
KALITATEA, ERRALDEKA
Ekonomia
Urtebeteko ibilbidean helburuak bete eta gainditu ere egin ditu Erralde Hiltegia sozietate publikoak, «kalitatearen apostuagaz».
maribi ugarteburu
Joan den otsailaren 12an bete zen urtebete Erralde Hiltegia sozietate publikoa eratu ostean atzera ere Durangoko abere hiltegia martxan ipini zutenetik. 2005eko itxierari buelta eman eta «kudeaketa modu berrituagaz» ekin zioten beharrari. Orain, lehenengo balantzeak egiteko ordua da: lehen hamabi hilabeteetan 6.400 buru hil eta «era tradizionalean landuta» merkaturatu dira Erralde hiltegiaren bitartez.
«Hasieran ipini genuen helburua gainditu egin dugu», dio Jabier Azpitarte Erralde sozietate publikoko Administrazio Kontseiluko presidente eta Berrizko alkate denak (Berriz, 1959). «Hilean 300 bat burugaz hasi eta poliki-poliki hileko 500era ailegatzea zen urteko helburua. Lehenengotatik hasi ginen 400etik, eta aurtengo martxoan hiru buru baino ez zaizkigu falta izan 600era iristeko», laburbildu du.
Hiltegia bera berriro martxan jartzea zen lehen helburua, baina hasiera-hasieratik hori baino gehiago lortzen diharduela Erraldek azpimarratu du Azpitartek: «Sektoreari eskua luzatu zaio, merezi dituen prezioak izateko, eta gure okelak merezi duen aukera edukitzeko».
Prezioak agerian
Hiltegiko atarian, arbel batean idazten dituzte hilaren hasieran hilabete horretan ganaduzaleari ordainduko zaizkion prezioak. Apirilekoak honakoak izan dira: txekorra 4,66 euro kiloa; urrixa 4,86 euro eta behia 3,62.
Azpirago, berriz, bidoltsarentzako eskaintzen dituzten prezioak datoz, urte garaika sailkatuta. «Bizkaiko bildotsaren aldeko apostu gogorra egin dugu. Hainbat artzainekin hitzarmena egin genuen euren produkzio osoa erosteko: 3.000 bildots. Prezioak aldez aurretik lotu genituen. Erraldetik bertotik landu dugu merkaturatzea, 40 harategigaz eta hainbat txoko eta jatetxegaz. Arriskua hartu genuen, soberan geratzen baziren bildotsak geuregan hartu behar genuelako galera, baina pozik esan dezakegu ondo atera dela apustua», dio Azpitartek.
Kudeaketa modua
Galera handiak pilatzetik eta zarratzetik zelan igaro diren egoerari buelta ematera galdetuta, Azpitartek hainbat arrazoi aitatu ditu: «Gestio mailan, behargin kopurua gure lanaren tamainara egokitu da. Lehen hamazazpi langile ziren, eta orain darabiltzagun abere kopuruak maneiatzeko, berriz, zazpi ganadu-hiltzaile daude».
Hortik aparte, uraren erabilpenean ere galerak eragoztera jo dute. «Baina, horrez gain, Erralderen inguruan mugitzen diren alde guztiak: langile, harakin, baserritarrak... guztiak inplikazio eta gogo baten inguruan elkartu gara. Produkziotik kontsumora doan bidean gaude denok, eta denon arteko oreka bilatzea da gure helburua. Alde batek dagokion etekina baino gehiago ateratzen ahalegintzen bada, beste alde bati eragingo dio kaltea. Orain arte horixe pasatzen zen, ekoizlearen kalterako. Erralderen egiteko modua oreka horren bila doa, denon onerako».
Ganadu nagusia ere bai
Erraldekoek kontsumo ohituretan ere eragin nahi dute. «Ez genuke ahaztu behar nondik gatozen». Txahal gaztearen okela nagusiarena baino hobea denaren ustea «hautsi» nahi dute. «Hemen beti 14-16 hilabetegaz ere ganadu nagusia hil izan da, eta behi onaren okela ere orain daukan desprestijio horretatik atera nahi dugu, badaukalako bere tokia», azaldu du Erraldeko presidenteak.
Txahal okelatik txuleta, azpizuna eta xerra bakarrik kontsumitzeko joerari ere aurre egitea planteatzen dute: «Ezin da kanalean 310 kilo okelatik 50 kilo azpizun eta txuleta atera. Eta beste guztia zer? Berrikuntza moduak pentsatu behar dira beste atalak ere errazago merkaturatu daitezen. Badaude harakinak horretan oso ondo dihardutenak, eta guk jenero onenagaz hornitzen ditugu ».
