
Presazko bilera egitea eskatu dute arrantzaleek
Ekonomia
Espainiako Arrantza ministroari antxoa arrantzatzeko debekuaren trukean laguntzarik jasoko duten argitzea eskatu diote.
larraitz ibaibarriaga
Astebeteko epea. Denbora tarte hori eman diote bertoko kofradiek Elena Espinosa Espainiako Arrantza ministroari antxoa arrantzatzeko debekua betetzearen truke laguntzarik jasoko duten ala ez argitzeko. Horren harira, presazko bilera eskatu dute Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek, Espainiako Kantabria eta Asturias erkidegoetakoekin batera.
Egoera jasangaitza
Arrantzaleak kezkatuta eta urduri daude, Espainiako Ministerioak antxoa harrapatzeko debekuak sortzen dizkien galerak ordaintzeko dirurik ez duela zabaldu baita azken orduetan. Eta horrela bada, laguntzarik ezean antxoatara irten daitezkeela eta «edozer» gerta daitekeela ohartarazi du Iñaki Zabaleta Bizkaiko kofradien presidenteak. «Gauza asko gerta daitezke, eta bat bera ere ez da ona izango. Hiltzen hasita, beharbada hobea da hilez hiltzea», azpimarratu du.
«Atzera bueltarik bariko» egoera horren aurrean, bat edo batek antxoa arrantzatu eta lehorrera eroanez gero, lonjetan saltzerik ez dutela edukiko ere esan du Zabaletak, atsekabetuta.
Gogoratu behar da antxoaren biomasa espeziea galtzeko arriskuan jartzeraino gutxitu zela, eta hori arrazoi hartuta, Europako Batasunak galarazi egin zuen arrantzatzea orain dela urte bi.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.