
kondairaren bidetik
Kultura
Ugari dira Lea-Artibain zein Mutrikun aurki ditzakegun kondaira bitxi eta ederrak.
Beñat de la fuente eta iraitz legarra
Jentilak, erraldoi begi-bakarrak, lamiak, basajaunak... Ugariak dira ahoz ahoko tradizio luzeari eutsiz gure belarrietaraino iritsi diren kondairak. Urte ugari atzera botata jaiotako fantasia eta magia kutsu batez estalitako kontakizunak, herri kulturan erabat errotutako istorio harrigarriak, aitonek euren bilobei sutondoan azalduz gaurko egunetaraino iritsi direnak. Lurralde bateko euskaltasun mailarekin zuzenki lotuta doa bertako kondairen kopurua. Era honetan, Lea-Artibain zein Mutrikun, Euskal Herri osoko lurralde euskaldunenetakoak izaki, arbasoen ondare diren kontakizun horien sorta garrantzitsua gordetzen da. Hala ere, gaurko egunetaraino ez da iritsi benetan izan diren kondairen zati txiki bat baino. Hori, hein handi batean, biltzaile lanetan jardun duen jendearen eskasiagatik izan daiteke, ez baitira asko izan herriz herriko bilaketa hori egin dutenak Lea-Artibain.
Ezinbestekoa da puntu horretara iritsita, mitologia ez dela fantasiazko ipuinen bilduma soil bat azpimarratzea. Mitologia errealitatea esplikatzen duten erantzunen multzoa da. Herri eta kultura bakoitzeko mitologiak bizimoduaren zergatia azaltzen die herri eta kultura horietan bizi direnei. Nor diren, nola jokatu behar duten, zein helburu izan behar dituzten, nolakoak diren bizi diren mundua eta inguratzen dituen natura. Horrela, Mutrikuko eta eskualdeko herri bakoitzeko kondaira bakoitzak herri horretan bizi diren jendeaz eta herri horretaz beraz hitz egiten du, herri horren nortasuna definituz.
Euskal Herriko herri desberdinetan sakabanatutako kondairetan erreparatuz, kontura daiteke asko eta askok antzekotasun nabariak azaltzen dituztela. Tokiak eta pertsonaien izenak aldatzen dira, kasuan kasuko erreferentziak erabiliz, baina kontakizunaren funtsa, orokorrean, ia berdina izaten da. Herriari berari darion kutsua eta herritarrena beraietan argi erakustaraziz.
Elementu komunak
Badira zenbait ezaugarri eta gai ia kondaira denetan errepikatzen direnak: naturaren garrantzia, beste pentsamolde bati gainjartzen zaion kristautasuna, lehen sektoreko lanak, lurraren eta zeruaren arteko harreman mistikoak...
Asko dira natura bera oinarri bezala hartzen duten mitoak. Mutrikun, adibidez, bada Mendibeltzburu deituriko mendi bat, non kondairak dioenez jentilak bizi ziren garai batean. Mendi horren ezker magalean, Mendibeltzu izeneko baserritik 200 bat metrora, ba omen da kareharri handi bat 3,7 metro luze, 2,75 zabal eta 2,75 altu dituena. Lurretik irteten diren beste bi koskatan eusten da, eta bere forma biribil samarra dela eta, mutrikuarrek Aitzbiribil izenaz ezagutzen dute. Kondairak dioenez harkaitz horrekin pilotan jolasten zuten jentilek, eta horietako batean, batek kolpe eta Santakruzmenditik bota zuen.
Nolabait mendiei, basoei, kobazuloei, errekei edo eta herrietan bertan dauden formazio desberdinei lotuta azaltzen dira era horretako mitoak. Markina-Xemeinen bertan bada Gabaro deitutako kobazuloa, Anbotoko Mariren bizilekuetako bat omen zena. Joan omen zen neska bat ardi zaintzara Gabarora eta koban hondoraino joan zenean Anbotoko damak barrura sartu zuela. Bertan, neskatilak irun eta irun egiten ei zuela, eta ez zela inoiz ere kanpora ateratzen. Berak nahi zuen guztia kanpotik ekartzen ziola Anbotoko damak. Marik esan zion behin joateko garaia iritsi zela, baina neska- toak ezetz, ondo zegoela -eta koban. Irten eragin zuen, eta prestatu zenean kanpora ateratzeko, esan zion Marik: «Hartu ezazu hortik esku bete ikatz». Neskak erantzun zion:«Zertarako behar dut nik ikatza?» Hartu zuen ikatza neskatoak eta kanpora irten zen. Kanpoan eskura begiratu zuenean, konturatu zen eskuan zuen ikatza urre gorri bihurtu zela. Horrek kondairen beste ezaugarri bat ere jasotzen du, askotan giza baloreei buruzko irakaspenak ekartzen baitituzte, umiltasunari, adiskidetasunari, barkamenari eta antzekoei buruz hitz eginez.
Juniko abadea
Baina ez dira natura edo eta jokamoldeak kondairetan erabiltzen diren gai bakarrak. Erlijioarekin eta apaizekin ere lotura zuzena duten kondairak ere ugariak dira. Lekeition ba omen zen Juniko zelako abade bat. Ehiztari amorratua omen zen, eta behin, meza ematen ari zenean, bere txakurrak zaunka entzun eta geroxeago lekeitiar bat sartu zen elizara. Honela esan zion apaizari: «Apaiz jauna, txakurrak jaiki dira eta txekor bat baino handiago den erbi baten atzetik ari dira». Hura entzutean meza sakratua utzi, bere armak hartu eta erbiaren ehizan joan omen zen bere txakurrekin. Eta ez ziren gehiago itzuli. Mende asko igaro dira eta Juniko apaiz bekatariaren arima baso, haran eta mendi guztietatik ei dabil Jaungoikoak barkatzen dion artean. Badago apaizaren txistuak entzun dituenik. Batzuk esaten dute bere txakurren zaunkak baso guztietatik entzuten direla. Beste batzuk, haizea indartsu doanean apaizaren damuak entzuten direla barkamena eskatzen. Euskal Herrian oso zabaldutako kondaira da hori, Mateo Txistu, Abade Beltza eta herriaren arabera beste izen batzuk hartuz.
Era askotako kondairak daude beraz, Mutrikun zein Lea-Artibain. Gai desberdinak jorratzen dituzte, oso pertsonaia bereziak izaten dira protagonista ,baina beti herrien eta herritarren nortasun eta errealitatearekin zuzenean lotutakoak dira, belaunaldiz belaunaldi egunotaraino iritsi direnak eta ondare kultural baliotsu eta aberatsa eratzen dutenak. Norbere lana da transmisio lan horrek aurrera jarraitzea eta mitologiaren putzu zabal hori berriro urez bete dadin lortzea.
«Benetan daudenekin konparatuz, oso gutxi dira ezagutzen diren kondairak»
jabier kaltzakorta ð- Euskal filologiako irakaslea
Kultura
Euskal mitologiaren gainean jakitun da eta Lea Artibai eta Mutrikuko mito asko ere ezagutzen ditu.
I. Legarra eta b. de la fuente
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
IKASTAROA
Euskal dantzen ikastaroa
MENDEXA, Mendexako frontoian - 2008-10-07
TXAPELKETA
2008ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren lehen kanporaketa
MENDEXA, Mendexako frontoian - 2008-10-12
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.