Era tradizionalean hilda
Abereak larrutu eta hiltzen diren gelatik, hozkailuetara, aldameneko gela batean barrunbeak (gibel, giltzurrun...), eta tripakiak. Sorta bakoitza bere etiketagaz, dagokion harakinaren datuekin. Zintzilik, sekulako abere piezak...
«Ez da egongo inguru zabal batean horrelako abere ederrik», dio harro Azpitartek. Gaineko koipea eta giltzurrun inguruko gantzak ere ez dizkiete kentzen ganaduei hiltzerakoan. «Era tradizionalean lantzen dugu abere-hilketa».
Era industrialean koipe horiek denak eta buztana kendu eta gero pisatzen dute aberea, eta horrek esan nahi du «ganaduzaleari 60 bat kiloren balioa kentzen zaiola». Baina, kalitatearen aldetik ere, azpizuna ontzeko garaian eta okelaren geroko samurtasuna bermatzeko, betiko eran koipeaz babestuta kamaran gordetzea dela egokiena deritzo Erraldeko ordezkariak.
Erralde sozietatetik, Erralde Fundaziora
Hamalau udalek osatzen dute Erralde sozietate publikoa, eurak dira bertako akziodunak. Tartean, Lea-Artibaiko lau daude: Amoroto, Aulesti, Ispaster eta Mendexa. Guztiek osatzen dute Batzar Orokorra, eta bertako ordezkaritza iraunkorra, berriz, Administrazio Kontseiluan batzen da.
Beste pauso bat ematekotan dira laster, hala ere: «Orain daukagun egitura juridikoagaz ez da posible auzoetako kofradiek, harakinek edo eta baserritarren ordezkariek berton zuzenean parte hartzea. Horregatik, laster Erralde Fundazioa eratuko dugu, eta elementu horiek guztiek bertako patronatuan hartu ahal izango dute parte».
Hiltegiaren kudeaketa hutsetik harantzago, Fundazioaren bitartez I+G+i politika aurrera eroatea da euren asmoa. «Gu nekazaritza eta abeltzantzaren politika bat eroaten gabiltza, harakin, sindikatu eta baserritarrekin batera. Sinergia guztiak batzeko eta bide berriak ikertzeko gune egokia izango da Fundazioa. Ganaduaren elikaduraz, okela merkaturatzeko produktu elaboratuen bideaz edo ekoizle zein harakinen formazioaz lan asko egin ahal izango dugu».
Hiltegi berria, Berrizen
Hiltegi berria egiteko lurrak erosita eta birkalifikazio prozesua martxan daukate. Eraikuntzako proiektua diseinatua dago, eta adjudikaziorako prest. «Dirua ere badaukagu, hiru banketxeren artean hamabi milioi eurotako mailegua onartu digute: sei Ipar Kutxak, eta hiruna Euskadiko Kutxak eta BBVAk», argitu du Azpitartek. Momentuz, ez dute jaso erakunde publikoen aldetik diru laguntzarik egitasmo berri honi ekiteko.
Obrak hasi eta hamabi-hamahiru hilabetean uste dute prest izango dela hiltegi berria. 2009aren barruan ipini dute data. «Durangoko Hiltegiak orain dela zazpi bat urte hiltzen zuen abere kopururako prestatuko dugu eraikina; urtean 10.000 bat bururako». Oraingo eraikinean mugatuta daukaten zatikatze eta ontziratze atalak ere sartuko dira hiltegi berrian. «Ez da izango makro-hiltegi bat, baina eraikin berriaren ondoan lur erretserba bat gordeko dugu, etorkizunean lekuz itota geratu ez dadin».
Txahal, behiki eta bildots zein antxumeekin jarraitzeaz gain, txerriak ere hilko dituzte Berrizko hiltegi berrian.
Erakundeen onespenaren zain
«Erraldek urtebeteko ibilbidean beti eman dio bere berri bai Foru Aldundiari eta baita Jaurlaritzari ere. Badakite zertan ari garen», azaldu du Berrizko alkateak. «Oraindik ez dugu erakundeetatik diru laguntzarik jaso, baina ziur gaude izan beharko ditugula, baldintza guztiak betetzen ditugulako eta sektorean eragin onuragarria duelako Erraldek».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
IKASTAROA
Dantza Garaikide ikastaro trinkoa
MARKINA-XEMEIN, Uhagon kulturgunea - 2008-10-10
JAIA
IJUIKE Egune - Urriak 12
AULESTI, Aulesti - 2008-10-12
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.