
Marea Errotako beharrak hasteko data irailera arte atzeratu dute
Mendexa
Ekainean hastekoak ziren dikea konpontzen; Galiziako enpresa batek egingo ditu konponketak.
e. burgaña
Mendexako mareen errota zaharraren ingurua berreskuratzeko beharrak ekainean hasi behar zituen Ingurumen Saileko Kosten zuzendaritzak, baina irailera arte ez dituztela hasiko iragarri dute.
Galiziako Bardera enpresa itsasoko beharretan espezializatua da, eta bera arduratuko da Marea Errotako dikea berreskuratzeko beharretaz. Aurretik, Gorliz eta Plentziako hondartzetako eta Pobeñako padura berreskuratzeko beharrak egin ditu enpresak.Behar bi egin behar dituzte Marea Errotan: batetik, dikea konpondu, eta bestetik, errota bera berritu.
Hilabeteetako beharra
Beharren lehenengo zatirako milioi erdi euro inguru beharko dira, eta Espainiako Gobernuak ordainduko du. Errota berritzeaz Lea-Artibai Amankomunazgoa arduratuko da; horretarako, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak diru laguntzak eman dituzte: 300.000 euro gutxi gora-behera.
Hilabete luzeetako kontua izango da Marea Errota eta inguruak atontzeko beharra. Egitasmoagaz gune naturala berreskuratu eta mantendu nahi dute, eta beste alde batetik, ondare kulturala zaindu eta mantendu. Izan ere, Mendexako errota XV. mendekoa da.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.