
«Oso ondo» baloratu dute ELAk eta LABek jendearen erantzuna
Maiatzaren Lehena
Sindikatu abertzaleek aldaketa sozialerako deia egin dute ekimenetan, langileen eskubideak ikur.
larraitz ibaibarriaga
Han eta hemen, milaka lagun atera dira kalera Maiatzaren Lehenean sindikatuen deialdiekin bat egin eta beharginen eskubideak eta gizarte justizia aldarrikatzeko. Bilbon Euskal Herri sozialagoa eskatu zuen ELAk. Iruñean Euskal Herri gorria aldarrikatu zuen LABek.
11:30ean hasi zen ELAren ekitaldi nagusia. Gizarte justuago baten aldeko aldarria egin zuen sindikatuak, langileen lan baldintzak duinak izatearen aldeko mezua zabalduaz. Milaka lagun ¬500dik gora Lea-Artibai, Busturialdea eta Mutrikutik joandakoak eta sei mila denetara sindikatukoaren arabera¬ batu ziren Jesusen Bihotzaren plazan, Jose Elorrieta idazkari nagusiaren eta Adolfo Muñoz idazkari nagusiaren albokoaren berbaldia entzuteko. Motelaldi ekonomikoaren harira, krisi garaietan gobernuek enpresaburuei ¬«diru gosez jokatzen dutenei»¬ laguntzen dietela kritikatu zuen Muñozek.
Gasteizko Gobernuari kritika
Jaurlaritzaren kontra berba egin zuen Elorrietak. Lehiaren Defentsarako Auzitegiaren bitartez sindikatuak isilarazi nahi izatea, eta bide batez, merkataritza arloko multinazionalak indartzea egotzi zion ELAren idazkari nagusiak. «Konpetentziaren izenean nahi dutena da justu kontrakoa: konpetentzia desagertzea, enpresa txikiak ixtea».
Ostean, manifestazioa egin zuten ELAren jarraitzaileek Bilboko kaleetan. Joseba Zamakola Lea-Artibai eta Busturialdeko ELAko arduradunari jendeak deialdiari emandako erantzunaren gainean galdetuta, «oso ondo» bategaz erantzun zuen. «Bost autobus etorri gara Lea-Artibai eta Busturialdetik, baina horrez gain, pilo bat jende etorri da bere kabuz», zioen, manifestazioan zihoala.
Barakaldoko BECen egindako bazkariagaz amaitu zituen sindikatuak Maiatzaren Lehenerako antolatutako ekimenak. Han, lau mila bat lagun batu ziren.
Aldaketa soziala eta politikoa eskatu du LABek
LABek Iruñea aukeratu zuen ekitaldi nagusia egiteko. 10:00etan abiatu zen harantz autobus bete jende Ondarroatik, eskualdeko jendea bildu ostean.
Golem zinemetatik 12:00etan atera ziren manifestazioan, Gaztelu Plazaraino, Langileok aldaketa eragin. Gora Euskal Herri gorria! jartzen zuen pankarta aurrean. Sindikatuko arduradunen esanetan, bost mila lagunek egin zuten bat deialdiagaz.
Eskaerak eta jai giroa uztartu zituzten manifestazioan, eta besteak beste, batukada batek hartu zuen parte, eta hobetu beharreko egoerak parodiatu zituzten. Asko izan ziren Abiadura Handiko Trenaren (AHT ) kontrako oihuak ere. «Beharrean egoera gordinagaz bizi gara, eta gaurko eguna aldaketara dei egitekoa da», zioen, Jon Iñaki Alkorta LABeko Busturialdeko eta Lea-Artibaiko arduradunak, jendeak emandako erantzuna «ondo-ondo» baloratuaz.
Gaztelu Plazan egin zuen sindikatu abertzaleak amaiera ekitaldia, eta Rafa Diez idazkari nagusiak hartu zuen han hitza. Agur itxura eduki zuen Diezen berbaldiak, idazkari nagusi modura parte hartuko duen azkenengo Maiatzaren Lehena zen-eta atzokoa. Ildo horretatik, LAB osasuntsu dagoela eta etorkizunean, bera joaten denean ere, sindikatuak osasuntsu segituko duela azpimarratu zuen. Euskal Herriak aldaketa soziala eta bere eskubideen aitortza behar dituela aldarrikatu zuen Diezek.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
DEIALDIAK
Marmitako jana
BERRIATUA, Laka Erdi sagardotegian - 2008-09-29
DEIALDIAK
PODOLOGO ZERBITZUA
MARKINA-XEMEIN, - 2008-10-01
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: publilea@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.