
Ahoz aho doa doinua
Bertsolaritza
Lopategik ereindako uztak bete ditu Bizkaiko oholtzak; eta jarraipena izan du ordutik, ikastetxez ikastetxe doan bertso bideak.
maribi ugarteburu
Ikastoletan izan zen lehenengo: Jon Lopategi hara eta hona. Kanpantxuko egonaldiak. Bertsoa eta kantu zaharrak jolaserako lagun eginda. Bizkaiko bertsolari belaunaldi berriei umetan erne zitzaien bertsoaren landaretxoa gogoaren barrenean: Iturriaga, Elortza, Ibarra, Paia, Enbeita, Ostolaza...
Eta harrez gero, era guztietako ikastetxeetara zabaldu den ahoz ahoko bidea da bertsoaren transmisioarena. Bertso hutsetik harantzago doana. Komunikazioaren aroan, ahoz ahoko gaitasuna sendotzea ikasgai oso garrantzitsua delako.
Lea-Artibaiko ikasgeletan ere entzuten dira, tartean-tartean, zortziko eta hamarrekoak. Eskolako orduak doinuz aldatzen dira astean behin.
Lopategiren lekuko zuzen
Bizkaiko Ikastolen Elkarteagaz hasi zen langintza horretan Jon Lopategi. Horretatik eratorri zen, jarraian, Bizkaiko Umeen eta Gaztetxoen Bertso Txapelketa. Aurtengoa txapelketaren 25. edizioa izango da. Badira urte batzuk.
Juanjo Respaldizak (Orozko, 1964), Lopategirengandik jaso zuen, zuzenean, bertso irakaskuntzaren lekuko hori, eta zortzi urte daroaz lan horretan dedikazio osoan. Eguaztenetan ibiltzen da Respaldiza Lea-Artibai eskualdeko hainbat ikastetxetan.
«Gaur egun irakaskuntza oso intuitiboa bada gurea, hasieran guztiz horrelakoa zen», dio Respaldizak. «Orain argi ikusten da bertsolaritzak laguntzen duela hizkun- tzan zein beste trebetasun batzuetan, baina orduan denboran dena demostratu behar zen; eta horrek aparteko ahalegina eskatzen zuen».
Bizkaia osoan ibiltzen dira Ikastolen Elkartetik eratutako sareko bertso irakasleak, Enkarterrietan izan ezik. «Ikastola ez diren zentro batzuk ere gure ardurapean dauzkagu, esate baterako, Arratiako eskola eta institutuak». Lea-Artibairi dagokionez, Markina-Xemeingo ikastetxe bietan, Lekeitioko Ikastolako LHko 5. eta 6. mailan eta Ondarroako Zubi Zaharren DBHko 1. mailan ibiltzen da Respaldiza. Ikastorduetatik kanpo, gainera, taldetxoak daude sortuta Lekeition zein Ondarroan, apur bat gehiago landu nahi dutenentzat. Markina-Xemeinen, eskualdeko bertso-eskola funtzioa betetzen duenera batzen dira sakondu nahi duten gazteek.
Bertsozale Elkartearen curriculuma
Lehen Hezkuntzarako bertsolaritzaren curriculuma osatu zuten 2002 eta 2004 urteen artean Bertsozale Elkartearen eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI falkultatearen artean. Ez da bertsolaritza hutsa bertan lantzen dena. Harantzago doa.
Lau zutabe edo eremu nagusi ditu curriculumak: kultur ondarea, trebetasun pertsonal eta sozialak, hizkuntza eta musika. Horretan oinarri hartuta, «metodologia ludiko eta planteamendu konstruktibista» erabiltzen dute Bertsozale Elkarteko irakasleek.
Euskal Herri osoko 32 eskualdetako 131 ikastetxetan dihardute horrela. Lea-Artibairi dagokionez, bertoko eskola publikoetan jarduten dute, txiki zein handietan, Xabier Enbeitak, Ander Elortegik eta Onintza Enbeitak.
«Jon Lopategik esaten duenez, sarea zabal bota behar da, arraintxu batzuk harrapatzeko», dio Juanjo Respaldizak. Bertsolariak gutxi izango diren arren, berba-jolasaren zale ugari, seguru.
bertso udalekuetara joateko izena eman daiteke
Bertoko 80tik gora umek eta gaztek ekin diote idatzizko lehiari
Lea-Artibai
Ondarroako Zubi Zahar Ikastolan jokatu zen martitzenean eskualdekako lehenengo kanporaketa.
m. ugarteburu
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
DEIALDIAK
Artibai FT-Athletic-Real Sociedad hirukoa
MARKINA-XEMEIN, Barroeta Futbol Zelaian - 2008-11-20
ERAKUSKETA
Motorren erakusketa
MARKINA-XEMEIN, Uhagonen - 2008-11-21
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.