
juan antonio rodriguez martin, 'bitxo' ð- Urpekaria
«Askok kontrakoa uste badute ere, Ondarroako portu-hondoa garbi dago»
Ondarroa
Urpean hartzen ei du arnasa lehorrean baino lasaiago. Urpea du lantoki, eta baita aisialdirako leku gustukoena ere, arpoia eskuetan.
maribi ugarteburu
Ondarroako portuko barreran ikusiko duzu batzuetan, eta noiznahi, berriz, hasi Plentziatik eta Ondarroara dauden portuetako edozeinetan dzanga egiten. Urpekaria da Juan Antonio Rodriguez Martin Bitxo (Ondarroa, 1962), ofizioz eta afizioz.
Noiztik zabiltza urpean?
Txikitatik. Urpeko arrantzan 12 bat urtegaz hasi nintzen; 18gaz urpekaritza titulua atera nuen, eta ordutik hona ez naiz geratu.
Lanean ez eze, denbora librean ere urpera?
Tarte librea daukadan bakoitzean aprobetxatzen dut urpeko arrantza egiteko. Horretan egongo nintzen oraintxe ere [martitzen arratsaldean] elkarrizketa honetan ez banengo [barrez]. Bare-bare dago itsasoa eta horixe da egoera onena urpekariontzat.
Urpean lehorrean baino gusturago zaudela dirudi.
Nik uste dut baietz. Denbora pasatzen badut uretan sartu barik estresa-edo hartzen dut. Urpean ederto egoten naiz, katarroak ere hortxe kentzen ditut.
Zelan definituko zenuke, ba, urpeko mundua?
Beste mundu bat da hura; ez dago zaratarik, eta beste dimentsio bat dauka. Niretzako gozamena da, baita Ondarroako portuan bertan ere. Askok kontrakoa uste badute ere, Ondarroako portu-hondoa garbi dago.
Ondarroako portupean bizitza?
Hasi izotz fabrikatik eta moilaren alde honetara itsas-kabrak, olagarroak, nekorak, txangurruak, sarboak... ikusi ditut. Itsasontziak beti mugimenduan daudenez, helizearen eraginez hormatik lau bat metrora ez da basarik pilatzen. Ez dira bost urte portua dragatu zutenetik, eta ez da pilatu ia ezer ere.
Zer edo zer jausiz gero topatzeko moduan orduan?
Orain dela hilabete betaurrekoak jausi zitzaizkion gizon bati, eta han topatu nituen, bai. Pasa den astean telefono mugikor bat berreskuratu nuen. Erlojuak ere atera izan ditut.
Baina, portuko arrain generoa jateko modukoa ote da?
Nik ez ditut probatu, baina nekorak, adibidez, ur hondoan ibiltzen dira, ez dira azalera igotzen, eta kutsadura azalean dago, olioekin eta abar. Lupinak eta lasunak dira azaletik ibiltzen direnak eta kutsatzen direnak portuan.
Kutsadura azalean geratzen da?
Gasoleoa-eta isurtzen direnean, azalean milimetro pare pare batera geratzen da, flotean. Proportzioan, zikinagoak izaten dira kirol kaiak portu profesionalak baino. Kirol portuetako urpean sinistu ezindako beste bateria elektriko topatzen ditugu; edo beste tresna batzuk, uretara botatzen dituztenak inork ikusten ez dituenean...
Ondarroatik Plentziaraino ibiltzen zara porturik portu Jaurlaritzaren urpeko ikuskaritza egiten. Konparaketa egiterik bai?
Zikinen, Bermeoko portua dago. Fabriketako zikinkeri guztia bertara iristen da, batik bat kontserba lantegietako koipea. Elantxoben eta Lekeition gozamena da, ez dago horrelakorik. Eta Ondarroakoa ere, lehen esan dizudan moduan, ez dago egoera txarrean; kenduta karroko ingurua, korronteen eraginez hantxe pilatzen direlako hondakin guztiak.
Zeintzuk dira sarrien egiten dituzun lanak hemen?
Helizean sarea, kablea edo txikota harrapatu duen itsasontzia libratzea izaten da gehienetan.
Edozein ordutan?
Bai, egunez zein gauez.
Zelan daroazu ordutegirik eza?
Ondo. Eta asko igartzen dut sektorea erdia baino gutxiagora jaitsi dela. Zortzi urte daroadaz urpekari lanetan, eta asko igarri dut.
Nork erakutsi zizkizun Ondarroako portuko urpeko sekretuak?
Eusebio Iparragirrek; markako urpekaria zen, eta portuko lanak berak irakatsi zizkidan.
Eta ordu libreetan, arpoiaren bila.
Bai, bonbonak kendu, trajea aldatu eta uretara atzera ere!
Zeintzuk dira zure txoko gustukoenak arrantzarako?
Peña Fraileko ingurutik Mokuko puntara. Ondarroako portuko harri blokeen tartean ere gustura ibiltzen naiz. Arrantza zurkulu onak dira.
Arpoikaden neurria zein da?
Nik bakar-bakarrik jango dudana arrantzatzen dut.
Gomendio bat urpekari gazteei?
Sekula ez ibili buia barik.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
DEIALDIAK
PODOLOGO ZERBITZUA
MARKINA-XEMEIN, - 2008-10-01
IKASTAROA
Saltsa ikastaroa
ONDARROA, Egidazu kaia 1ean - 2008-10-06
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.