
Zirriborroa, talde baten oraina eta geroa
Ondarroa
Txirrimorraski Ondarroako Denbora Libre Taldeak 19 urte bete berri ditu; begirale boluntarioek gogor lan egin dute urterik urte.
asier alkorta
Ume guztiek egin ohi duten lehen margolana izan ohi da zirriborro bat, beren lehen koadroa izaten da. Ondarrutarrez, aldiz, txirrimorraski esaten da. Berba bitxia dirudi, baina ondarrutarren ahotan entzunda, bestelako esanahia hartzen duen hitza da. Izan ere, herrian, 19 urte luzetan izen honen azpian lan handia eta neketsua egin duen taldea dago: Txirrimorraski Ondarroako Denbora Libre Taldea (ODLT). Umeei zirriborroak egiteko txoko bat emateaz gain, talde horrek milaka ekintza egin ditu herrian eta herritik kanpo umeekin, beti ere, helburu finko batzuei jarraiki.
Oraintxe bete berri ditu 19 urte taldeak, eta denbora luze horretan, Txirrimorraskik eta bertako begiraleek tinko eutsi diote euren jardunari. Ikasturtea hasten denean, taldea ere orduan hasten da ekintzak egiten. «Urritik ekainera egoten gara martxan, gero udan oporrak hartzen ditugu», azaldu dute taldekoek. Merezitako oporrak heldu bitartean, boluntario taldeak hilean bitan egiten ditu ekintzak herriko umeentzat. Hileko ekintza horietaz gain, irteera luzeak ere egiten ditu taldeak. «Sortu zen momentutik, Txirrimorraskik ekintzak eta irteerak egiten jarraitu du; urte baten ere ez da bere jarduna eten, eta hori asko eskertzen dute herritarrek». Taldeak duen funtzionamendua aldatu ez den bezalaxe, hasiera baten finkatutako helburuak ere berdin antzean jarraitzen dute: natura maitatu, besteenganako errespetua bultzatu, umeen parte-hartzea sustatu, aisialdia aprobetxatzeko bidea eraiki, herriko ohiturak barneratu eta Euskal Herriko txoko ezberdinak ezagutzea dira Txirrimorraskiren egitekoa lerrotzen duten helburuak. «Helburu hauei jarraiki egiten ditugu ekintza guztiak».
Umeak eta ekintzak
Aurten 71 ume daude taldean izena emanda, baina begirada atzera botaz, belaunaldi asko pasatu dira talde horren zerrendetatik. «Irailean begiraleok eskolaz eskola joaten gara, ume berriek taldean izena emateko aukera izan dezaten; behin izena emanda, ekintzetan parte hartzeko aukera izaten dute».
Urteen poderioz, aldiz, taldeak aurrera eroan dituen zenbait ekintzak arrakasta handia lortu dute umeengan, eta ondorioz, ekintza horiek urtero egiten dituzte, kutsu ofiziala hartu dute, nolabait esateko. «Patinatzera, TAU ikustera, piraguetan ibiltzera eta Bilbon urtero egiten den Umeen Gabonetako Parkera beti joaten gara, umeek hala eskatzen digutelako».
Gainerako ekintzei dagokienez, Txirrimorraski denetarik egiten saiatzen da. «Eskulanak, txangoak eta bestelako ekintza batzuk egiten ditugu; aldatzen saiatzen gara». Ekintza luzeak Euskal Herriko hainbat txokotan egiten ahalegintzen dira taldekoak. «Ekintza luzeak lau eguneko irteerak izaten dira, eta urte guzti hauetan leku askotan ibili gara» azaldu dute taldekoek. Gauzak horrela, aterpetxetik aterpetxera, kantuan eta jolasean ibili dira Txirrimorraskikoak hemeretzi urte horietan.
Lokalak han eta hemen
Begiraleak ere asko aldatu dira. Lehen ume zirenak orain begirale bilakatu dira, eta lehen begirale zirenek euren umeak eroaten dituzte orain taldera. «Belaunaldi ezberdinak daude begiraleen artean eta horrek taldea aberasten du». Begirale boluntarioen taldea, Txirrimorraski sortu zenetik egin den bezalaxe, barikuero batzen da taldeak Andra Mari Elizaren ondoan duen lokalean. «Batzarretan aurrera begira datozen ekintzak lotzen ditugu eta gerora egingo ditugun irteerak zehazten joaten gara, besteak beste».
Lokala aipatu eta begiraleak ezin ahaz dezakete garai batean taldearen lokala izan zen Kantoipeko eraikina. «19 urtean, hiru lokal pasatu ditu Txirrimorraskik; Arrigorriko eraikinetik Kantoipen lehen Kresala taberna zegoen lokalera pasatu zen, eta hortik eliza gainera. Leku bakoitzean bizitako oroitzapen ezberdinak biltzen ditu taldeak».
Irabazi asmorik gabeko taldea izanik, umeei zuzendutako ekintzei prezio merkea ipintzen saiatzen dira taldekideak. «Umeei ahalik eta diru gutxien eskatzen saiatzen gara; gure helburu bat ekintzak edonoren esku egotea delako».
Beste helburu guztien artean, taldeak herriko beste taldeekin ere elkarlana bultzatu nahi izan du. Bide horretatik, Eguzki taldeagaz ekintzaren bat edo beste egiten saiatzen da Txirrimorraski. «Mendian habiak ipintzera joaten gara Eguzkikoekin; txango polita izaten da».
Urteotako jarduna ezin laburtu daiteke bi zutabeotan. Zirriborro batekin hasi zen taldea lanean, eta oraindik orain, lantaldeak aurrera darrai. Nekez eta adorez, Txirrimorraskiren zirriborroak taldearen iragana, oraina eta geroa islatzen jarraituko du Ondarroan.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
HITZALDIA
HITZALDI ZIKLOA
LEA-ARTIBAI, - 2008-11-21
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.