.